Lurrikara Ekialde Hurbilean

Borroka bat etorkizuneko epidemien kontra

Turkian eta Kurdistanen egunero 30.000 lagun inguruk egiten dute ihes lurrikarek hondatutako eremuetatik. Agintariek milaka edukiontzi jarri dituzte etxerik gabe geratu direnentzat, baina horiek ere ez dira nahikoak.

Hiru emakume senideen berri jaso zain, Adiyamanen. SEDAT SUNA / EFE.
Istanbul
2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun

Sude Yetmis-i iruditzen zaio asteak pasatu direla Turkiaren hego-ekialdean lurrikara larri bat izan zenetik. Orduz geroztik, apenas lo egin duen, ehunka zauritu artatzen ibili baita Pazarciken (Kurdistan), Kahramanmarasko probintzian, lurrikarak kalterik handiena egin duen eremuetako batean. Hiri hartako erietxe publikoko erizaina da. «Lehen lurrikara izan zenean, gaueko guardian nengoen ni. Azkar erreakzionatu genuen, eta azkar atera ospitalean zeuden pazienteak», kontatu du Yetmisek. «Ezinean gabiltza. Hasieran, klinika koxkor bat jarri genuen kanpadenda batean. Gero, sendagai batzuk bukatu zitzaizkigun, eta arian-arian inprobisatuz joan gara. Orain iritsi dira errefortzuak», azaldu du. Yetmisentzat, ezinbestekoa izan da bere kideekin eta etorri zaizkien boluntarioekin koordinatzea, batez ere kanpadendetan tenperatura egokia egon dadin; izan ere, zeropeko tenperatura dute gauean. «Hotzak ez du batere laguntzen: hipotermia kasu asko ditugu», esplikatu du.

Lurrikarak jende ugariri eragin dionez, Yetmisek presio handia du lanean. Turkiako agintariek jakinarazi dute 80.000 lagun baino gehiago zauritu direla, baina Yetmisek dio nabarmen gehiago direla, kontuan harturik jende asko bestelako beharrengatik eskatzen ari dela laguntza: gaixotasun kronikoren bat duten pazienteak eta abar.

Ikusi gehiago:Desplazatuentzako epe luzerako laguntza eskatu du Gurutze Gorriak

Turkiako agintariek behin-behineko 77 ospitale sortu dituzte lurrikara izan den eremuan; nazioarteko erreskate taldeek, berriz, behin-behineko beste dozena bat artagune jarri dituzte ahalik eta biktima gehien azkar artatzeko. Lurrikarak eremu oso zabalean izan du eragina: hamar probintzia dira, eta 15 milioi biztanle baino gehiago daude han. Yetmisek erantsi du arazoak dituztela han bizi diren eta zaurituak suertatu diren iheslari batzuekin komunikatzeko. «Boluntarioen bitartez, itzultzaileak ere etorri dira, baina haiek ere ezinean dabiltza; asko lotarako lekua bilatzen laguntzen ari zaizkie errefuxiatuei; beste batzuk, berriz, atzerriko erreskate taldeei laguntzen dabiltza; horregatik, ezin ditugu egun osoan geurekin izan», esan du.

Hegazkin konpainiek hegaldi gehiago jarri dituzte etxerik gabe geratu diren biktimak handik ateratzeko, bai eta zaurituak beste ospitale batzuetara eramateko ere, eremu hura gainezka egon ez dadin. Egunean 30 bat mila lagunek alde egiten dute handik, dela hegazkinez, dela trenez, dela helikopteroz.

Behin-behineko bizilekuak

Hamar bat hiri handitan, milaka edukiontzi-etxe eraiki dituzte, etxea galdu duten milaka lagunentzat behin-behineko bizileku izan daitezen. Erakunde humanitarioak ere eskualde hartan bizi ziren milaka iheslari lekualdatzen ari dira. Kalkuluen arabera, Siriako eta eskualde hartako beste herrialde batzuetako bi milioi iheslari ingururi eragin die Turkiako lurrikarak.

Lurrikarak eragindako eremuan, agintariek 50.000 kanpadenda baino gehiago jarri dituzte etxerik gabe geratu direnentzat, baina ez da nahikoa. Eragina oso handia izan den tokietan, Hatayko probintzian adibidez, milaka familiak astebete daramate kalean lo egiten. Adituek agintariei ohar egin diete arriskua dagoela eskualde horretan epidemiak zabaltzeko, zenbait lekutan edateko urik eta garbitzeko tokirik ez dagoela eta. Lurrikarak eragina izan duen probintzietako bat Sanliurfa izan da, eta hango mediku elkargoko presidente Bulut Ezerrek ohartarazi du hotzarekin zerikusia duten gaixotasunak ere arriskutsuak direla oraintxe. «Kanpadendetan ez da komunik; hondakin urak ez dira biltzen, ezta zaborra ere. Jendea hondakinak erretzen ari da berotzeko, eta karbono monoxidoa arnasten ari dira etengabe», esan zuen prentsaurreko batean.

Tugce Ozdemir Hatayko boluntario bat da, talde feminista bateko kidea, eta hark ere ohartarazi du komun eta higiene faltagatik gernu infekzioak eta bestelako patologia batzuk agertzen ari direla emakumeen artean. «Herrialdeko beste toki batzuetatik fardel, konpresa eta paper zapi busti asko bidali dizkigute. Behar hori betetzeko nahikoa badaukagu, baina bada beste premia bat estatuaren ardura dena eta bete gabe dagoena: ez dago komunik. Horrekin lotutako dozena bat infekzio kasu artatuak ditugu jada: oso garrantzitsua da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.