Eskoziaren independentzia. Angus B. MacNeil. SNPko diputatua Komunen Ganberan

«Barne eztabaida falta frustrazioa eragiten ari da alderdian»

MacNeil independentziarako B planaren egileetako bat da, eta «etsita» agertu da SNPren jarrerarekin, horri buruzko eztabaida blokeatu duelako: «Frustrazioa egongo da ez bada galdeketarako biderik egiten».

BERRIA.
ander perez zala
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren ezezkoaren aurrean, Angus Brendan MacNeil (Barra uhartea, Eskozia, 1970) SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren Komunen Ganberako diputatuak B plan bat proposatu du independentziarako, 2021eko maiatzaren 6ko bozei begira.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak ezetz erantzun dizue bigarren independentzia galdeketa egiteko eskariari.

Bere ikuspuntutik oso jarrera logikoa iruditzen zait. Johnsonek badaki hamalau inkesta daudela batak bestearen atzetik diotenak Eskoziak independentea izan nahi duela; hark gelditu egin nahi du eskoziarrei beren iritzia galdetzeko prozesua. Noski, Johnsonen antidemokratikoa da, izatez inperialista, Eskoziaren batasun boluntarioa delako. Johnson ezin da izan independentziari buruzko eztabaidaren protagonista nagusia. Horregatik aurkeztu dugu [Inverclydeko SNPko zinegotzi] Chris McElenyk eta biok plan bat jarrera horri aurre egiteko.

Bozei begirako plan bat da...

Ezin badugu galdeketarik egin herritarrei beren iritzia galdetzeko, [2021eko Eskoziako Parlamenturako] bozak erabili beharko genituzke independentziaz galdetzeko. Hori litzateke bozetako politika nagusia. Johnsoni galdera egin beharrean, herritarrei ezin diezaiekegu galdetu? Zuzenean joango ginateke erantzunaren bila, eta hauteskundeetan jasoko genuke erantzun hori.

Inkestetan [independentziaren aldeko jarrera] %58an dagoenez, ez genuke beldurrik izango hori egiteko. Badaude horretarako aukera asko, eta Johnsonek bere blokeoari eusten badio, eskoziarrek aukera izan behar dute hautetsontzietan iritzia emateko: galdeketa ala lau urteroko bozak.

Plana aurkeztu zenuten alderdiaren kongresuan eztabaidatzeko asmoz, baina zuzendaritzak bigarrenez blokeatu egin du. Nola sentitzen zara?

Etsita nago alderdiaren barne makineriarekin. Uste dut alderdiko kideek aukera izan behar dutela planaz eztabaidatzeko eta alde edo kontra dauden adierazteko. Oraintxe, ia perfektua den barrikada bat da bozei begira: Johnsonek ezetz dio, eta SNPren zuzendaritzak ezetz dio hautetsontziak hauteskundeetan erabiltzeari.

Hautetsontziak zaintzen jarraitzen badugu, Eskoziako herritarrek ez dute beren iritzia emateko modurik izango. Gauzarik errazena litzateke SNPk zuzendaritzaren jarrera blokeatzea, eta militanteek erabakitzea zer egin behar den, uste baitut ikuspegi horren alde egingo luketela.

Ez dago barne eztabaidarik?

Orain, oso gutxi. Barne eztabaida falta frustrazioa eragiten ari da alderdian.

Barne zatiketa handituko da?

Frustrazioa egongo da ez bada erreferendumerako biderik egiten. Diskurtso bera zen iragan urtekoa, eta beste modu bat behar dugu egoerari aurre egiteko. Beste ideia bat ez entzutea burugogorkeria modu bitxi bat da... Baina horrelakoa da bizitza; ez dago gizakia baino gauza bitxiagorik.

Sturgeonek datorren urteko bozen aurretik emango du bide orri baten berri. Zer espero duzu?

SNPn gauza asko ikus eta azaldu ditzakegu, baina haren estrategia bada Johnsonek baietz ala ezetz esatearen menpe badago, eta horrelakoa da, berehala jartzen dugu auzia beste norbaiten esku. Kasu honetan, Eskoziaren independentziaren aurkako baten eskuetan; horrela, itxura iluna dute Erresuma Batuak 30 Sekzioa [erreferenduma egiteko eskumena] berriz emateko aukerak.

Ez aurrera ez atzera egiteko egoeran geratuko gara datorren bost urteetan, eta hori ez da ona. Eskoziarren gehiengoak ez du gobernu tory [kontserbadore] baten alde bozkatu 1955etik, eta, halere, horrelako gobernu bat dugu.

Margaret Thatcherren agintean ere handitu zen toryekiko ezinegona.

Bai. Thatcherren gidaritzapean, toryek garrantzi handiagoa eman zioten norbanakoari, kolektiboari eta gizarteari baino. Eskozian ikuspegi ipartarragoa dugu, Finlandiaren, Suediaren, Danimarkaren, Norvegiaren, Islandiaren antzekoa; Ingalaterrak ikuspegi amerikarragoa du. Gizarte horietan garaileak eta galtzaileak dituzte, eta guk Eskozian denak garaileak izatea nahi dugu.

Katalunian 2017ko urrian egindako erreferendumaren antzeko bat aukeren artean dago?

Egoera desberdina da Espainian eta Erresuma Batuan. Espainiak dio batasun zatiezin bat dela, baina Erresuma Batuak ez du halakorik esaten. Kontua da ez garela iritsi behar Bielorrusiako egoera berera, non buruzagiek ez dituzten herritarrak entzuten. Herritarrei zer egin dezaketen esatearen ideiak ez luke tokirik izan behar demokrazia batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.