Elikagaien saskia, inflazioaren beherakadari muzin egiten

Jakien prezioak gehiengo historikoan daude oraindik ere Hego Euskal Herrian: %30etik gora garestitu dira olioa, esnea eta arrautzak aurten

inaut matauko rada
2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Energia produktuak merkatu izanaren eraginez, azken hilabeteetan inflazioa jaisten ari da gutxinaka, baina elikagaien saskiaren prezioa bereziki altua da oraindik ere, beste salgai batzuekin alderatuta. Azaroko KPIa %6,7an kokatu zen Hego Euskal Herrian; elikagaien kasuan, %15,4koa izan zen inflazioa.

Dena den, jaki bakoitzaren garestitzea ere ez da berdina izan azken hilabeteetan. Azukrea garestitu da gehien, alde handiz. 2021eko azarotik 2022kora %66,7 garestitu da. Espainiako Gobernuaren neurriak, halere, ez dio eragingo, eta azukrearen BEZak %10ean jarraituko du. Olioak ere asko garestitu dira, %32,1; besteak beste, Ukrainako gerraren eraginez ekilore olioaren munduko banaketa sisteman egon diren arazoengatik. Orain, Madrilek erabaki du produktu horren BEZa %10etik %5era jaistea, eta horrek arnas pixka bat emango die kontsumitzaileei.

Baina oinarriko elikagaien atalean sartzen diren jakien kasuan nabarituko beharko litzateke bereziki beherakada; zehazki, BEZ «oso murriztua» duten elikagaietan. %4ko zergapetzea zuten, eta orain kendu egingo dute. Esnearen prezioak, adibidez, %31,7 egin du gora azken urtean, eta esnekienak, %20,5. Arrautzak %30,3 garestiago daude orain. Horiei guztiei eragingo die erabakiak.

Karbohidrato iturri diren elikagaiak ere sartzen dira oinarrizko elikagaien saskian, eta horiek ere asko garestitu dira, zerealen munduko banaketan ere arazoak egon baitira. Prozesatu gabeko zerealak %20,6 garestiago daude; ogia, %16,9, eta patatak, %14,2. Barazki freskoak %15,3 garestitu dira, eta fruta freskoa, %8,9. Prozesatutako zerealek —pastak—, berriz, %10eko BEZa zuten, eta %5ekoa izango dute orain.

Haragiei ere %10ekoa ezartzen zaie, baina berdin jarraituko dute. Unidas Podemosek arrainaren BEZa murrizteko eskatu zuen bereziki, baina, azkenean, ez dute halakorik adostu. Arraina %10,7 garestitu da aurten, eta itsaskiek %12,4 egin dute gora. Gehien garestitu den haragia hegaztiena da, %14,7, eta txerrikiak %13,2 egin du gora. Behikia %12,8 garestiago dago orain, baina arkumea ez da ia garestitu, %1,2 bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.