Klima larrialdia. Ur mozketak

Urdaibai, ur premian

Aurtengo beroaldiek lehortea eragin dute, eta ur mozketak indarrean dira jada leku batzuetan. Urdaibain, herritarrek neurriak nabaritu dituzte: besteak beste, hondartzetako dutxetako hornidura moztu dute, eta gauez etxeko uraren presioa ere murriztu dute. Gainera, Bermeora ura itsasontziz garraiatzen hasi dira.

Hondartzetako dutxetako ura guztiz moztu dute Urdaibain, lehorte garaian ura aurrezteko; irudian, Sukarrieta hondartza, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU.
iraia vieira gil
Ibarrangelu
2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Laga hondartza (Ibarrangelu, Bizkaia) jendez gainezka dago; eguzkitan etzanda dauden gizon eta emakumeak, harearekin jolasean dabiltzan haurrak eta bainua hartzetik bueltatzen diren gazteak. Dutxak, ordea, hutsik daude, txorrotak ez baitu ur tantarik botatzen. Egoera berdina da kilometro gutxira, Laida eta Abiñako hondartzetan ere: erabiltzaile ugari, baina ur gezik ez. Udako beroaldiek eta lehorteak lehen ur mozketak eragin dituzte Urdaibain —Ipar Euskal Herrian ere zerbitzua murriztua dute 102 herrik—, baina, hondartzetara ez ezik, etxeetara ere iritsi dira neurriak.

Berez, Bizkaia urez hornitzen duten urtegietan ur asko dago: edukieraren ia %75ean dago, adibidez, Uribarrikoa (Araba), iazko aste berean baino beteago (ia %70). Urdaibai eskualdeak, baina, ez ditu urtegi horiek erabiltzen etxeak edateko urez hornitzeko, inguruko baliabide naturaletatik hartzen baitu txorrotako ura. Lehorteak arriskuan jarri ditu erreka horiek, eta Eusko Jaurlaritzak uztailaren amaieran ebatzi zuen Lehorteen Plan Berezia martxan jartzea.

Hala, ura aurrezteko eta Urdaibaiko biosfera babesteko neurri bereziak indarrean jarri dituzte azken egunotan. Horien artean, hondartzetako dutxetako ura moztea, herriko iturrietako ur hornidura etetea, eta 00:00etatik 06:00etara etxeko uraren presioa murriztea. Uztaila erdialdetik bestelako neurri batzuk daude indarrean Busturialdean, hala nola parkeak eta ortuak ureztatzeko, igerileku pribatuak betetzeko edota ibilgailuak garbitzeko debekua. Baina deigarriena da ura itsasontzi bidez garraiatzen hasi direla: egunero 2.300 metro kubiko ur eramango dituzte Santurtzitik Bermeora (Bizkaia).

«Inoiz ikusi dugun lehorterik gogorrena izan da hau», berretsi zuen bainulari batek atzo Lagan. Izerditan zegoen, bero likatsua gainetik kendu ezinik.«Ezin dutxatzea nazkagarria da, baina denok har dezakegu dutxa etxean». Are gehiago: «Zortea da hondartzan ur geza izatea. Mediterraneoko hondartzetan, adibidez, ez dago horrelakorik». Baina, hondartzan ez ezik, etxeko bizimoduan ere eragina dute mozketek, eta bizilagun guztiak ez daude pozik. «Uraren presioa murrizteak egunerokoan eraginik ez duela diote, baina nik garbigailua gauez jarri ohi nuen elektrizitatea askoz merkeagoa delako. Orain, ezin dut», kexatu da emakume bat.

Ordea, etxetresna elektrikoak gauez ezin jartzea ez da erabiltzaileak kezkatzen dituen kontu bakarra. «Iturrien kontua ere badago...». Udalak botoi bidez funtzionatzen ez duten iturrietako ura guztiz moztu du tenperaturak inoiz baino beroagoak diren garai hauetan. «Bero honekin hidratatu beharra dago, ezin gara urik gabe egon», salatu du andreak. Beste bainulari batek, berriz, uste du iturriak ez direla «behar bezala» erabiltzen: «Jendeak bainujantziak-eta garbitzeko erabiltzen ditu, eta ez dira horretarako».

Konponbide bila

Edonola ere, murrizketa horiek ez dira nahikoak izango lehorteari aurre egiteko, Bizkaiko Ur Partzuergoaren ustez, eta ezohiko neurri baten bidez ari dira azken egunotan ur hornidura ziurtatzen Urdaibain: Santurtziko Portutik Bermeora itsasontziz ari dira edateko ura garraiatzen. Urri erdialdera arte, ontziak 2.300 metro kubiko eramango ditu egunero, eta eguneko 23 litro ur gehiago eskuratuko dituzte kontsumitzaileek. Bermeo, Mundaka, Sukarrieta eta Busturia hornituko ditu urez itsasontziak.

Epe luzerako konponbidea, ordea, konplexuagoa da, eta eztabaida ugari eragin ditu eskualdean. Izan ere, partzuergoaren asmoa da hamabost kilometroko hodi handi bat sortzea, ura Gernikako ur biltegitik Bermeora garraiatzeko. Obra 2025erako amaitzea espero du, eta 44 milioi euroko kostua izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.