Albistea entzun

Kamioilariek zamalanak egiteari utziko diote

Garraiolarien eskakizun «historikoa»izan da: irailaren 3tik aurrera, zenbaitek ezingo dute legez zamalanik egin. Enpresen presioei aurre egiteko, orain legea baliaraztea da lehentasuna. Badute aitzakiarik hala izateko: 6.000 eurorainoko isunak. «Gure gain har ditzakegun? Ez», dio Tradisnako presidenteak.
Behargin bat zamalanak egiten, Erriberabeitiako Arasur plataforman.
Behargin bat zamalanak egiten, Erriberabeitiako Arasur plataforman. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Julen Otaegi Leonet -

2022ko abuztuak 30

«Zamalanak ez dagozkie garraiolariei. Ohituraz egin izan dituzte jardun horiek», utzi du argi Jon Altuna Hiru Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen Sindikatuko komunikazio arduradunak. Ohiturena eufemismo bat da, Juan Maria Altuna Tradisna Nafarroako Garraiolarien Elkarteko presidentearentzat; «inposizio» bat da salgaiak deskargatzearena. Hitz bat edo beste erabili, biak ala biak bat datoz: «aldarrikapen historikotzat» jotzen dute zamalanak garraiolariek ez egitea.

Luzaroan itxaron behar izan dute, baina atzerako kontaketa amaitzear da. Irailaren 3az geroztik, gutxienez 7,5 tonako gehieneko masa baimendua duten kamioietako gidariek ezingo dute legez zamalanik egin. Joan den martxoan onartu zuten Lurreko Garraioa Antolatzeko Legearen moldaketa, eta sei hilabeteko luzapena aurki amaituko da.

«Ez dakit nola egingo duten». Tradisnako presidentearen arabera, oraindik «ezer gutxi» egin dute enpresek behar izango dituzten zamaketariak prestatzeko. Kamioilariek intentzio gutxi ikusten diete enpresei, eta beldur dira legea «paper erre» bihurtuko den. Irtenbideak erraza dirudi. Lan horiek ezin badituzte garraiolariek egin, enpresek langile gehiago kontratatu beharko dituzte.

Hiruko komunikazio arduradunaren ustez, beste arazo bat ere bada horretan guztian: gidarien beldurra. «Askorentzat zaila da salgaiak deskargatzeari uko egitea, beldur direlako lana galduko ote duten». Zehaztu duenez, sektore «oso lehiakorra» da garraiolariena, eta «edozertarako prest» izaten dira.

Egoera horretaz baliatzen dira enpresak, kamioilariek egin ditzaten zamalanak. «Handiak txikiari egiten dion presioa da», azpimarratu du Tradisnako presidenteak. «Ez dugu izan modurik praktika horiek salatzeko. Orain, legea gure alde dago, hori gauza bat da; bestea, benetan balio izatea. Gure esku dago betearaztea. Bestela, sobera ditugu bai arauak, baita legeak ere».

Isunak

Horretarako, azaldu du gidariek ahal dutena egin beharko dutela legea hautsi ez dadin. «Lehen unetik esan behar da ezetz». Harago joan da: bai enpresa bera, bai zamalanak egiten dituen gidaria salatu behar badira, birritan pentsatu gabe egin beharko litzateke. «Sektorea duindu nahi dugula erakusteko aukera dugu».

Izan ere, irailetik aurrera kontu handiagoz jokatu beharko dute denek. Arau hauste oso larria izango da gidariek zamalanak egitea aipatu kasuan. 4.001-6.000 euroko isunak aurreikusten ditu legeak, eta haren erantzule izango dira garraioan parte hartu duen eragile guztiak —kamioilaria, kargatzaileak, igorlea, bitartekaria zein hartzailea—.

«Isunak gure gain har ditzakegun? Ez». Hitz bakar horrekin laburtu du Tradisnako presidenteak isunen larritasuna. «Pentsa 400 euro kobratuko dituzun bidaia batean 4.000ko isuna jartzen dizutela».

Datu bat ere eman du: egunean 650-700 euro fakturatu behar ditu garraiolari batek errentagarri izateko. «Hori da fakturatzen duzuna. Gaur egun, erdia erregaitan gastatzen da. Gehitu bidesariak, dietak, soldatak, amortizazioak... Zer geratzen da sobran? Nola ordainduko duzu halako isuna? Hilabeteetako lana behar da isun horiek ordaintzeko», gehitu du.

Halere, badira salbuespenak gidarientzat. Ondorengo kasu hauetan egin ditzakete zamalanak: etxe aldaketak, isurkaritako kamioiak edo garabiak gidatzea, ibilgailuen garraioa, pertsona batek maneiatu ditzakeen paketeena, eta animaliena, besteak beste.

Itxaronaldiak kobratzea

Zamalanak ez dira erregulatu diren bakarrak. Aurrerantzean, kamioilariek kalte ordainak kobratu ahalko dituzte zamalanek ordu bat baino gehiago irauten badute —orain arte bi ordutan zegoen muga hori—. Tradisnako presidentearen arabera, ezer gutxirako balio dute kalte ordainek: «Ez zara kalte ordain horiek kobratzetik bizi. Nik nahi dudana da jendea eraginkorra izatea bere lanean».

Beste arazo bat ere gehitu du: «Zenbatek kobratzen dituzte? Oso gutxik. 'Jo, agian bezeroa galduko dut; jo, agian...'».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Etxe bat eraikitzen, Iruñean, artxiboko irudian. ©Idoia Zabaleta / Foku

Nafarroako ekonomia %4,3 hazi zen 2022. urtean

Iker Aranburu

Kontsumoaren eskutik, urteko azken hiruhilekoan berriro bultzada izan du barne produktu gordinak, %0,8 hazkundearekin.

Zamaketariak eta portuko beste langileak Baionako portua blokeatzen, atzo, Tarnosen. ©PATXI BELTZAIZ

Erretreten erreformaren aurkakoek Baionako portua blokeatu dute

Iker Aranburu

Erretreta gibelatzeko proiektuari buruzko eztabaida astelehenean hasiko da Frantziako Asanblean

LABek  elkarretaratzea egin zuen azaroan, Adegiren egoitzaren atarian. ©Jon Urbe / Foku

Lehen bilera Gipuzkoako metalgintzan

Irune Lasa

Sindikatuek langileen erosahalmena bermatzeko adinako soldata igoerak nahi dituzte.

Urteko azken hiruhilekoan 9.000 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian

Urteko azken hiruhilekoan 9.000 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian

Jokin Sagarzazu

Bereziki zerbitzuen sektorean nabaritu da: 22.700 langile gutxiago daude. Industriak eta eraikuntzak eutsi egin diote, eta enplegua sortzen jarraitu dute.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.