Maite Elizondo.
Koronabirusa. PSIKOLOGIA PENTSALDIAN

Berpiztu

2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Sua: indarra, argia, berotasuna, babesa. Erredura, mina, haserrea, suntsipena.

Testuinguruaren arabera, indarraren eta baikortasunaren edo minaren eta ezkortasunaren adierazle izan ohi da sua. Halaxe sentitu gara askotan azken urte luze honetan: batzuetan kementsu, besteetan etsituta, gogotsu nahiz lur jota.

Atzoko gauarekin, ordea, sinbolismo berpiztagarriarekin dantzatzen dugu suaren inguruan Euskal Herriko herri eta auzoetan; iluntasunari aurre eginez argiaren garaipenaren esanahiarekin. Suaren gainetik jauzi egitea zailtasunak gainditzearen nahiarekin lotu ohi dugu.

Sinesmenak sinesmen, errituak erritu, interesgarria izan daiteke udari ateak ireki dizkiogun honetan hausnarketari ere tartetxo bat eskaintzea: zer ikasi dudan; zerekin nagoen harro eta zertan ez dudan asmatu. Aurrekoa berreskuratzeko ahaleginean itsutu baino, berreraikuntzaren aukera eskainiz norberaren buruari, aurrerantz begiratuz, haize goxoa sentituz.

Egoera zailei aurre egiteko dugun gaitasuna erakutsi diogu geure buruari; nahiz eta samurra ez izan eta gehiegitan ziurgabetasunak psikologikoki estutu, oztopo asko gainditu ditugula badakigu. Egoera epidemiologikoak arnasa pixka bat ematen digun honetan, garrantzitsua izan daiteke bizi izan ditugun milaka egoerei eta sentimenduei bidea erraztea, pentsamendu zirkular toxikoen sareetan eror ez gaitezen, jasandakoak digestio mental osasuntsua izan dezan, unean unekoari arreta jarriz. Begien aurrean dugun errealitatean aurrera ziurtasunez urratsak egin ditzagun, gertatutakoari eta sentitutakoari oroitzapenen artxibo mentalean lasaitasun karpeta bat eskaintzea ezinbestekoa da. Onuragarria izan daiteke 2020ko martxotik bizi izan ditugun beldur, tristura eta ezinegonei kanporatzeko bidea ematea. Idatziz, margotuz, dantzatuz, izerdituz, komunikatuz. Ekintza horiek COVIDaren ondorioz sor daitezkeen etorkizuneko min psikologikoak gutxitu ditzakete, enkistatu ez daitezen.

Noski, jaso ditugun sorpresa atseginak eta une goxoak gogoratzeak azken hilabeteetako errealitatearen irakurketa osatuagoa egiten lagun gaitzake: egokitzapenerako gaitasuna, komunikatzearen garrantzia, sozializatzearen onurak...

Biopsikosozialki jasan dugun talkak krisi emozional edo pertsonalak sor ditzake, haien aurrean betiere norabidea erabakitzeko aukera eskainiz. Exijentziak eta autoexijentziak zorrotzak izan diren garai honetan, aukera dezagun nola maitatu geure burua, erabaki dezagun nola maitatu elkar, errespetuz, asertibitatez, onartzeko prest ez gaudenari ahotsa emanez.

Piztu dezagun barne sua, barneko garraz balia gaitezen indar pertsonal eta emozionala mantentzeko, areagotzeko eta partekatzeko; lasaitasuna, maitasuna eta ardura kolektiboa elikatuz; eskuragarri ditugun aukerekin gozatuz.

San Joan eguna den honetan, Euskal Herriko txoko askotan esan ohi da: «Ona barnera, gaiztoa kanpora». Aukera ederra izan daiteke halako usadioak erabiltzeko, mina eragiten diguna kanporatzeko eta inguruan eta barnean dugun onaz gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.