Albo kaltea animaliak direnean

Gizakiei ez ezik, animaliei ere eragiten diete gatazka armatuek. Afrikako ugaztun handietan nabaritzen da gehien gerren pisua. Eremu babestuak hedatzea eta segurtasuna handitzea giltzarri izan daiteke.

Elefante bat Kenyako eremu babestu batean, artxiboko irudi batean. DAI KUROKAWA / EFE.
Juanma Gallego.
2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Afrikan, harribitxiak lau hanken gainean ibiltzen dira. Ez da metafora: Big Life fundazioaren arabera, merkatu beltzean 1.600 euro inguru ordaintzen da boli kilo bakoitzeko. Errinozero baten adarra are preziatuagoa da: 40.000 euro kiloko. Ehunka kilo haragitan eta arima batean txertatuta dauden harribitxiak dira, beraz. Hala izanda, erraz ulertzen da isilpeko ehiztariek altxor ibiltari horiek eskuratzeko darabilten grina.

Bake garaian nahiko erraza da halako animalia dotore bat akabatzea, baina gatazka armatuak zabaltzen direnean, are errazagoa. Asteazkenean Nature aldizkarian Joshua Daskin eta Robert Pringle ikertzaileek zabaldu duten txostenak egoeraren tamaina erakutsi du. Afrikako gatazka armatuek eremu babestuetako belarjaleetan izan duten eragina zenbatu dute zientzialariek. Orotara, 253 populazio aztertu dituzte. 1946. eta 2010. urteen artean jasotako datuak baliatu dituzte ikerketa egiteko. Tarte horretan, parke naturalen %70ek jasan dituzte gerrak. Egileen esanetan, gerra da basapiztien populazioan eragin handiena duen faktorea.

Yaleko Unibertsitateko (Ameriketako Estatu Batuak) ekologo Joshua Daskinek BERRIAri posta elektronikoz azaldu dionez, itxaropenerako bidea badago. Mozambikeko Gorongosa parkean gertatutakoa jarri du adibidetzat. «1977 eta 1992 bitartean izandako gerra zibilean, ugaztun handien %90 hil zituzten, baina fauna horren populazioa gerra aurretik zegoen egoeraren %80ra iritsi da orain. Naturari aukera eman zaio bere bidea egin dezan; hori izan da, batez ere, leheneratze harrigarri horren arrazoia». Ekologoak azaldu du Gorongosako parke naturaleko arduradunek ehunka ikasle eramaten dituztela parkera, basabizitzari buruzko safari hezigarrietan. «Inguruetako nekazariei laguntza ematen diete, eta programa medikoak ere garatzen dituzte. Laguntza sozioekonomikoa emateak basapiztiak ehizatzeko beharra gutxitzen du».

Daskinek uste du gatazken ondorengo eremuek «potentzial handia» daukatela fauna leheneratzeko. Ekoturismoaren garrantzia azpimarratu du. «Elefanteek, bufaloek, zebrek, ñuek eta beste antilope espezie askok garrantzi ekonomikoa dute. Saharaz Hegoaldeko hamalau herrik urtero 140 milioi dolar baino gehiago eskuratzen dituzte soilik parkeetarako sarrerak direla eta; hori guzti hori, gainera, basapiztiak ikustera doazen turistek egiten duten gastua kontuan hartu gabe».

Luis Arranz biologoa ez da hain baikorra, eta egoera txarrera doala uste du. «Azken urteetan konturatu gara orain arte lan egiteko izan dugun sistemak ez duela balio». Urte asko eman ditu adituak Afrikako parke nazionalen kudeaketa lanetan. Ikasketak bukatu zituenean, 2CV auto zaharra hartu, eta Saharako basamortua zeharkatu zuen. Ekuatore Ginean, herrialdeko lehen parke naturalaren sorreran parte hartu zuen. Zakoumako (Txad) eta Garambako (Kongoko Errepublika Demokratikoan) parkeak zuzendu ditu. Orain Dzanga Sanghako parkea kudeatzen du, Afrika Erdiko Errepublikan. Handik hitz egin du BERRIArekin, telefonoz.

«Parkeen bitartez kontserbazioa sustatzen saiatu gara, eta esan dezakegu urte luzeetan lortu egin dugula. Baina 2007an isilpeko ehiza berriro ere agertu zen; batez ere, elefanteak eta errinozeroak egon dira ehiztarien jomugan. Bereziki, elefanteak gutxitu dira gehien».

Egoerari aurre egiteko ezinbestean armak erabili behar direla uste du Arranzek. «Horrez gain, tokiko komunitateei laguntza eman behar zaie, eta errepideak, ospitaleak eta halakoak eraiki behar dira, noski. Baina guardia armatuak behar-beharrezkoak dira. Isilpeko ehiztariak armatuta etortzen dira, eta guardiak hiltzeko prest daude. Nolatan joango dira, ba, armarik gabe?».

Gerrak eragozteko bidea

Ongi daki zertaz ari den. Zakoumako parkean bederatzi guardia galdu zituen, isilpeko ehiztarien aurka borrokan; Garamban, beste 27. «Inori ez litzaioke bururatuko arma edo droga trafikatzaileen aurka poliziak armarik gabe ibiltzea. Bada, ezin ditugu parkeak defendatu ideiak edo asmo onak bakarrik erabilita».

Nature-n argitaratutako ikerketaren haritik, ideia bat azpimarratu du biologoak: parkeetan segurtasuna handitzeak gerrak eragozteko bidea emango luke. Garamban gertatutakoa jarri du adibidetzat. « Joseph Kony izeneko zoro batek gidatutako LRA Jainkoaren Erresistentziaren Armada sartu zen hara. Seguruenera, gu ondo prestatuta egon izan bagina, ez genion utziko bertan ezartzen. Baina, ezin genuenez ezer egin, hantxe geratu zen. Hasieran esaten zuen ez zuela animaliarik hilko, baina laster hasi zen elefanteak hiltzen, bolia eskuratzeko eta, horren bitartez, arma gehiago erosteko».

Gerrek faunan duten eragina nabarmena dela berretsi du biologoak. «Ez gerrak direla-eta zuzenean hiltzen direlako, baizik eta guardiek ezin dutelako lanik egin. Soldaduek animaliak hiltzen dituzte, horiekin elikatzeko, eta, elefanteak egonez gero, boliaren bitartez dirua lortzeko. Inguruetako jendeak ere probetxua ateratzen dio egoerari, eta animaliak ehizatzeari ekiten dio».

Egoera hain zaila ikusita, agerikoa da galdera hau: Afrikangarapen ekonomikoa eta kontserbazioa bateragarriak izango al dira etorkizunean? «Noski, badago aukera garapena eta kontserbazioa batera egiteko», erantzun du Arranzek. Baina nabarmendu du eremu babestuak zabaltzea eta kontrolpean izatea dela bide bakarra. Hortik kanpo, zail ikusten du basapiztien eta gizakien arteko bizikidetza. «Europan ez genuke onartuko beste herri batera joaten garenean lehoi batekin topo egiteko aukera izatea». Beraz, parkeetatik kanpo dauden basapiztia guztiak desagertuko direla uste du. «Hain justu, horregatik da hain premiazkoa parkeak ahalik eta gehien handitzea». Adituak uste du parkeen barruan ehiza eta nekazaritza guztiz debekatu behar direla. «Askotan argudiatu da jendeari parkeetan sartzen utzi behar zaiola, kanpoan ehiza akabatu dutelako. Parkeetan ere ehiza baimentzen badugu,hemendik urte batzuetara ez da ezer geldituko; ez kanpoan, ez barruan. Jendea berdin-berdin hilko da gosez, baina parkeek turismorako dakarten etekina eskuratzeko aukera izan gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.