Itsasoa ez den lakua, eta lakua ez den itsasoa

Kaspiar itsasoaren estatus juridikoari buruzko hitzarmena sinatu berri dute haren inguruko bost herrialdeetako gobernuek. Aspaldiko korapilo diplomatiko bat gainditzeko lehen urratsa da, baina ez dute oraindik finkatu nola banatuko dituzten lurpean dauden hidrokarburo baliabide oparoak.

Itsasoa ez den lakua, eta lakua ez den itsasoa.
Ivan Santamaria.
2018ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Izenak izana eman ohi duela jakina da, baina ez da beti horrela gertatzen. Begiratu bestela Kaspiar itsasoari. Bestelako ozeano eta itsaso batekin loturarik ez duen munduko ur masarik handiena da, eta Erdialdeko Asian dago. Lurrez inguratuta dagoenez, benetan itsasoa al da, edo, aldiz, laku handi bat baino ez? Galdera horren erantzuna dibertimendu hutsa baino zerbait gehiago da geografoentzat. Era batera edo bestera izendatzeak Kaspiar uren estatus juridikoa ezarriko du, eta, garrantzitsuena, baldintzatuko du nola banatuko diren etorkizunean lurpean dituen hidrokarburo baliabide oparoak.

Auziaren jatorria 1991. urtean jar daiteke. Ordura arte, Sobietar Batasuna eta Iran zeuden Kaspiar itsasoko kostaldean, eta jabetza erdi bana zuten bi herrialdeek. Sobietar Batasuna erortzean, ordea, errautsetatik beste hiru errepublika loratu ziren itsasertz horretan: Azerbaijan, Kazakhstan eta Turkmenistan. Garai bateko banaketak logika galdu zuen, eta bost gobernuek ia hiru hamarkada igaro dituzte itsasoa berriro partekatzeko formula baten bila, ezinean.

Eztabaidaren muina 370.000 kilometro koadro —Alemaniako tamaina baino apur bat handiagoa— dituen ur masaren izaera da. Itsasoa dela onartuz gero, 1982. urteko nazioarteko legedi bat erabili beharko litzateke. Horren arabera, herrialde bakoitzeko mugetatik lerro batzuk aterako lirateke itsaso barruraino, batzuk besteekin topo egiten duten punturaino. Hala, herrialde bakoitzak eskumena izango luke bere mugen barruan dagoen urpeko eta lurpeko baliabide oro ustiatzeko. Laku bat dela ontzat jotzen bada, berriz, bost zati berdinetan banatuko lukete. Bakoitzari %20 legokioke, kostaldearen luzera edozein izanik ere.

Formula bat edo bestea erabiltzeak irabazleak eta galtzaileak ekarriko lituzke, eta horregatik izan da horren zaila kudeaketa adostea. Iranen kasua paradigmatikoa da. Itsasoa dela onartzen bada, garai batean Kaspiar itsasoaren erdia beretzat aldarrikatzen zuen herrialde horrek soilik %13 kudeatzeko eskubidea izango luke. Ez da harritzekoa, hortaz, Teheranek ahal zuen guztia egin izana definizio horri trabak jartzeko.

Aldiz, Kazakhstan izan liteke irabazle handiena, ur azpian dauden hidrokarburoen parterik handiena bere mugen barruan geratuko bailitzateke. Eta beste herrialde batzuek ere badute zer irabazi. Turkmenistan eta Azerbaijan lotuko dituen gasbide baten proiektua aspaldikoa da. Bide horrek Erdialdeko Asiako hidrokarburo gordailu handiak Europarekin lotuko lituzke zuzenean, Turkiatik, Errusiatik igaro gabe.

Negozio oso tentagarria da. EIA AEBetako Energia Agentziaren arabera, 48.000 milioi petrolio upel daude Kaspiar itsasoaren azpian —Libian bezainbeste—, eta ia 300 bilioi oin kubiko gas dituzten erreserba frogatuak. Are gehiago, USGS ikerketa geologikoetarako AEBetako erakundeak kalkulatu du beste 20.000 milioi upel eta 243 bilioi oin gas egon daitezkeela oraindik aurkitu gabe. Bilioi euro asko dira egungo merkatu prezioetan.

Jabetza partekatzeko akordio faltak ez du esan nahi Kaspiar itsasoko baliabideak ukitu gabe daudenik. Iran ez beste herrialde guztiak, itsaso izaera aitortzen diotenak, gutxi gorabehera ados zeuden, eta bakoitza hasia da bere eragin eremutik hurbilen dauden esparruak ustiatzen. Horren erakusgarri da Kashagan petrolio plataforma erraldoia, Kazakhstanek orain dela pare bat urte martxan jarri zuena. Haatik, bakoitzak kontrolatzen duen eremu zehatzari buruzko akordio faltak itsaso barrualdeko prospekzioak eragotzi ditu. Sarritan, gatazka diplomatikoak sortu dira horren harira, mehatxu militar eta guzti.

Estatus bereziko ur masa

Auzia bideratzeko negoziazioek fruituren bat eman dute azkenik. Joan den abuztuaren 12an bildu dira bost herrialdeetako gobernuak, Kazakhstanen, eta hitzarmen bat sinatu dute eremu horretako estatus juridikoaren inguruan. Zer izango dira ur horiek, itsasoa edo lakua? Bada, ez bata eta ez bestea. Kaspiar urei «estatus berezia» aitortuko zaie.

Zer esan nahi du horrek? Funtsean, bi legedien arteko nahasketa egingo dela. Ur azalari dagokionez, herrialde bakoitzaren esku geratuko dira kostaldetik 22 kilometrora dauden urak. Gainerakoan, libre izango dute denek nabigazioa. Arautu dute, era berean, ur horietan ez dela onartukokanpoko herrialdeen presentzia militarrik; Errusiak eta Iranek propio bultzatu dute erabaki hori.

Ur azpiko baliabideei buruz, ordea, akordioak dio horren banaketa finkatzeko beharrezkoa izango dela ondoan eta aurrez aurre kostaldea duten herrialdeen arteko akordioa. Horrek esan nahi du baztertu egin dela proportzio berean partekatzeko aukera, baina bakoitzari zer zati dagokion zehazki erabaki gabe dagoela oraindik. Segur aski, Kaspiar itsasoaren iparraldea banatzea errazagoa izan daiteke, baina hegoaldea desblokeatzea, Iran dagoen eremua, orain arte bezain zaila da. Izenak ez dio, oraingoz, izana emango Kaspiar itsasoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.