Francisco de Roux. Kolonbiako Egiaren Batzordeko presidentea

«Deserosoak gara, Habanako akordiotik sortutako erakundea garelako»

De Rouxen arabera, gobernuak «errespetua» dio Egiaren Batzordeari, baina «konfiantzarik ez». Batzordeko buruak uste du «gobernuko alderdiari» ez zaiola eroso egiten «egia oinarri duen prozesu bat».

JON ARTANO IZETA.
Jon Artano Izeta.
Bogota
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Iazko azaro amaieratik lanean ari den arren, abiada azkartu du Kolonbiako Egiaren Batzordeak azken egunotan: FARCekin mahai tekniko bat sortu du iraultzaileek gatazkan gertatutakoaz egia osoa esan dezaten. Lehen elkarrizketa saio publikoa egin du, eta egoitza estreinatu du. Astebete pasatxo da Justizia Ministerioarena izandako eraikin gotor batera aldatu direla. Lekua atontzen diharduten beharginak eta batzordekoak, gehienak gazteak, harat-honat dabiltza korridoreetan.

Galdera deserosoak eginaz abiatu dute bidea, eta 2021eko hondarrean amaituko dute, txosten bat aurkeztuz. «Giza eskubideen urraketa larriak eta horien erantzukizun kolektiboak argitu, eta gatazka eragin zuten baldintzak eta testuingurua azaltzea» da Egiaren Batzordearen zeregina, «biktimen aitorpena eta bizikidetza sustatzeko». Egia judiziala barik, egia historikoaren bila ari da 400 laguneko lantaldea. Denen buru egiten du Francisco de Rouxek.

Urte erdi barrena da ofizialki lanean hasi zinetela. Inaugurazio ekitaldia oso handia izan zen, 2.000 gonbidatu inguru, baina Ivan Duque presidentea ez zen joan, presidenteordea ere ez, bakerako mandataria ere ez... Gatazka osterako kontseilaria baino ez zen agertu gobernua ordezkatuz. Eta berandu. Zer iruditu zitzaizun?

Beti sentitu izan dudana. Errepublikako presidentetzak eta gobernuak errespetua badigula, baina konfiantzarik ez. Deserosoak gara bake prozesuaren bihotzean gaudelako, Habanako akordiotik sortutako erakundea garelako. Gobernuko alderdiari, eta gobernuari berari, oso deserosoa zaie egia oinarri duen prozesu bat. Aurrekontua %40 murriztu digute...

Batzordeari informazio militarra ematearen aurka agertu zen indar armatuetako sektore bat. Traba hori gainditu al duzue?

Bai, batzordearen eskumena da estatuko edozein erakunderen informazioa eskuratu ahal izatea,eta, zorionez, ireki dizkigute artxiboak.

Egiaren Batzordeak unean uneko bataila politikoez haraindi aritu behar duela esan izan duzu. Dena dela, azken aspaldian bataila politiko hori Bakerako Justizia Bereziaren aurka egin dute bake akordioaren aurkako indarrek, gobernua buru. Horretaz ezin abstraitu, ala?

Bada... Bakerako Justizia Bereziak itzuri egin dio debate politikoari, argi eta garbi utzi dute zuzenbidea dutela beren esparrua. Eta guk ere ez dugu katramila politikoan nahastu nahi, politikariek jomugan hauteskundeak dituztelako. Dena dela Bakerako Justizia Bereziarekin harreman estu-estua dugu, erakunde hori ezinbestekoa da trantsizio justizia, justizia konpontzailea izan dezagun. Kolonbiako bake akordioa inpunitate negoziazioa izan zela inork senti ez dezan. Desagertuak Bilatzeko Unitateak ere zentraltasuna du guretzat, erakunde horiekin elkarlanean sortuko dugu egia historikoa, egia politikoa, eta egia etikoaren oinarria.

Iragan astean egin duzue lehen elkarrizketa saio publikoa zuen lana sozializatzen hasteko.

Bai, eragile publiko guztiak elkarrizketan jarri nahi ditugu, erantzun samurrik ez duten galderak eginaz: Zergatik erailtzen dituzte lider sozialak Kolonbian? Zer egin behar du estatuak hilketa horiek eragozteko? Zer lotura du paramilitarismoak? Zer lotura dute narkotrafikoak eta gatazkak?Nola kendu zizkieten zazpi milioi hektarea nekazariei? Herriak ikusten ditu arazo horiek. Kontua da kilometro bateko sakonera duten arazoak direla, eta 100 metrora iritsi orduko konturatzen direla auzia oso konplexua dela, eta interes ekonomikoak eta politikoak daudela tarteko. Esaten dute: 'Hobe honetaz hizketan segitzen ez badugu. Bego horretan...' Baina guk gaztigatzen diegu bere horretan utziz gero arazoa gaiztotu egiten dela. Horregatik segitzen dugu elkarrizketa askatzaile bat akuilatuz, eta biktimak jarriz ardatzean.

Nola jartzen dira biktimak ardatzean?

Haiei entzunez. Gure taldeko zati handi bat herrialdean barreiatuta dago biktimei entzuten. Egiaren Etxeak sortu ditugu, hogei Kolonbia osoan. Bizi izan dugun tragedia izugarria izan da. 280.000 pertsona baino gehiago hil zituzten gerran, eta 230.000 zibilak ziren. Bereziki da mingarria lider sozialen sarraskia. Joan diren hiru hamarkadatan 4.756 erail dituzte.

Habanako akordioan «egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzea» bermatzea adostu zen. Gatazka, baina, errepikatzen ari da. 2018an lider sozialen aurkako erailketak asko hazi dira, 200 inguru hil dituzte…

Beren herriak babestuz lehen lerroan zeuden pertsonak, nekazarientzat lurra exijituz, legez kanpoko meatzaritza salatuz, herri indigenen eta emakumeen eskubideak aldarrikatuz... eta orain hilda daude! Ezin duzue irudikatu ere egin zer litzatekeen Kolonbia Mario Calderon eta Elsa Alvarado bizi balira; Jose Antequera, Antonio Galan, Lucho Arango, bizi balira! Maistren eskubideen alde aritzeagatik alaba helduta zuela erail zuten Ana Cecilia Duque! Eta erail dituzten kazetariak eta buruzagi indigenak... tragedia erabatekoa da: gehien balio zuen jendea hiltzen dute. Zerk sortu zuen zurrunbilo hori? Zergatik? Horiek dira batzordeak erantzun beharreko galderak.

Bake prozesuaren aurkako jarrerek oso indartsu diraute. Zergatik dago, adibidez, lider sozialen heriotza axola ez zaionik?

Elkar hiltzeari utz diezaiogun lan egin dut 70eko hamarkadatik, eta barren-barrenean sentitzen dutgizabanakoaren balioa hustu egin zaigula. Egiazko krisi espirituala da; ez erlijiosoa. Herri gisara, eta norbanako moduan, dugun duintasunaren haustura. Eta ez da atzo goizeko kontua, 1998an Barrancabermejan apaiz nintzela jesuiton parrokiako 34 mutiko erail zituzten modurik ankerrenean. Hiletak egin genituenekoa ez zait ahaztuko. Iltzatuta geratu zitzaidan egun hartan sentitu nuen bakardadea. Non zen Bogota? Non hirietako jendearen babesa? Inor ere ez zen izan gure alboan. Egun gutxitara beste sarraski bat egin zuten gertuan 70 lagun baino gehiago erailez, eta handik gutxira beste bat Karibeko mendialdean... Kolonbiarrok 2.000 sarraski baino gehiago ikusi genituen telebistaz, Netflixeko pelikula bat balira bezala, eta herrialdeak ez zuen erreakzionatu.

Erreakzio hori gabe azaleratu al daiteke egia?

Guk aterako duguna ez da batzordekideon egia, herri osoarena baizik. Kolonbiaren egia erditzen lagunduko duten emagin sentitzen gara. Espainiako presidentearekin bildu ginenean han egiaren batzorde bat sortzeko dituzten zailtasunez aritu zitzaigun. Guk esan genion egiari ez zaiola beldurrik izan behar; aitzitik, egia ezinbestekoa dela herri moduan geure burua erreskatatzeko, geure burua ulertzeko. Orain hurrena, Tom Koenigs Alemaniako diputatu kementsuak berretsi zigun ustea. Kontatu zigun nola Alemaniak 40 urte egin zituen isilik, bere egia propioaren bila, 80ko hamarkadara arte. Sei milioi judu erail zituztela onartu zutenean hasi zela aldaketa. Autoestimua berreskuratzeko kriminalen gizarte bat izan zirela onartu behar izan zutela. Horrek ekarri ziela beren handitasuna berreskuratzea, eta bateratzea, eta kultur loraldia. Geuk ere geure egia onartu beharra dugu harrotasuna berreskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.