Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Ezjakintasunaren preso

2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
2020ko urtarrilaren hasiera. Urtea hasi berri genuen honetan, albistegietan Wuhanen lehen koronabirusaren kasuak entzuten hasi ginen. Berria; ezezaguna zen zerbait. Egunen joan-etorriarekin batera, kasuen gorakada nabarmenak aipatzen zituzten, baina urrun zegoen guretzako. Ez genuen, antza, segundo bakar batez ere pentsatu horren globalizatuta dagoen mundu batean gaitza berehala zabal zitekeenik.

Denborak aurrera egin zuen, eta, harekin batera, kasuen intzidentziak eta zabalkuntza mailak. Herrialde gehiago kutsatu ziren. Neurri gehiago hartzen zituzten pandemiari eusteko, baina hemen ez zen ezer aldatzen: bizimoduak, bidaiak... Denak berdin jarraitzen zuen. Jasotzen genituen datuek —gehiago edo gutxiago manipulatuta— gaitzaren kaltea horren handia ez zela adierazten zuten: soilik, adinekoei eragiten zien, eta, bereziki, gizonezkoei.

COVID-19a Italiara iristen ikusi genuen. Bertan neurriak hartzen ziren bitartean, baziren hainbat turista, birusak nazionalitateak bereiziko balitu bezala. Azkenik, honaino heldu zen arte. Sortu ziguten ezjakintasunaren preso, saldu ziguten segurtasun faltsuaren preso; alegia, gaitzaren larritasuna txikiagoa zela sinetsita, birusarekin lehen kontaktu horietan gizartea lasai zegoen. Joko hutsa zen askorentzat.

Ospitaleetan hasi genituen egunero bilerak; egunero protokolo berriak, eta protokoloetan hamaika aldaketa. Gaitz berri honen aurrean, ezagutza falta zegoen, eta etengabeko ikasketa prozesua izan zen. Zalantza dantza. Stocketan material falta, eta, haren eskutik, beldurra. Kolpetik iritsi zen konfinamendua. Kale hutsetan ezjakintasuna jaun eta jabe. Eta albistegietan, oraingoan bai: beldurra. Datuak han eta hemen; datu ezkorrak, eta beldurgarriak. Osasun hezkuntza egokirik gabeko sistema batek sortzen duen beldurra. Gauzak egoki nola egin erakutsi beharrean, beldurra hezurretaraino injektatu. Hori izan da gurekin egin nahi izan duten osasun zaintza. Egunean kalera birritan jaisten zen bizilagunari iseka, eta bizilagun arteko polizia lana. Osasun langilea den bizilaguna etxetik kaleratu.

Osasun langileei babes neurriak ez emateagatik, erantzukizunik eza agintariengandik, kale hutsak garbitzen zituzten militarrek ganorazko babes jantziak zituzten bitartean. Haren eskutik, ondorioak: osasun langile kutsatuak, eta hildako osasun langileak. Beste behin ere politikarien erantzukizunik eza, faltsukeriaz beteriko hamaika dolumin eta haien hanka sartzea. Hau da, osasun langile bat hiltzea «heroikotasun eginkizuntzat» hartzea, momenturen batean osasun langile horrek, pandemia gorian, babes neurririk gabe lan egitea erabaki izan balu bezala.

Birusa, akaso, gorputzean kabituko zaigu osasun langileoi, baina haserrea, ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.