Mendebaldeko Sahara

Polisarioak su etena hautsi osteko lehen kongresua abiatuko du gaur Dakhlan

Askapen mugimendu nazionalaren buruzagitzak ekintza militarrak areagotzea proposatuko du. 'Marocogate' auziak agerian utzi du Marokoko lobbyaren maniobrek baldintzatu dituztela eurodiputatuen erabakiak

MOHAMED MESSARA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun

Fronte Polisarioarekin bat egiten duten bi mila sahararretik gora elkartuko dira gaurtik asteartera bitarte askapen mugimendu nazionalaren ekintza plana eztabaidatu eta ildo politikoak finkatzeko. 2020ko azaroaren 13an su etena hautsi ostean egingo duten lehen kongresua da, eta gerrak zeharo baldintzatuko du lau urtetik behin egiten den topaketa. Kongresua Aljeriako errefuxiatuen kanpamentuetan egiteak, eta ez lurralde askatuetan, agerian uzten du saharar herriarentzat hain garrantzitsua den bilkura hau benetan salbuespenezkoa dela. Dakhlan egingo dute aurten topaketa, urrunen dagoen wilaya-n, basamortutik hegoalderago dagoena, lurralde askatuetan erortzen ari diren misil eta bonbetatik urrun.

 

Ikusi gehiago:«Agerian geratu da Marokoren funtzionatzeko era mafiosoa»

Bake prozesuaren eta diplomaziaren emaitza antzua aintzat hartuta, borroka armatua izango da hizpide nagusia, leloak berak aditzera ematen duenez: Okupazioa kanporatzeko eta subiranotasuna osatzeko borroka armatua areagotzearen alde. Kongresuan, hortaz, ekintza militarrak biziagotzea proposatuko dute; hau da, bonbardaketetatik harago, intentsitate txikiko gerrari beste norabide bat ematea. Idazkaritza nazionalak kongresuaren atarian zabaldutako komunikatuak berretsi egiten du saharar herriaren irmotasuna, bere lurraldea defendatzeko eskura dituen bitarteko legitimo guztiekin; borroka armatua barne.

Polisarioa eta Maroko higatze gerra batean ari dira 1991n adostutako su etena hautsi zenetik. Maroko Guerguerat eremuan sartu izanak eragin zuen ia hiru hamarkadako menia haustea eta gerra egoerara itzultzea. Marokok 1975ean okupatu zuen Mendebaldeko Sahara. Polisarioa gerran aritu zen, harik eta erreferendum baten promesaren truke menia sinatu zuen arte. Rabatek urteotan etengabe trabatu du bake prozesua, eta, duela bi urte, marra gorria zeharkatu zuen Guergueraten. Ordutik etengabeak dira erasoak eta bonbardaketak, eta hildakoak izan badira ere —bai militarrak, baita zibilak ere—, gerrak apenas duen oihartzunik.

Azken garaietan droneen gerraz hitz egiten da. AEBei, Israeli eta Turkiari erositako droneekin erasoak egin ditu Marokok, eta sahararrak ere droneak erabiltzekotan dira. Horren harira, Omar Mansur Barne ministroak jakinarazi du laster drone armatuak erabiliko dituztela harresian dauden okupazio indarren aurka.

Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren arteko gatazka artean Gerra Hotzaren parametroetan mugitzen da. Polisarioak Aljeriaren babes amaigabea dauka geopolitikari erreparatzen bazaio, eta nazioarteko aliantza sendoagoen desiran, tentuz begiratzen dio garai batean estatu koloniala eta gaur egun nazioarteko zuzenbidearen arabera oraindik potentzia administratzailea den herrialdeari. Espainiako Gobernua Marokorekin lerratu da, eta, datorren otsailean, goi mailako bilkura egingo dute bi herrialdeek.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Rabaten autonomia plana sostengatu zuen iaz, gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena» dela adierazita.

Abdula Arabi Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkariak jarrera historikoa aldatu izana eta neutraltasuna hautsi izana leporatu dio Espainiari. Ordutik armen esportazioa areagotu dela ere salatu du: «Espainiak 30 milioi euroren truke armak saldu zizkion iaz Marokori. Gerra egoera batean, estatuek saiatu behar dute gatazkan dagoen alderdietako bati armamentua ez saltzen, baina baita nazioarteko zuzenbidea errespetatzearen alde egiten ere».

Ataka zailean

Kongresua Fronte Polisarioaren sorreraren 50. urtemugaren atarian egingo dute. Askapen nazionalerako mugimendua 1973ko maiatzaren 13an eratu zuten, artean Mendebaldeko Sahara Espainiaren kolonia zenean, eta ordutik ataka zailak bizi izan ditu, erresistentzian irmo jarraitzen badu ere. Egungo egoera politikoa ere makurra da, isilarazitako gerra batean murgilduta eta bake prozesua erabat trabatuta baitago. Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko azken elkarrizketa ofizialak 2008an egin zituzten, New Yorken, eta Staffan de Mistura Mendebaldeko Sahararako NBEko ordezkari izendatu zutenetik, 2021eko azaroan, bide diplomatikoak ez du aurrerapausorik eman.

Aurtengoa, dena den, urte erabakigarria izan daiteke. Polisarioak asmatu egin du arlo juridikoan hartutako neurriekin, eta estrategia horrek behin betiko emaitza bat ekar lezake aurten. Datozen hilabeteetan ebatziko dute EBk Marokorekin duen arrantza akordioa behin betiko baliogabetu dezakeen errekurtsoari buruz.

EBko Justizia Auzitegiak bost epai eman ditu dagoeneko, eta ondorioa bera izan da denetan: EBren eta Marokoren arteko arrantza akordioa ezin da aplikatu Mendebaldeko Saharako uretan; hortaz, 2006tik indarrean dagoen hitzarmena legez kanpokoa da.

Europar Kontseiluak, nolanahi ere, azkeneko epaiari errekurtsoa jartzeko erabakia hartu zuen iaz —Suedia izan zen aurka bozkatu zuen estatu bakarra— eta, orain, baliteke Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiak arrazoia ematea beste behin Polisarioari; 2015ean abiatu zen prozedura juridikoari amaiera emango lioke modu horretan.

Diplomaziaren ustelkeria

Baliteke Marocogate auziak ere mugarri bat ezartzea; izan ere, agerian geratu da orain arte Marokoko lobbyaren maniobrek baldintzatu dituztela eurodiputatuen erabakiak. Marokok dirua baliatu du Europako Parlamentuaren erabakietan eragiteko, eta baita bozketa politikoetan beren interesen alde egiteko ere. Marokoko diplomaziaren ustelkeria sare hori ez da berria; are gehiago, ez da kontinente zaharrera mugatzen, ezta politikariak erostera ere; mundu osoko beste botere zirkulu batzuetara hedatzen da. Rabaten opariak, luxuzko bidaiak eta dirua jaso zutenen zerrenda luzea da. Espero da Michel Claise instrukzio epaile belgikarrak zuzendutako ikerketak argia emango duela bide horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.