Inflazioa

Kaxoitik atera dira guraizeak

Frantziako eta Espainiako gobernuek kendu egingo dituzte inflazioari aurre egiteko indarrean jarritako laguntza gehienak, defizitaren aurkako borrokari berriro heltzeko

Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroa eta Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroa, eurotaldearen bilera baten hasieran, irailean, Santiagon (Galizia). XOAN REY / EFE.
Iker Aranburu.
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Atzeraldi Handiaren lezioa ikasita, EB Europako Batasuneko gobernuek gastu publikoa handituz aurre egin diete COVID-19ak eta inflazioak emandako astinduei. Baina sukar keynestarrari muga jarri dio EBk, eta, 2024tik aurrera, berriro indarrean izango da aurrekontu publikoak orekatzeko agindua. Iritsi da gerrikoak estutzeko eta gastu publikoan guraizeak ateratzeko garaia, eta inflazioaren aurkako ezohiko neurriak bertan behera utziz erantzungo diete Frantziako eta Espainiako gobernuek.

Parisek ireki du dantza, 2024ko aurrekontu proiektua aurkeztuta. «Aurrekontua lehen urratsa da geure finantza publikoak onbideratzeko plan anbiziotsua bete ahal izateko», aldarrikatu du Bruno Le Maire Finantza ministroak. Iragarria zuen amaitua zela 2020az geroztiko politikaren leloa —quoi qu'il en coûte (kosta ahala kosta)— eta aurrekontu proiektuak promes hori bete du, baina neurri bateraino soilik. Elikagaien eta erregaien garestitzeak nahi baino tentu handiagoz jokatzera eraman dute Frantziako Gobernua. Horrela, lanera joateko autoa behar duten soldata apaleko langileek ehun euroren txekea jaso ahal izango dute heldu den urtean ere.

2024ko aurrekontu proiektuan 16.000 milioi euro gutxiago gastatuko dira, eta horietatik 14.400 milioi energia merkatzeko neurrietatik aterako dira. Uztailean amaitu ziren gasa merkatzeko laguntzak, eta 2024an iritsiko zaio txanda argindarraren gehienezko prezioari.

Ipar Euskal Herriko eta Frantziako familia gehienek TRVE tarifa arautua daukate, eta azken bi urteetan argindar ekoizpenaren prezioaren azpitik emendatu dira: %4 ziren 2021ean, %15 2023ko otsailean, eta %10 abuztuan. Igoerak igoera, tarifaren %37 artean bere gain hartzen duela gogorarazi berri du Agnes Pannier-Runacher Trantsizio Energetikorako ministroak. Parisek apurka-apurka utziko du zati hori herritarren kontu: otsailean gutxienez beste %10 igoko da faktura, eta 2024an zehar etengo da gehienezko muga.

Argindar asko erabiltzen duten enpresei emandako laguntzak ere bukatuko dira (4.400 milioi). Langabezia sariak murriztu dituen legeak 700 milioiren aurrezkia ekarriko du, eta diruz lagundutako kontratuak eta ikasketa kontratuak gutxitzeak beste 1.000 milioi.

Gastu berriak ere izango dira: 7.000 milioi ingurumen politiketan, soldata igoera bereziak irakasleentzat, 3.300 milioi gehiago defentsarako... Gastu gehigarri horiekin, gastu publikoa 8.000 milioi euro da jaistekoa guztira.

Defizita motel jaitsiko da

Aurten kaxoitik ateratako guraizeak hurrengo urteetan indar handiagoz erabiltzeko asmoa du Parisek, horrela bete nahi baitu defizit eta zor publikoak jaisteko konpromisoa. Gobernuaren aurreikuspenak betez gero, Frantziak %4,9ko defizita izango du aurten, eta %4,4koa 2024an. Aurrekontu proiektua ikusita, «baikorregia» iruditzen zaio helburu hori Finantza Publikoen Gorte Gorenari. Edonola ere, Frantzia izango da, haren planak betetzen badira, defizitaren %3ko muga eztabaidatutik behera geratuko den EBko azken kidea, ez baitu halakorik espero 2027 arte.

Horretarako, urtean 12.000 milioi euroren aurrezkia egin behar duela dio finantza publikoen programazio legeak, zeina atzo iritsi baitzen Frantziako Asanbleara. Helburu horren zati handi bat gastu publikoa kontrolatuz lortu nahi du —urtean 0,1 puntu baizik ez litzateke handituko 2027 arte—.

Espainian ere, aldaketak

Espainian jardunean dago oraindik gobernua, eta Pedro Sanchezek hura osatzea lortuta ere, asteak beharko ditu aurrekontu proiektu bat aurkezteko. Baina jada jarri die epe muga inflazio handiari aurre egiteko hartutako neurri gehienei: abenduaren 31. Egun hori azaltzen da neurri horiek indarrean jartzeko lege dekretuetan, eta gobernuaren iturriak hasi dira iradokitzen ez dituztela luzatuko.

Halakorik bada, Sanchezen gobernuaren asmoak urriaren 15erako ikusiko dira. Izan ere, beranduenik egun horretan bidali beharko dio aurrekontu plana Europako Batzordeari.

Bertan behera gera daitezke, beraz, garraio publikoaren tarifak erdira jaisteko laguntzak, argindarra merkatzeko neurriak —BEZa %21etik %5era jaistea, argindarraren gaineko zerga berezia %0,5era apaltzea, bonu soziala handitzea...—, garraiolarientzat eta nekazarientzat jarritako gasolioaren deskontua, eta oinarrizko elikagaien BEZa jaistea. Renferen aldiriko trenak doan erabiltzeko aukera eta errenta zergaren jaitsiera bakarrik dira irautekoak, baina azken horrek ez du eraginik Hego Euskal Herrian.

Laguntzak kentzeak herritarren patrikak zigortuko ditu, eta ogasunen kutxak bete. Neurri guztiek 13.000 milioi euroren kostua izan dute aurten eta, bat-batean kenduko balira, estatuaren defizita BPGaren puntu bat txikituko lukete. 2023rako defizita %3,9an utziko duela esan dio Madrilek Bruselari, eta %3ra iritsiko dela datorren urtean.

Inflazioa, 1,5 puntu gora

Baina neurriak kentzeak beste ondorio bat ere izango luke: prezioak igo egingo dira automatikoki, eta inflazioa handitu egingo da. Zenbat? Espainiako Bankuak kalkulatu du 1,5 puntu gehituko dizkiola 2024ko batez besteko inflazioari (%4,3). Hau da, inflazioaren herenaren erantzule izango direla. Igoera handia da, eta igoera horrek kostu bat ere badu kutxa publikoentzat. Esaterako, pentsioak batez besteko inflazioaren arabera eguneratzen dira, eta 1,5 puntu horiek ia 2.500 milioi gehiago dira.

Horregatik, ez da erabat baztertu behar azkenean Sanchezen gobernuak —inbestidura aurrera ateraz gero, noski— laguntzak progresiboki kentzea, edo laguntza batzuk talde zaurgarrienentzat uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.