Errusia eta LPEE bat, upelak gutxitzeko

Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta aliatuek milioi erdi upel gutxiago ekoitziko dituzte. Saudi Arabiak segi egingo du bere 400.000 upeleko borondatezko murrizketarekin. Orain, hitzartutakoa betetzea dute erronka

Irune Lasa.
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
«Ez dut prezioez hitz egin nahi». Ziurrenez, nahi duenaz bakarrik hitz egitera ohituta egongo da Abdulaziz bin Salman, Saudi Arabiako Energia ministroa. Atzo «merkatuaren egonkortasunaz» hitz egin nahi zuen, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta Errusiak Vienan hartutako erabakien berri ematean.

Hitzak hitz, upelaren prezioa da esportatzaileen kezka nagusia azken urteetan. 2016an upela 40 dolarretik behera amildu zenean, ekoizpena murriztu behar izan zuten prezioak berreskuratzeko, eta, orain, gauzak ez dituzte hobeto: LPEEk eta Errusiak uste dute 2020 hasieran petrolio eskari globala eguneko 1,1 milioi upel haziko dela. Baina eskaintza da haien egiazko arazoa, AEBetako eskisto petrolio asko merkaturatuko delako. Gauzak horrela, jada 1,2 milioi upel murriztutako ekoizpenari beste milioi erdi upel kenduko dizkiote. LPEEk 360.000 upel gutxiago merkaturatuko ditu, eta aliatuek gainerakoak —Errusiak, 70.000 upel—.

Hori bai, Saudi Arabiarentzat lehentasuna beste kideek hitza betetzea da, edo, behintzat, murrizketa sinesgarria izatea merkatuarentzat. Horregatik, oraingo gutxitzetik tokatzen zaion 167.000 upeleko murrizketari urte hasieratik indarrean duen 400.000 upeleko «borondatezko murrizketa» gehituko dio. Ondorioz, orotara murrizketa 2,1 milioi upelekoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.