Gazteon kontura

Izar Hernando Ibero - Ernai Gazte Antolakundeko bozeramailea

2020ko irailak 24

Urte politikoa hastearekin batera pandemiak eragindako kalteei aurre egiteko borrokek ere martxan jarraitzen dutela ikusi dugu. Hezkuntza Komunitatearen greba izan genuen irailaren 15ean; ikasle, garbitzaile, irakasle, jantokietako langile eta sektoreko beste hamaika kidek kaleak hartu genituen, hezkuntzarako itzulera adostu eta segurua aldarrikatzeko. Osasungintzako mobilizazioak aste honetan, osasun langileek segurtasunez eta duin lan egitea beharrezkoa dela aldarrikatzeko. Gatazkak anitzak izango diren bezalaxe, borroka anitzen loratzea dator negu-udaberrian esparru sektorialetatik lokalagoetaraino, eta horretan ere gazteok badugu zer esana eta zer egina.

Ikasturteari begira jartzea dagokigun arren, ezin ahaztu udan zehar gazteon inguruan hitz egin den guztia. Izan ere, jopuntuan egon garenak gazteak izan gara, hedabide batetik bestera, agintari askoren adierazpenetako lehen eta azken puntuetan. Deskonfinamenduan pixkanaka kutsatuen datuek gora egin ahala, behin eta berriz seinalatu gaituzte, batere ardurarik gabe, axolagabe, aritu garela zioten titular nagusiz betez irrati-telebistak. Fokua etengabe gazteon jokabidean, arduragabekerian. Bitartean, erantzukizuna eta ardura politikoak zituztenei arretarik ez zaie egin. Izan ere, ezin ahaztu pandemia honen gestioa, neurriak, inbertsioak eta arauak ez ditugula gazteok hautatu, agintari konkretuek baizik. Erantzukizun indibidualetik haratago, herritarroi baliabide eta argitasunak emateko ardura zeukatenak dira horiek. Atentzioa gazteongan jarri dute, benetako zer-esana daukatenen erantzukizuna lausotzeko. Kriminalizatuak izan gara, seinalatuak, errudunak. Arduragabeak.

Noiz eta krisi sozial eta ekonomikoa gainean daukagun honetan. Krisia gazteon bizkar gainean dagoen honetan, zehatzago esanda. Izan ere, aurreko krisialdiaren kalte-ordainak oraindik gainditu ez, eta datorrenaren erantzule ere egin nahi gaituzte. Agintari eta komunikabide handien partetik gazteok jasandako kriminalizazioa gutxi ez, eta pandemiaren gestioak gehien eragindako sektoreetako bat izan da gazteona. Abuztuko datu ofizialen arabera, Hego Euskal Herrian 17.776 gazte langabe daude, ia %50 gehiago otsaileko datuekin alderatuz. 17.776. Gazteak gara aisialdiko monitoreak, partikularretako irakasleak, ostalaritzako langileak, deskonfinamenduan kaleratuak izan diren lehen langileak.

Prekaritatea geratzeko etorri zela genioen, eta COVID-19-ak prekarizazio eta ezegonkortze prozesu hori azkartu eta sakondu besterik ez du egin. Lehenago ere esan dugu gazteoi ez dagokigula krisia ordaintzea, eta ez dugula ordainduko. Krisia kapitalak ordaindu behar du, aberatsek, gehien daukaten horiexek, krisi sistemiko honetara ekarri gaituzten berberek. Eta ez dugu onartuko, gainera, pandemiaren gestioan fokua gugan jarri eta erantzule gisa gu markatzea. Kudeaketa lotsagarri honek badituelako erantzule zehatzak: arduradun politikoak.

Gazteon inguruan esan den guztiaren gainetik, ezin ahaztu pandemia gurean lehertu zenetik gazteok herriz herri egindako lana. Besteak beste, erantzukizunean eta elkartasunean oinarritutako zaintza sare askoren parte izan gara, gure lan eta gogoak bizilagunen arteko laguntza harilkatzera bideratu ditugu hilabete hauetan. Gure indar eta asmoak Herri gisa elkar zaindu eta krisiari denon artean erantzutera bideratu ditugu. Noiz eta arduradun politikoek ezegonkortasuna besterik eskaini ez digutenean, noiz eta komunikabideek arreta beste toki batean jarri nahi izan dutenean, noiz eta gazteok erantzuleak ginela esan digutenean.

Eta esandako denak entzunda, ez dago zalantzarik krisialdi honetatik soilik Herri gisa erantzunda aterako garela. Mugimendu sozialak izan dira, beste behin ere, aldarrikapen zehatzak egiten eta alternatibak irudikatzen lehenak. Hezkuntzako greba, antza, ez omen zen ikasle eta irakasleentzat onena. Edo hori esan digute batzuek behintzat. Eta bitartean, eskakizun zehatzak eta alternatiba integralak mahai-gaineratu dituen hezkuntza komunitateak kaleak hartu zituen joan den asteko asteartean, irailaren 15ean.

Pandemiarekin batera sistemaren beraren problematika eta arrakalak are ikusgarriagoak bihurtu dira. Eta udazkenarekin batera arazo horiei aurre egiteko borroka eta aldarrikapenak loratuko dira. Arloz arlo eta herriz herri lan egitea da parean daukagun erronka, eta horren aurrean gazteok lehen lerroan egongo gara.

Gazteon oraina borrokan da, borrokan bizi garelako eta borroka bizi dugulako. Eta datorren krisiari erantzuteko formula bakarra dago: burujabetza. Hori da pandemiatik ateratako beste irakaspenetako bat, Herri gisa erabaki eta erabakitakoa betetzeko egitura politikoak behar ditugula. Denon bizitzak erdigunean jarri eta Herri hau zaintzeko behar besteko inbertsioak egin nahi baditugu, Euskal Herriak egitasmo politiko buruaski bat behar du. Eta guk argi dugu horixe dela geure herrirako aukeratzen dugun epizentroa: denon bizitzak erdigunera ekartzea.

Badakigu beste Euskal Herri bat posible dela, azken hilabeteetan izan dugun kudeaketa lotsagarria izateaz gain jasangaitza delako, eredu talka argia delako. Eraldaketa sozialean sakondu, alor guztietako burujabetzak lortu, herritarron ahotsak erdigunean jarri... ala Kapitalaren krisia.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Paziente bat, ZIUan, osasuneko profesional baten arta jasotzen. ©Andoni Lubaki / Foku

Kutsatzeen katea ez da eten, eta goia jo du ospitalean daudenen kopuruak

Arantxa Iraola - Maddi Ane Txoperena Iribarren - Irati Urdalleta Lete

Nafarroan bigarren olatuko kutsatu kopururik handiena izan dute (578), eta Gipuzkoako kutsatze tasa 500 kasutik gorakoa da jada. Murrizketak Iparraldean ere: ostatuek 22:00etarako itxi beharko dute

Antigorputzak atzemateko testak, artxiboko irudi batean; immunitate sistemaren erantzuna neurtzen dute. ©ROBERT GHEMENT / EFE

Gaitzei aurre egiteko ahalmena

Arantxa Iraola

Sendo behar da immunitate sistema eritasunei aurre egiteko; izurriak lehen lerrora ekarri ditu gorputzaren babes mekanismoei buruzko jakingarriak. Aldagai askok eragiten dute

 ©ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Iruñeko taberna atari bat, atzo. ©JESUS DIGES / EFE

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna