Albistea entzun

Erretiro motz eta merkeagoak

Pentsioen erreforma atalka ari dira negoziatzen: hasierako blokean, erretiroa atzeratzeko neurriak eta autonomoen kuotak landu dituzte; gerorako utzi dituzte sistemaren finantzaketari buruzkoak.

Jokin Sagarzazu -

2021eko maiatzak 30

PPren 2013ko pentsioen erreformaren zati bat bertan behera uzteko negoziazioek hainbat hilabete daramatzate martxan Elkarrizketa Sozialaren Mahaian, eta, gorabehera handiak eta geldialdiak izan diren arren, lehen blokeko gaiei buruzko akordioak «oso gertu» dauden mezuak zabaldu ditu azken egunetan Espainiako Gobernuak. UGT eta CCOO sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek, aldiz, hoztu egin dute giroa, eta ohartarazi dute oraindik gai garrantzitsu batzuk geratzen direla zehazteko.

 

Erreformen lehen multzo horretan, oztopo nagusiak dira aurretiazko erretiroak zigortzeko puntuak eta autonomoen kotizazio sistema berria. Horiez gain, beste gai batzuk ere negoziatu dituzte, eta beste batzuk aurreragoko utzi dituzte.

Errebalorizazioa

Pentsioak errebalorizatzeko formula aurreko urteko batez besteko KPIan oinarritzea adostu dute. Prezioen igoerara egokituko dira pentsioak, ez gehiago, baina ezta gutxiago ere. Gakoa da hori bermatuko duen formula bilatzea, eta oraindik ez dute erabat argitu. Gobernuak planteatu zuen pentsioen igoera murriztea prezioak erortzen diren edo deflazioa gertatzen den ondorengo hiru urteetan, baina horri uko egiteko prest agertu da. Dena den, bost urtean behin berrikusiko litzateke formula.

Erretiro aurreratua

Negoziazioetako puntu garrantzitsuenetako bat da. Zigor handiagoak ezarri nahi ditu gobernuak. Egun, erretiro adina —66 urte— hogeita lau hilabetez aurreratu daiteke, baina %1,6tik %16ra arteko murrizketekin pentsioetan zenbat lehenago egiten den kontuan hartuta. Gobernuak %2,81-%21 artekoa izatea nahi du. Gainera, egun, hiru hilabetean behin ezartzen dira murrizketak eta hilabetero ezarri nahi ditu.

Sindikatuek ez dituzte begi onez ikusten aldaketak; haien arabera, zigor horiek ezartzerakoan kontuan hartu beharko litzateke langile askok egoera pertsonalak behartuta (osasunagatik, zaintza lanak egiteko...) hartzen dutela erretiroa. Gogoratu dute, halaber, beste askok enpresek derrigortuta hartzen dutela, eta adin horiekin ia ezinezkoa dutela beste lan bat bilatzea. Sindikatuen arabera, erretiroa aurreratzen dutenen %85 langabeziatik datoz.

Eredu berriak beste aldaketa bat ekarriko luke; murrizketa ez litzateke orain bezala oinarri arautzailean aplikatuko —pentsioa kalkulatzeko erabiltzen den soldata oinarrian—, pentsioan baizik. Horrekin diru gehiago bilduko luke Gizarte Segurantzak, eta pentsio batzuk, altuenak bereziki, jaitsiko lirateke.

Oinarri arautzailean egun dagoen gehienezko topea kenduta ere lortuko luke diru gehiago gobernuak, sindikatuek proposatu duten moduan. Patronala eskaera horren aurka azaldu da, lan kostuak handitzea dakarrelako. Gobernua prest agertu da onartzeko, baina igoerak «oso modu gradualean» ezarrita, datorren urtean hasi eta 30 urteko epean.

Erretiro atzeratua

Erretiro adina gaindituta ere, langileek lanean jarraitzea sustatu nahi du gobernuak. Gaur egun, hori egiteak %2-4ko hobaria du pentsioetan; gobernuak hiru pizgarri proposatu ditu: lanean jarraitutako urte bakoitzean 4.786 eta 12.060 euro arteko ordainketa bat egitea, kotizazio oinarrien eta kotizatutako urteen arabera; pentsioak %4 handitzea; edo bi formulen arteko konbinazio bat.

Sindikatuek ez dute ongi ikusten erretiroa atzeratzea, lan merkatuan erreleboa egotea zaildu dezakeelako. Patronalek, berriz, ez dute gaizki hartu, baina erretiro adinean dauden langileak mantentzen dituzten enpresentzako hobariak eskatu dituzte edota lan kostuak murrizteko neurriak.

Nahitaezko erretiroa

Gobernuak hitzarmen kolektiboetatik nahitaezko erretiroa kentzea proposatu du legezko adina bete dutenentzat. Patronala eta sindikatuak ez daude ados; biek defendatzen dute figura hori, baina arrazoi ezberdinengatik. Gobernuak ez du atzera egin nahi, baina prest agertu da nahitaezko erretiroa 68 urteetan jartzeko.

Erretiro partziala

Erretiro partzialak ahalbidetzen du 61 urtetik gorako langileek beren lanaldiak soldataren proportzio berean murriztea eta diru galera hori pentsioaren zati batekin osatzea, ondoren pentsioetan murrizketarik izan gabe. Gobernuak hori aldatu nahi zuen, baina dagoen bezala mantentzeko prest azaldu da, «oraingoz behintzat».

Autonomoak

Autonomoentzako kotizazio sistema berriaren negoziazioak ere puntu beroenetako bat bihurtu dira. Patronalentzat «onartezina» da gobernuaren proposamena. Autonomoek beren irabazien arabera kotizatzea da xedea. Funtsean enpresaburuen elkarteak ados daude horrekin, baina ez Jose Luis Escrivaren ministerioak proposatutako kotizazio oinarriekin, hamahiru, guztira. Salatu dute autonomoek euren irabazien «%30 inguru» jarri beharko luketela, eta kaltetuenak direla diru sarrera gutxien dutenak. Kopuruak negoziatzea onartu du gobernuak. Datorren urtean hasi nahi zuen sistema berriarekin, baina urtebetez atzeratuko eta pixkanaka ezarriko da, bederatzi urtez.

Gurasotasun plusa

Puntu horretan adostasuna erabatekoa da. Gobernuak proposatu du bi gurasoetako batek, berdin dio zeinek, jasotzea amatasun osagarria euren pentsioetan. 2016tik dago indarrean plus hori, baina amentzat bakarrik.

Babes klausula

Neurri horri esker, aurreko krisian lan merkatutik irten ziren langile guztiei 2011ko pentsioen erreformaren aurretik zegoen araudia aplikatzen zaie. Gobernuak proposatu du klausulak horrek bere horretan jarraitzea, mugarik gabe. Neurriak ez du oposiziorik jaso eta aurten jada indarrean egon da.

Alarguntza pentsioa

Alargun pentsioak hobetzea izan da kaleko protesten beste eskaera nagusietakoa, baina gaia ez da egon oraingo negoziazioetan. Gobernuak sei hilabeteko epean hasi nahi du horrekin. Pentsioa kalkulatzeko metodoa aldatu nahi du, alargunaren adina, diru sarrerak edota pentsioak eta familia kargak kontuan hartuz.

Pentsioen kalkulua

Negoziazioen gakoetako bat da, baina 2022ko azken hiruhilekorako utzi dute. Gobernuak, halere, proposamen bat egin du: 25 urtetik 35 urtera luzatzea pentsioak kalkulatzeko kotizazio epea. Sindikatuen arabera, horrek ekarriko luke batez beste %5 inguru murriztea pentsioak, kotizazio lehen urteen Gizarte Segurantzara egindako ekarpenak txikiagoak izan ohi direlako. Lehen proposamen horrek oposizio gogorra jaso du sindikatuen partetik eta gobernuaren zati batean, Unidas Podemos-IUko ministroen taldean.

Iraunkortasun faktorea

Pentsioen kalkulurako funtsezko puntua da. Iraunkortasun faktoreak ahalbidetzen du batez besteko bizi itxaropenaren aurreikuspen arabera ezartzea etorkizuneko pentsioak. Beste era batera esanda: Espainian zenbat eta handiagoa izan bizi itxaropena, orduan eta txikiagoak izango dira pentsioak. Aldagai hori PPk sartu zuen, baina ez da inoiz aplikatu. Indargabetzea onartu du gobernuak, baina «belaunaldien arteko ekitate mekanismo» batengatik ordezkatuz, demografiaren bilakaerari eta biztanleria landunaren eta pentsiodunaren arteko orekari lotzeko. Hasierako planteamenduen arabera, horrek ere erretiratzeko adina gehiago handitzea eta erretiratu berrien pentsioa murriztea ekar dezake. Aldeek 12 hilabeteko epea eman diote elkarri lanean hasteko. Ez da 2027ra arte martxan jartzea aurreikusten.

Finantzaketa

Erreformaren puntu nagusietakoa, nagusiena ez bada. Hori ere atzeratua. Bruselak Espainiari egindako aspaldiko eskaera da pentsioen sistemaren finantzaketa argitzea, eta hortik kentzeko pentsioekin lotura zuzena ez duten zenbait gastu. Gobernuak nahi du iturri nagusia kotizazioak izatea, baina beste baliabide batzuk bilatzea proposatu du; adibidez, zerga berrien bidez, besteak beste, teknologia berriei (Google tasa...) eta energiei kutsakorrei (dieselaren zerga, bidesariak...). Beste finantza tresna batzuk baliatzeko aukera ere aztertu nahi du, eta Erreserba Funtsean gutxieneko gerakin bat ezartzea, horren erabilgarritasuna gogortuko duen arau bati lotuta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

CCOO, LAB eta UGT sindikatuen protesta bat, pasa den abenduan ©Oskar Matxin Edesa (Foku)

Bizkaiko metaleko lan itunean sindikatuetako afiliatuek izango dute azken hitza

Jokin Sagarzazu

CCOOk, LABek eta UGTk begi onez hartu dute Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzaren proposamena. 2022-2025eko eperako %15eko soldata igoera metatua jasotzen du. ELA aurka azaldu da.

Onkologikoko garbitzaileak, lehen greba egunean. ©ELA Sindikatua

Gipuzkoako Onkologikoko garbitzaileek hogei eguneko grebari ekin diote

Iñaut Matauko Rada

Onkologikoaren ondoko errepidea ordu erdiz moztu dute protesta batean. Kaleko garbitzaileek baino %25 gutxiago irabazten dutela salatu dute.

Gasteizko Eroski supermerkatuko irudi bat. ©Jaizki Fontaneda / FOKU

Inflazioak %5,8ra egin du gora urtarrilean

Iñaut Matauko Rada

Erregaiak garestitu izanak handitu du batez ere inflazioa, nahiz eta oinarrizko elikagaien prezioek behera egin duten, BEZaren jaitsieragatik.

Nissan eta Renaulten logoak, Bruselan, autoen erakuketa batean ©STEPHANIE  LECOCQ

Nissanek eta Renaultek euren arteko aliantza berritu dute

Maddi Iztueta Olano

Akordioan jasotakoaren arabera, aurrerantzean Nissanen kapitalaren %15 izango du Renaultek. Orain arte, horren %43 zuen.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...