Kanariak. Arguineguin. Jose Javier Sanchez. Gurutze Gorriko bozeramailea

«Portua ez da arreta humanitarioa emateko espazio duin bat»

Migrazio krisiak sortutako egoera zertxobait hobetu dela aitortu du Sanchezek, eta azaldu du arindua izan dela Arguineguineko kanpamentua desegitea: «Beste alternatiba batzuk bilatu behar ziren».

BERRIA.
Jone Bastida Alzuru.
Arguineguin
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Gurutze Gorriko bozeramailea da Jose Javier Sanchez Espinosa. Hilabeteotan Kanarietara iristen ari diren milaka migratzaileei arta ematen ari zaio erakunde hori. Sanchezek Arguineguineko kanpamentuan jazotakoa salatu du, eta adierazi du portua ez dela harrerarako gune egokia.

Kanarietako migrazio krisiari erantzun bat emateko lanean ari zarete. Nola dago kontua?

Bueno, zertxobait hobetu da egoera. Esango nuke bi funtsezko aspekturen ondorio izan dela: alde batetik, Arguineguineko kanpalekua hustu delako. Jakinarazi den bezala, aste batzuetan pertsona ugari pilatu ziren bertan. Igande gauetik hutsik dago, ez dago inor ere. Egia da igandetik hona paterak heldu direla. Portuan eman diegu arta; bertan lehen arreta eskaini diegu, baina gero beste espazio batzuetara lekualdatu dituzte. Hori oso aspektu positiboa dela uste dugu. Garrantzitsua da portua lehen arreta horretarako soilik erabiltzea, eta gero beste espazio batzuetara eramatea.

Bestetik, egia da egunotan migratzaileak motelago iritsi direla, eta horrek portuko kanpamentua hustu ahal izateko modua eman digu. Hala, espazio bat ematen digu gure esku hartzea antolatzeko.

Aipatu duzun bezala, hiru hilabeteren ondoren desegin dute Arguineguineko kanpalekua. Lasaitua izan da?

Bai. Izugarrizko arindua izan da. Lehen momentutik adierazi dugu ez dugula uste portua espazio duin bat denik pertsona bati arreta humanitarioa eskaintzeko; bai, aldiz, lehen arreta horretarako: iristen direnean arropa garbia emateko, edatekoa eta jatekoa banatzeko, dutxatu ahal izateko... Baina gero eman beharreko arta guztiak beste espazio batzuetan eman behar dira.

Ezinbestekoa zen gune hori ixtea, beraz.

Bai. Esan bezala, ez zen espazio duin bat, eta beste alternatiba batzuk bilatu behar ziren.

Gainera, migratzaile batzuk 72 ordu baino gehiago izan dituzte atxikita, ezta?

Ez dakit hori erantzuten. Gu saiatu gara guri bideratzen zaigun momentutik —hau da, Poliziak pertsonak identifikatu eta erregistratzen dituenetik eta horiei egindako PCR probaren emaitza negatiboa denetik— 24 ordu baino lehen harrera ematen. Baina Poliziak izan du guneko sarreren eta irteeren kontrola. Hedabide askotan esan den arren Gurutze Gorriaren kanpamentu bat zela, ez da hala; ez zen Gurutze Gorriaren dispositiboa, Poliziarena eta osasun zerbitzuena baizik. Gu laguntza humanitarioa ematen ari ginen. Beraz, ez dugu izan sarrera-irteeretako kontrola.

Nolakoa zen kanpalekua?

Iristen diren pertsonak oso egoera konplikatua daude. Migrazio ibilbidea ez da soilik pateran ematen duzun denbora hori; Atlantikoko zeharkaldiak zortzi edo bederatzi egun baino gehiago iraun ditzake. Migrazio ibilbide horiek oso konplexuak dira. Paterara igo aurretik ere bi urtetik gora pasatu daitezke euren jatorriko herrialdetik irten direnetik. Pertsona horien egoerak eskatzen eta exijitzen du iristen direnean harrera baldintza duinak izatea. Eta ez daitezela oinarrizko beharrak soilik ase; arta psikologikoa ere eman behar zaie. Esku hartze sakonagoa egin behar da, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak detektatu ahal izateko. Egoera oso prekarioa da.

Garrantzitsua da zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak hautematea?

Bai, oso. Batzuetan, pertsona batzuk adin nagusikoak bezala identifikatzen dira hasieran, eta gero ohartzen gara ezetz, oraindik adingabeak direla. Salerosketa egoeran dauden pertsonekin ere egiten dugu topo. Bortxaketak, giza eskubideen urratzeak eta beste. Baina hori guztia ez da lehen elkarrizketa batean atzematen. Konfiantzazko giro bat sortu behar da, eta beste pertsona seguru sentitu dadila. Pateratik jaitsitakoan, bizi izandako guztiarekin eta horrek sortutako traumekin, ez da hori egiteko garaia. Hori guztia lantzeko denbora bat behar da. Itxaron behar da.

Patera bat iritsitakoan, nolakoa da abian jartzen duzuen arreta protokoloa? Zein da prozesua?

Patera bat iritsi aurretik, abisua heltzen zaigu. Orduan, protokoloa aktibatzen dugu. Gure taldea martxan jartzen da. Portura joaten gara, eta migratzaileak iristeko zain egoten. Heldutakoan, tenperatura hartzen diegu, koronabirus sintomarik ote duten ikusteko. Eta hortik aurrera osasun azterketa bat egiten diegu, ikusteko hipotermiarik, erredurarik edo beste zantzurik duten. Hori beti egiten dugu. Eta osasun arreta sakonagoa behar duen pertsonaren bat dagoela uste badugu ospitalera eramaten dugu. Hori egindakoan, arropa garbia ematen zaie, dutxatzeko aukera, jateko eta edateko zerbait... Eta, hortik aurrera, Poliziaren esku geratzen dira.

Gero, horiek espazio duinetara eraman behar direla aldarrikatzen duzue.

Bai. Portua ez da arreta humanitarioa emateko gune bat; horrenbeste behar duten pertsonei beste espazio batzuk eskaini behar zaizkie. Gainera, ikaragarria da Arguineguineko kanpalekuak pilatu duen pertsona kopurua. Ezinezkoa da. Lehen arretarako ondo dago, leku guztietan egiten da, baina beste arreta guztia laguntza humanitarioa ematea ahalbidetzen duten espazioetan egin behar da. Eta portuak ez ditu baldintzak betetzen.

Jazotakoaren inguruko ikerketa bat egitea beharrezkoa dela uste duzu?

Ikusi da pertsonak zer-nolako baldintzatan egon diren. Agerikoa izan da. Hau berriro gertatzea eragotzi behar da. Ezin dira hainbeste pertsona modu horretan egon. Garrantzitsua da zentratzea hau berriro ez gertatzeko erantzunak ematean. Bagenekien jende asko iritsiko zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.