Espainiaren eskua heriotzetan

Bi ikerketaren arabera, Espainiako Gobernuak ere erantzukizuna izan zuen Melillako hesian gertaturikoan. GKEek eta oposizioak atakan jarri dute Grande-Marlaska; asteazkenean azalpenak emango ditu berriz ere.

Guardia Zibila Espainia eta Marokoren arteko muga zaintzen, martxoan hainbat migratzailek hesia igarotzeko ahalegina egin ostean, Melillan. MIGUEL OSES / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Bost hilabete dira Melillako (Espainia) sarraskia gertatu zela. Hurrengo egun eta asteetan irudiak erruz zabaldu ziren sare sozialetan eta hedabideetan. 2.000 migratzaile afrikar Marokoren eta Espainiaren arteko muga zeharkatzen saiatu ziren, eta, Rabaten arabera, 23 pertsona hil ziren. Alta, giza eskubideen aldeko GKE gobernuz kanpoko zenbait erakundek salatu zuten tragedia are latzagoa izan zela: baieztatu zuten 37 migratzaile hil zirela, baita 70 lagun desagertu zirela ere hesia igarotzeko ahaleginean. Gertakari horiek harrabots handia eta haserrea eragin zuten gizartean, hala GKEen artean nola herritarren artean. Matazaren korapiloa askatu nahian, BBC hedabideko kazetari talde batek tragediari buruzko ikerketa bat egin zuen, eta ondorioztatu zuen Marokoko Gobernuak ez ezik Espainiakoak ere erantzukizuna izan zuela gertakari hartan. Horiek horrela, GKEek eta oposizioak estu hartua dute Moncloa, eta, bereziki, Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaska.

Erresuma Batuko hedabideak dokumental bat emititu zuen azaroaren 1ean, Africa Eye [Afrikako Begia] saioan, Guardia Zibilak Marokora egindako itzulketak eta hango Poliziaren «muturreko» indarkeria argitara ateratzeko. Hedabide horretako kazetariek, bizirik irtetea lortu zuten migratzaileen testigantzak bildu, eta bideo irudiak ikuskatu zituzten, Espainiako Geografia Institutuko planoen laguntzaz. Hala, nabarmendu zuten jende oldeak biktimak eragin zituela Espainiako aldean ere.

Zehazki, Guardia Zibilak BBCri baieztatu zionez, migratzaileak Nador (Maroko) eta Melillaren arteko mugaren bi aldeetan zeuden. Erreportajeko irudietan dozenaka lagun pilatuta agertzen dira, elkarren gainean, mugitu ezinik. Gainera, ikus zitekeen nola Marokoko Poliziak «Espainiako eremutik» migratzaileak arrastaka itzultzen zituen Afrikako herrialdera, «horietako asko hilik, hilzorian eta odoletan», kazetari taldearen esanetan.

Dokumentala kaleratu eta gutxira, Grande-Marlaskak ukatu egin zuen Espainiak erantzukizuna izan zuela gertakari hartan, eta esan zuen «etsigarria» zela telebista britainiarrak akusazio «hain larriak» egitea «inolako frogarik» aurkeztu gabe: «Inork ez du zalantzan jarri heriotzak Marokoko hesiaren aldean izan zirela». Espainiako Barne ministroak azaldu zuenez, Melilla eta Nadorren artean dagoen eremuan «bi herrialdeetako indarrek esku har dezakete». Bide horretan, Marokoko Atzerri ministro Naser Buritak iragan ostegunean esan zuen ekaineko tragedia hura «salbuespenekoa» izan zela, eta erantsi zuen Rabatek «arduratsu jokatu» zuela.

Bada, BBC ez da izan Melillako sarraskian Grande-Marlaskaren bertsioa ezbaian jarri duen hedabide bakarra. Hain zuzen, El Pais egunkariak ekainaren 24an Guardia Zibilak drone bidez eta helikopteroz grabatutako irudiak eskuratu zituen, zeinetan ikus daitekeen jende oldeak azpian harrapatutako migratzaileak Espainiako lurraldera ere jausi zirela.

Bi hedabideek bildutako testigantzetan azaldu dutenez, Marokoko indarrek orduak behar izan zituzten migratzaileei osasun arta emateko. Bien bitartean, Guardia Zibilak ikus zezakeen zer gertatzen ari zen jende oldea izan zen eremuan, Melillako Guardia Zibilaren segurtasun zentrotik zuzenean kontrolatzen baitzuten. Bestalde, Espainiako indarren beste irudi batzuen arabera, Espainiako mugaren aldera lurrera erori ziren migratzaileek ez zuten osasun artarik jaso «une kritikoenean».

BBCk eta El Pais-ek hizpidera atera zuten Marokoko Poliziak erabilitako indarkeria ere; negar gasa jaurti zien etorkinei toki itxi batean, eta borrekin jo zituen, lurrean zeudela. «Mugitzen bazinen, jo egiten zintuzten; zerbait esaten bazenuen, kolpatu egiten zintuzten», dio dokumentalean elkarrizketatutako sudandar batek. «Ezin genuen arnasarik ere hartu», gehitu zuen beste batek. Halaber, Guardia Zibilak gomazko balak jaurti zituen Espainiaren aldeko hesitik zintzilik zegoen jendearen aurka, guardia zibilen elkarte profesional batek Twitterren zabaldu zuenez. «Espero dut gure ahotsa zabaltzea», dio bizirik irtetea lortu zuen beste sudandar batek, bi eskuez begi urtsuak igurzten zituela.

Erantzun gabeko galdera andana dago oraindik airean: besteak beste, Marokoko Giza Eskubideen Elkartearen arabera, egun hartan desagertu ziren 70 lagunekin eta hildakoekin zer egin zuten. Bada, elkarte horrek salatu duenez, Guardia Zibilak bueltatu zituenetariko asko Marokoko Poliziak bakarrik utzi zituen basamortuan.

Ikerketa egiteko eskaera

Sarraskiak erreakzio soka luzea ekarri zuen, eta hainbat alderditako eurodiputatuek bat egin zuten aurreko astean giza eskubideen aldeko erakundeen eskaerekin, Espainian eta Marokon ikerketa «independentea, gardena eta premiazkoa» egin dezaten. CEAR GKEaren arabera, «aurrekaririk gabeko tragedia» izan zen hura, eta, «neurri batean, Espainiako lurraldean».

Horrekin lotuta, duela bi aste, Espainiako Gobernuko bazkide Podemoseko eta oposizioko zenbait alderditako diputatuak, tartean EAJko Mikel Legarda eta EH Bilduko Jon Iñarritu, Nador eta Melillaren arteko mugan izan ziren, eta egiaztatu zuten «sarraskiaren zati bat» Espainiaren kontrolpean dagoen eremuan ere gertatu zela.

Hori dela eta, Podemosek eta oposizioko zenbait alderdik galdegin zuten ikerketa batzorde bat eratzea, baina PSOEk eta PPk atzera bota zuten aurreko asteko ostiralean. Hori bai, Grande-Marlaska agerraldi bat egitekoa da datorren asteazkenean, Diputatuen Kongresuko osoko bilkuran, eta bere bertsioa emango du. Bestalde, PSOEk ezezkoa eman arren, Barne Ministerioaren baimenaz, ekainaren 24ko irudiak erakutsi zituzten herenegun Kongresuan, ateak itxita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.