Futbola. Espainiako Kopako finala

Golak sartzeko makina

Atletico Madrilek 104 gol sartu ditu denboraldi honetan Espainiako ligan eta kopan, ia Realak sartu dituenak halako bi. Garazi Murua Athleticeko erdiko atzelariak Espainiako taldeko aurrelarien maila nabarmendu du.

Ludmila Da Silva, Jennifer Hermoso eta Angela Sosa Atletico Madrileko jokalariak, gol bat ospatzen, denboraldi honetan. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Nahi gabe ere sartzen ditu golak Atletico Madrilek. 104 egin ditu denboraldi honetan Espainiako Ligan eta Kopan, ia Realak sartutako golak halako bi: 59 guztira. 33 partidatan banatuta sartu ditu, hiru baino gehiago egin ditu partidako. Batezbesteko ikusgarria da, eta agerian uzten du non den indartsuen: erasoan. Atzean ere oso sendoa da —33 gol besterik ez diote sartu—, baina erasoa da haren armarik onena.

Atletico Madrileko dozena bat jokalari baino gehiagok sareratu dute baloiren bat denboraldi honetan, baina badira bi guztien artean nabarmentzen direnak. Taldeko aurrelarietako bi dira: Jennifer Hermoso (Madril, 1990) eta Ludmila Da Silva (Guarulhos, Brasil, 1994). 41 gol sartu dituzte biren artean, Espainiako taldeak egindakoen %40. Hermosok sartu du gol gehien, 24, guztiak ligan. Inork ez du hark baino gol gehiago sartu. Ludmilak, berriz, hamazazpi egin ditu: 11 ligan eta sei Kopan. Hain zuzen ere, biek sartu diote gol bat Realari denboraldi honetan: bana egin zioten lehen itzulian, Atletico Madrilek 5-0 irabazitako norgehiagokan.

Bi jokalari horiek nabarmen hobetzen dute Nahikari Garciak eta Kiana Palaciosek, Realean gehien jokatu duten aurrelariek, denboraldi honetan ligan eta Kopan sartutako gol kopurua. 27 sartu dituzte bien artean: urnietarrak hemezortzi gol sartu ditu, hamasei ligan eta bi Kopan; eta mexikarrak, bederatzi, sei ligan eta hiru Kopan.

Alde handia dago bi taldeetako aurrelarien artean, klub batek eta besteak duen ahalmenaren parekoa. Horren adibide da Realeko bi aurrelari titularren gol kopuruak bi golengatik besterik ez duela hobetu Atletico Madrilen aurrelari ordezkoena. Izan ere, trebeak dira Hermoso eta Ludmila, baina baita atzetik dituztenak ere. Olga Garcia katalanak eta Esther Gonzalez espainiarrak gutxiago jokatu dute, baina oso ondo baliatu dituzte izan dituzte aukerak, eta 25 gol sartu dituzte bien artean: Estherrek hamahiru gol sartu ditu, eta Olga Garciak, hamabi. Ligan sartu dituzte guztiak. Hain zuzen, Realak bi jokalari horien gol sena sufritu du. Biek ala biek sartu dizkiote hiru gol partida bakarrean: Olga Garciak, lehen itzulikoan (5-0), eta Estherrek joan den igandean, ligako azken partidan (1-3).

Lau aurrelari, lau estilo

Erronka latza da Atletico Madrilen gisako eraso bikain bati aurre egin behar izatea. Horren jakitun da Garazi Murua (Getxo, Bizkaia, 1995). Athleticeko erdiko atzelariari makina bat aldiz egokitu zaio Hermoso, Ludmila eta enparauak zaindu behar izatea. «Atletico Madrili asko gustatzen zaio zelaian nagusi izatea, eta, horretarako, baloia izan nahi du une oro. Oso talde landua da, jokalari oso onak ditu, eta partida guztietan makina bat gol aukera sortzen ditu. Horietako asko aprobetxatzen ditu, aurrelari oso eraginkorrak baititu: Jennifer Hermoso, Ludmila, Olga Garcia eta Esther», esan du Athleticeko erdiko atzelariak.

Lau aurrelari ditu Atletico Madrilek, eta, Muruaren arabera, bakoitzak «berezitasun jakin bat» du. «Jennifer Hermoso bikaina da teknikoki, ligako onenetakoa. Askatasun osoa du zelaian, eta gora eta behera ibiltzen da. Ez da azkarra, baina oso aberatsa da baliabidez: golak sartzeko dohain bikaina izateaz gain, trebea da eregol sartzeko paseak ematen eta jaurtiketa ona du urrutitik. Ez dakizu zer darabilen buruan, eta horrek oso arriskutsu egiten du. Ezin diozu buelta ematen utzi».

«Oso azkarra eta oso indartsua». Halaxe definitu du Ludmila. «Bikain aprobetxatzen ditu lerroen artean geratu ohi diren hutsuneak. Erraztasun handia du baloia abiaduran hartu eta atezainaren aurrean bakarrik geratzeko. Oso indartsua da, gainera, eta talka gehienetan garaile irteten da. Presioa egin behar zaie haien atzelariei eta erdilariei, Ludmilari ematen dizkioten paseak txarrak izan daitezen. Halaber, saiatu beharra dago Ludmilak zuloak topatzen baditu, zulo horiek hegaletan egon daitezela. Erdian aurkitzen baditu, akabo. Ziztu bizian doa aterantz».

Hermoso eta Ludmila baino lerroburu gutxiago bereganatu ohi dituzte Olga Garciak eta Estherrek, baina Muruak bien maila nabarmendu du. «Olgak sekulako konfiantza du bere buruarengan. Oso indartsua da, eta edozein tokitatik jaurtitzen du. Bere jokaldi gustukoena eskuin hegaletik barrura egin, eta jaurtitzea da. Esther, berriz, errematatzaile petoa-petoa da. Buruz oso azkarra da, eta beti dago unerik aproposenean hanka sartu eta gola sartzeko».

Baina aurrelariek ez ezik, Atletico Madrileko erdilariek ere makina bat aldiz zulatu dute aurkariaren atea. Angela Sosa espainiarra nabarmendu da lan horretan, 11 gol sartu baititu, hamar ligan eta bat Kopan. «Oso jokalari osoa da: teknika oso ona du, trebea da azkeneko pasea ematen eta gol sena ere badu. Maila handiko jokalaria da, Atletico Madrileko jokalari guztiak bezala. Oso talde indartsua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.