Mundu desberdin,injustu eta arrazista baten eraldaketa probokatuz

Cristina Guerrero Olaya
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Probokazio hitzak, bere zentzurik onenean, erreakzioa dakar, auzitan jartzea, gogoeta egitea; baina, batik bat, eraldaketa. Eta, hala, gero eta desberdinago eta injustuago ageri den mundu honetan, probokaziorako deia eta gonbita egin besterik ez dago.

Aipa dezagun, lehenik, erreakzioa: mundu globalizatu honek mugak ezabatzera gonbidatzen baititu batzuk, eta mugak militarizatzera beste batzuk; herritar globalaren estatusa edukitzera gonbidatzen baititu batzuk, baina zibilizatu gabeko nomada izatera beste batzuk. Bi talde bereizten dira mundu berri horretan: pribilegiatuak eta ez-pribilegiatuak. Historiaren lapsus horretan, hala liberalak nola progresistak, hala ezkerra nola eskuina, konplize bihurtu dira sekula herritar izan ezin izan diren pertsonak kriminalizatze horretan. Ez dugu errefuxiatuen krisi bat aurrean, baizik krisi bihurturiko pertsona batzuk ditugu aurrez aurre.

Eta ageriko galdera hauxe dabilkigu jirabiraka: zein da herritar, eta zeinek merezi du herritar izatea? Zeinek merezi du askatasun demokratikoa? Testuinguru jakin bat dugu aurrez aurre: zibilizatua dagoena eta zibilizatzeko dagoena. Zibilizatua ordena ezarriaren erakusgarri da: eskubideak eta askatasuna errespetatzen dituena esparru demokratiko batean. Zibilizatu gabekoa, berriz, nomada noraezekoa da, egokitu gabeko gutxiengoak dira; pertsona erradikalizatuak, immigranteak, sistema menderatzailearen erreprodukzio arau, lege eta formen erakusgarri ez garenok. Hala, erruduntzat jotzen gaituzte sistema ez betetzeagatik, hesien gainetik jauzi egiteagatik, gure lurraldeei eraso egiten dieten bitartean. Eta, hala, utzi egiten zaio askatasunak eta berdintasunak hizpide izateari, eta segurtasunaz eta kriminalez hizketan hasten dira. Alde batera uzten dira eskubide unibertsalak, eta bestelako dinamiketan jarduteari ekiten zaio: polizia gehiegikerien, arrazismoaren eta mailegu sozialen arloko bazterkeriaren inguruko dinamiketan.

Demokraziaren eta segurtasunaren logika doblea. Bat-batean, kriminal bihurtzen gara: ezin gara herrialde batean sartu agiririk gabe, eta ezin dugu lanik egin erroldaturik egon gabe; alegia, ezin dugula espazio sozioekonomiko hori inbaditu gure balioak eta kulturak sarturik. Bat-batean, Estrasburgori ahaztu egin zaio jendeak zergatik saltatzen duen mugen gainetik: Santurtziko kaitik ateratzen diren arma horiek hil egiten dutelako. Bat-batean, Parisi ahaztu egin zaio klima gorabeherengatik errefuxiatu diren horiek ez dabiltzala lehorte batetik ihesi, baizik desjabetzeetatik ihesi, aintzirak kendu baitizkiete enpresek eta konpainia transnazionalek. Bat-batean, Espainiari ahaztu egin zaio atzerritarrentzako zentro itxiek segregazioa sorberritzen dutela; sasoikako lanetan diharduten andrazkoak eskulan merkea direla, emakumeak direla, pertsonak direla. Ezin hitz egin dugu demokraziaz, baldin eta klaseetan bereizten gaituzten mekanismo batzuk baditugu; besteak beste, Atzerritarren Legea. Mugak lausotzen hasiak dira, bai, baina sistemaren begietan, ez sistematik kanpo dagoen horren begietan.

Utz diezaiogun baloiak kanpora botatzeari. Gutako bakoitzaren erantzukizuna da eragoztea neoliberalismo ez ezik neokolonizazio ere deritzogun hori hedatzea. Izan ere, «memoria da sistemak kanpoan utzi nahi dituen horien justizia»;erantzukizunak nahi ditugu, eskubideak eta errespetua. Gogoeta egin dezagun ea zer-nolako erantzukizuna dugun segurtasunik eza sostengatze horretan, eta borroka gaitezen elkar harturik martxoaren 21ean, arraza diskriminazioaren kontrako nazioarteko egunean, mundu justuago baten alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.