Itziar Aizpurua Egaña.

Kartzeletako berrogeialdiak

2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Bisitarik gabe, etxekoen goxotasuna telefono dei ziztrin bakanetara mugatua, eta, urteetan berrogeialdi gogorragoak bizi izan dituzuenoi zer esan behar dizuegu, bada, egoera xelebre honetan geure etxeetan konfinaturik gaudenok!

Zuetako batzuen gutuna aurrean dut Grande Marlaskak aginte makila hartu duela jakin dudanean, eta... ezin izan dizuet idatzi gogorregi egiten zaidalako. Ez hain zuzen berrogeialdia luzea izango den beldurrez, noiz arteko agintea izango duen pertsonaia malapartatu honek baizik.

Egia da, orain, guztiaren gainetik birusa duen koroiak duela lehentasuna. Hori garbi! Baina, erantzuna nork hartu eta nola erabili egiten zait gogorra, bai Euskal Herriarentzat baita Kataluniarentzat ere. Herri diren eta sentitzen diren guztientzat esan nahi dut.

Neurri zehatz eta zorrotzak hartu beharra dagoela zalantzarik ez du inork dagoeneko, birusak daraman abiadura ikusita. Gainera, oso kutsakorra denez, azkarrak bezain zehatzak behar dira kontra-neurri horiek. Eta, egia esan, honetan ez dira oso fin ibili ez Espainiako gobernua ezta Gasteizkoa eta Iruñekoa ere. Zer esanik ez Macron jauna, hauteskundeak ez dituenean bertan behera utzi ere egin. Orain bai bigarren itzulirako, otsoari belarriak ikusi dizkionean jaso duen parte-hartzearekin. Guztiak, diruaren esanetara makurturik, eta kalteak ikusi ahala bat-bateko jardunean, inprobisatzen dabiltza, alegia. Lehian, gu guztion kalterako birusa bere bidea egiten ari den bitartean.

Egia esan, ez da erraza izango hau kudeatzea, eta are zailago kontrolatzea, baina, agintea baino kontra-agintea eragiten digutenei aurre egitea ezinbesteko dugu guztiok. Eta hor herritarren botoak jaso dituztenek bai Gasteizko zein Iruñeko gobernu eta legebiltzarreko jendeak badu erantzukizuna.

Alarma egoeran gaude. Bai! Baina alarma sortu duena birus zital eta kutsakor bat da, eta ez herritarrok. Beraz, ez dugu inolaz ere gure aurkako neurririk onartu behar, eskubide zibil eta politikoak zapaltzen dituenik. Ezin da onartu berrogeita bat urteren ondoren, herritarren borroka aunitzi esker lortutako aurrerapenak bertan behera uztea. Segurtasunak, hitzak dioen legez, askeak izan gaitezen lagundu behar gaitu, eta gizarteak garbi du gugan, herritarrongan, duen eragin handia.

Segurtasuna eta Osasuna eskuduntzak dituzten gabeziak dituztela ere, Espainiako Gobernuak, PSOEk eta Podemosek, lapurtzea egoeraren larritasunaren izenean, aitzakia besterik ez dela diot. Dugun gutxi hori, geurea dena, bestalde, behingoz bereganatzeko egindako ahalegina da, aspalditik baitabiltza bide oker horretatik-eta. Une larrienean, elkartasuna eta auzolana behar denean, hemen eta han nork agintzen duen jakin dezagun edo hobeto esanda, ahantz ez dezagun, alegia. Izan ere, hori da azken batean Espainiako agintean daudenentzat bete beharreko lana, agintean dagoena egon, horrela jokatu dute, eta, euskaldunok ederki asko dakigu hori.

Hala eta guztiz ere, ez dugu amore emango, nahiz Espainiako presidenteari lehendakariak emandako erantzuna epelkeria hutsa besterik izan ez, eta Nafarroako presidentearena amore osoa ematea, herritarrok aurkituko dugu berriz ere subiranotasunaren bidea, horretan baikabiltza. Izan ere, burujabe izatera hortik soilik heldu gintezke, geuk geure lurraldean erabaki eta kudeatzea dugun egoera dugula.

Euskal Errepublika independentea ezkerretik eraikitzea izan beharko luke gure lana.

Grande Marlaskarekin hasi eta berari buruz bukatu nahi dut gaurko artikulu txiki hau, COVID-19 birusa baino birus beldurgarriagoak badirela gure artean esanez. Euskal herritar guztion segurtasun osoaren buru eta jabe dena, Euskal Herriko herritar torturatu askorentzat ondo ezaguna eta euskal presoen hiltzaile gaur egun ere, beti izango da Euskal Herriaren etsai; beraz, nekez ezer ona, eredugarria, eta eraikitzailea ekar diezaguke... Utikan!

Euskal Preso eta Iheslari politikoak gure gogo-bihotzean!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.