«Partidatzarren traza du»

Napoli eta Reala ongi helduko dira gaur iluntzeko neurketara. Italiarrek irabazi egin dute ligan, zelaian izan diren aldiro. Iñaki Lorda kazetariak gertutik segitzen die urdin argiz janzten direnei: «Joko onari garrantzia ematen diete».

Napoliko Hirving Lozano baloiarekin, aurreko astean AZ Alkmaarren kontra jokatutako neurketan. CESARE ABBATE / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun

Aspalditxoan abaila hartua du Napolik, eta gaur Anoeta bisitatuko du. Bolada gozoan da Reala, eta italiarren kontura luzatu nahi du bere aldarte ona, baina ez du edozein talde izango aurrean. Azken urteetan harrabotsa sortu dute elastiko urdin argiz janzten direnek.

Partidaren atarikoa: Hurrengo fasera begirako urratsa egin nahi du Realak, etxean garaipena lortuz

Haien berri ondo daki Iñaki Lorda kazetari iruindarrak. Osasunazalea izanagatik, Napoli «kutun» du Lordak. Haien inguruko makina bat testu idatzi du zenbait agerkaritan: «Aspaldi sortu zitzaidan harra, taldea Serie Bn [bigarren mailan] zegoenean». Ordutik gorakada handia egin du, eta Europako talderik indartsuenetako baten gisan dabil azken urteotan.

Ez alferrik Italiako ligan ere goiko postuetan egon da azken urteetan, eta ondo hasi du aurtengo aldia ere. Bost jardunalditatik lautan izan da zelaian, eta garaile izan da haietan guztietan. Urriaren lehen asteburuko partidara ez zen azaldu, ordea, koronabirus gaitzak erasanda. Agintariek, Juventusen aurkako neurketa galdutzat emateaz gain, lau puntuko zigorra ezarri zieten.

Haatik, zelaian izan direnetan erakutsitako nagusitasunak bigarren postuan kokatu ditu Gennaro Gattusok prestatutakoak: «Garai onean daude. Egia da Europa ligako estreinakoan galdu egin zutela, baina huts bat izan zen. Italian izugarri ondo daude; Atalanta astindu egin zuten».

Lordaren esanetan, erasora begirako marrazkiarekin zelairatu ohi dira. Gehienetan, bi erdilarirekin jokatzen dute, hiru puntaerdirekin, eta aurrelari bakarrarekin: «Erdilarietako da Fabian [Ruiz] da, erasokorra. Esate baterako, Mikel Merinoren antzeko jokalaria da».

Atzeko lerroan «arazo gehiago» izaten dituen arren, joan-etorriko neurketetan «beren aldera» ateratzen dira gehienetan.

Jokoan aktiboki parte hartzen duen taldea da Napoli, eta, horretan, Realaren tankera dute italiarrek: «Partidatzarraren traza du. Txapeldunen ligan jokatzeko modukoa da; pentsa, azken urteetan han aritu da Napoli, eta Realari koronabirusak ez baldin balio sasoi amaiera baldintzatu, laugarren izan zitekeen, lasai asko».

Lordak antzekotasun ugari ikusten dizkie bi taldeei. Zehaztu duenez, «joko alaia» egiten duten «talde gazteak» dira biak: «Bi prestatzaileek ideiak oso argi dituzte, gainera. Aurrera begira jokatzen dute, eta gol asko sartzeak ez gintuzke harritu beharko».

Izen handiak ditu Napolik: Lorenzo Insigne, Hirving Lozano, Dries Mertens, Victor Oshimen eta enparauak: «Lerroz lerro, beren selekzioekin titularrak diren jokalariak ditu».

Gattusoren garrantzia

Jokalari sorta horrek azeri zahar bat du gidari: Gennaro Gattuso. Futbolari ohi hori duen jenioagatik da ezagun, eta haren presentziak on egin dio Napoliri, Lordaren arabera: «Arraroa badirudi ere, suak itzaliz heldu zen. Carlo Ancelotti joan zenean, sua zegoen jokalarien eta zuzendaritzaren artean. Presidenteak hotel batean itxi zituen jokalariak». Gattusoren ailegaerak otzandu ei zituen guztiak: «Baretu zen egoera, Italiako Kopa irabazi zuten, emaitza onak heldu ziren... bi aldeen arteko lotura lanak egin zituen, eta apustua bikain atera zaie».

Napoliko zaleak ere erabat lotu dira Gattusorengana: «Energia handia du; Italiako hegoaldekoa da hura ere, eta zaleek beren moduko baten gisa ikusten dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.