KRITIKA. Antzerkia

Oiloa buruaren lekuan

Agus Perez.
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun

'Daimon y la jodida lógica'

Konpainia: Matarile. Zuzendaritza: Ana Valles. Argi-diseinua eta musika-ekoizpena: Baltasar Patiño. Testuak: Ana Valles, Robert Burton, Ives Bonnefoy, Guiseppe Adami eta konpainiako kide batzuk. Lekua: Bilboko Azkuna Zentroko auditoriuma. Eguna: Urriak 10.

Greziar eskultura bateko buru bat agertzen da Matarile konpainiaren azken estreinaldiaren esku-programan, baina goiko aldea falta zaio, burmuinarena alegia, eta haren ordez oilo polit bat agertzen da. Daimon y la jodida lógica (Daimon eta logika madarikatua) deitzen da Galiziako konpainiaren azken ekoizpena, eta haren muinean hobeto murgiltzeko, lehenago argitu behar dugu daimon hitza grezieratik datorrela eta aingeru zein deabru adierazi ditzakeela. Ana Valles zuzendariaren hitzetan, «Daimon ni ere bada, gure ni ulertezina; irrazionala denarekin [...] konektatzen duen gure atala izan daiteke; arruntasunetik kanpora begirako atea da, [...] zorotasunera doan atea».

Hori jakinda, hobeto ulertuko dugu Daimon-en planteamendua, nahiz eta, berez, Daimon-en ez dagoen ulertzeko moduko ezer, Matarile konpainiaren lan guztietan bezala, benetako dantza-lan handietan bezala. Edo, beharbada, asko dago ulertzeko haietan, baina ez logika madarikatuaren bide estuetatik, baizik eta irudietatik eta erraietatik.

Askok esaten dute —eta ni ados nago— Ana Vallesen lan guztiak berdinak direla, eta aldi berean diferenteak, baina hori berori gertatzen zaio gauzen muinera benetan heltzen den orori. Valles —eta ezinbesteko laguntza artistiko-teknikoa ematen dion Baltasar Patiño— aspaldi heldu ziren gauzen muineraino, bai sakontzen dituzten gaiei bai haiek ikertzeko baliatzen dituzten elementuei begira, eta beren muntaietan ohikoa da soiltasun handiko pasarte deklamatuak —pentsalari handiengandik hartutako txatalak izan ohi dira—, dantza zati indartsuak eta estetika arruntetik kanpoko pertsonaien presentzia.

Bide horietatik, nesken eskola-uniformea janzten zuen gizon dantzari bat ikusi dugu lehen, eta haren ostean etorri dira begi batean partxe bat zeraman neska dantzari ia biluzia, alkandora zabalik eta bularrak agerian biola prozesatua jotzen zuen interprete miresgarria eta emanaldi osoan zehar zango-luzeen gainean zebilen pertsonaia enigmatikoa, sonbreirua jantzita eta hogei zentimetroko sudurra luzitzen zuena. Horrelako izakien agerpenak ohikoak dira «antzerki-paradigmaren suntsiketa» bilatzen duen konpainiaren estiloan, europarron arrazismoari, fisika kuantikoari, planetaren egoerari, gure bizimodu tormentatuari eta inguratzen gaituen tristeziari buruzko gogoetekin batera. Kasu honetan, gainera, haiei batu zaie goi mailako musikari batzuen rol esanguratsua —haiek ere aktore jardun dute—, bateria, teklatuak, ahotsak, tronpeta, gitarra elektrikoa eta lehen esandako biola jotzen.

Konturatu orduko, bi ordu igaro zaizkigu irudi oniriko ahalmentsu haien artean, eta amaieran esandako Roberto Bolañoren hitzak izan daitezke eldarnio horren guztiaren erakusgarri: «Planeta hau bizirik dago, eta bizirik dagoenak ez dauka erremediorik. Horixe da gure zortea». Patua esan nahi izan du, ala zoriona?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.