BI AHOTSETARA

Usoak fenixak dira

2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Usopop jaialdiak, hamar urteko ibilbide oparoaren ondoren, agur esango digu gaur. Lizarrietako inguru ederrean gehienetan, Santa Katalina kapera biluzian batzuetan, eta Sarako herri xarmaz betean euri egunetan, hango eta hemengo hamaika taldez gozatzeko parada eskaini digu, eta baita gure inguruko edari eta jakiak ezagutu eta dastatzekoa ere. Hori baitu filosofia Usopopek: gerturatzen den oro etxean bezala sentiaraztea. Guztiari etekina ateratzeko joera dagoen honetan, kultura bera merkantilizatzeraino iritsi dira batzuk, eta horren aurrean, badela beste biderik erakustea izan da jaialdiak oparitu duen onena. Kulturaren arnasgunea da Usopop.

Esan bezala, hamar urte igaro dira bai jaialdiarentzat eta baita niretzat ere. Egun festibalek ez didate lehen sortzen zidaten irrika pizten, eta, hain zuzen, horregatik dut hain gustuko Iparraldeko jaialdi hau, jaialdia izenez bakarrik delako. Bertan ez daude multinazionalen iragarki erraldoiak benetako protagonista behar luketen talde eta bakarlarien izenak estaltzen. Alderantziz, Usopop ezagutzen ez nituen taldeak deskubritzeko aukera paregabea izan da niretzat. Noiserv bezalako izenak ez nituen sekula ezagutuko, ez banintz bertara hurbildu; eta orain, portugaldarraren Almost Visible Orchestra diskora behin eta berriz itzultzen naiz. Asteazken batez idatzita dago hau, eta momentu honetan irrikan nago egun Euskal Herrian ditugun artista interesgarrienez gozatzeko (Lisabo, Madeleine, Anari, Joseba Irazoki), baina are gogo handiagoa dut nire talde faborito berria zein izango den jakiteko.

Maluruski, formatu honetan azken urtez gozatu ahal izango da festibalaz, baina antolatzaileak, usoak baino gehiago, fenixak dira, eta, berandu baino lehen, ziur proposamen berri bezain interesgarriren batekin itzuliko direla. Bitartean eskerrak eman besterik ez nire bizitzako playlista osatzen laguntzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.