urtzi urkizu
Donostiako 68. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Hezurrak epeltzen dituen su bizia

2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Duela hamabost urte Aupa Etxebeste! Donostiako Zinemaldian estreinatu zenetik hona, urtero euskara hutsezko fikziozko film bat edo bi estreinatu dira: 1,5en bueltan ibiliko da batezbestekoa. Hartara, oso berri pozgarria da aurten euskara hutsezko lau fikziozko film luze estreinatu izana —horrez gain, Akelarre-ren elkarrizketen erdiak euskaraz dira—. Lan bakoitzak du bere xarma: koloretsua eta freskoa da Nora, ama-alaba harreman erakargarria du Ane-k, eta mitoei errebuelta xelebrea ematen die Atarrabi eta Mikelats-ek. Baina lauretatik proposamen zinematografikorik ausartena Hil kanpaiak da, ziur aski. Thriller ilun, itogarri eta iradokitzailea borobildu du Imanol Rayo zinemagileak. Zuzendari Berrietan estreinatu dutepelikula; Arkaitz Basterra zinemagile eta Euskadi Irratiko kritikariaren arabera, Europan bereziki aintzat hartzen dute Zinemaldiko Zuzendari Berrien hautaketa.

Rayoren aurreneko filma eleberri batean zegoen oinarrituta—Bernardo Atxagaren Bi anai—, eta, laudorioak jaso bazituen ere, dezente eskasagoa zen hura Hil kanpaiak baino —oraindik gogoan ditut aldameneko eserlekuan nuen kooperatibista batek estreinaldian bota zituen zurrungak—.

Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberria da orain Rayok libreki egokitu duena pantailarako, eta hartu duen erabakietan asmatu egin du Arbizun (Nafarroa) jaiotako zuzendariak. Horretan lagunduko zion Joanes Urkixok —Lasa eta Zabala— egokitutako gidoiak, noski. Baina Rayok irudiekin eta soinuarekin transmititzen duen atmosfera berezia da, euskarazko pelikula oso gutxitan antzemandakoa. Edizio lanetan hartutako zenbait hautuk lortzen dute thrillerra ohikotik ateratzea eta zintari kutsu berezia ematea. Aipagarriak dira, esate baterako, zenbait espaziotako planoak: etxeak, hilerria, Kristo gurutziltzatua... Lortu nahi duen helbururako biziki ongi daude erabiliak eremu horiek guztiak. Ez dira apaingarri hutsa. Eta Javier Agirreren argazki zuzendaritza ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Pozgarria da, era berean, Yon Gonzalez eta Itsaso Arana aktoreak —Madrilen ari dira lanean duela urte askotatik— euskarazko ekoizpen batean ikustea. Fin dabiltza aktore guztiak, baina zuzendariaren eskua da lanaren emaitzaren oinarria.

Izango da tramarekin hezurretaraino hoztuko den ikusle mota bat, baina Euskal Herritik kanpo funtziona dezakeen ekoizpena da. Beste jaialdi batzuetan harrera beroa izan dezake, gai unibertsalez josia baitago eta formalki apustu erakargarria egiten duelako. Bide oparoa izan dezakeen lana da, funtsean, Hil kanpaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.