gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Hamarkada (I)

2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun

Auzoko kafetegian Leonard Cohenen Hallelujah ari du. Pareko elizan langileak ari dira teilatua azalberritzen. Euritan. Azala ez, larru gogorra behar du izan garaiotan langintza horretan jarri dituen kristau semeak! Ez dakit iristen zaien hemen barneko burges ttipion aleluiarik. Amy Winehouseren Back to Black-era egin du eguraldiak. Gabon aurreko giro hau, ez dakit ondo zergatik, gustagarria zait. Ez naiz sinestuna, neuk dakidala behintzat. Kontsumitzailea bai, nahiz ez izan kontsumo zale, a priori. Kafea kontsumitzen ari naiz. Goxoa dago. Ez dut esango elizkoia ez naizenik ere, mezatara umetatik ez joanagatik elizen arkitekturek zein barrunbeek txunditzen bainaute aldi oro, eta ahal dudanetan egiten baitut sartu-irtena, astelehenetan adibidez, eliza garbitzen duten emakumeek ateak zabalik uzten dituztenean. Aleluia. Baretzen nau gabon aurreko giro honek.

Kafea kikara eskutan, langileei so, burura etorri zait Winehousek 2011n eman zuela azken hatsa, eta 2016an hil zela Cohen. Eta ohartzeke igaro dela 2010eko hamarkada. Zergatik banatzen dugu historia hamarkadatan? Eta hamarkada bat aipatzean zergatik gogoratzen dugu batez ere musika joerekin? Zergatik ez poesiarenekin, edo xahututako energia iturri nagusienekin? Cohen eta Winehouse amaitzera doan hamarkada honetan zendutakoak dira. Badakit, haiek gogora ekartzeak ez du inolako asmo berritzaileren abangoardia paradigmarik eskaintzen. Baina sosegua dakarte. Ruper Ordorikari Haizea garizumakoa disko apartaren izenburuaren erlijio kutsuagatik galdetu nionean jasotako erantzuna datorkit akordura: «Espresio batzuk leku komunak dira denontzat, eta leku horiek habitatzeak on egiten digu, erlijiotasunaz harago». Bego. Musika ere bada leku komunen partekatzea. On egiten dit Cohen eta Winehouse gabon aurreko garai honetan entzuteak, kafetegiko ezagun zein ezezagun guztiokin espazio komun bat habitatzeak. Hor kanpoan langileak ari dira teilak aldatzen. Elizaren atzeko etxean aitona-amonak bizi nituen. Oraindik begiradak harantz egiten dit eskapo, arazoren bat izan uste dudanean edo pozen bat partekatzeko gogoz nagoenean. Amonarekin egin nuen baltseo dantza aurrenekoz: Take This Waltz zen. Aleluia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.