gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Eta hamarkada (III)

2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Auzoko kafetegia itxirik dago gaur. Greba eguna da. Gaur ez da barrutik musikarik entzuten. Arrazoiz enpo dira bertoko langileak greba egiteko, baldintza duinez huts; gaur ateak itxi dituzte, ez dute musikarik jarri. Isiltasuna mintzo da, isiltasun poetiko bezain proetikoa. Proletarioa.

Plazarainoko bidea egin dut. Isuo ta Kezman soinu probak egiten ari dira. Kalean ariko dira, gitarraz eta tronpetaz lagunduta. Poesiaz elkartuko dituzte prekarizatuen arima ezinduak. Gomuta etorri zait. Paradigma aldaketa bat izan dela azken hamarraldian, lehenagotik bazetorrena, musika egin, entzun, zabaldu eta kontsumitzeko orduan. Neure buruari agindua nion albait gutxienetan erabiliko nuela kontsumitu hitza kulturari zein musikari lotuta. Baina egia baita entzun baino gehiago kontsumitu egiten dugula, azkar, arin, sarri euskarriaren berehalakotasunari emanez musikaren edukiari baino garrantzia handiagoa...

Denbora irabazi ustez, denbora galdu baitugu, denboraren kontzientzia zein izatea, eta harekin musika entzuteko moldea. Musika partekatzekoa, eta, horrekin batera, kalea. Garai hiperteknologizatu, hiperkapitalizatu eta hiperazeleratuotan kalea erauzi dugu geure bizitzetatik: kalea galdu dugu, eta kalea galdu du musikak ere.

Baina ez guztiz. Isuo ta Kezmanen gisakoak ere badira han-hemenka, baita gurean ere. Rap, trap eta hip-hop kulturaren eratorriekiko nahiz reggaeton, cumbia, bachata eta latindar musika populararrekiko errezelo garaiak bizi ditugu gurean. Nola esan, 60-70ekotan anglosaxoien rock-and-rollarekikoak adina. Irakaspenik atera liteke haiengandik, ordea. Kalea eta gorputza zeharkatzen duten musika adierazpideak dira. Edo, behinik-behin, jakin dute izaten. Gurean popak eta rockak dute gailentasuna oraindik, baina egurastu beharrean da musika molde hori, areto zein jaialdi erosoetan gozo hilko ez bada.

Musika industriaren, kapitalaren zein harreman moduen krisiak eman dezake giltzarik, pistarik, kalea eta denbora, denbora eta kalea, berreskuratzeko.

Baita egunero kafea hartzen dudan kafetegiko langileek ere; berdin jartzen dute Ruper Ordorika zein Nathy Peluso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.