Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Ederra zara?

2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Orain dela hilabete bat gutxi gorabehera, elkarrizketa bat egin zidaten egunkari honetan. Argazki bat egin behar zidaten, goizean zen, eta, agertu nintzenean, esan nien makilatu gabe, prestatu gabe nengoela, horrela ea ondo etortzen zitzaien, edo horrelako tontakeria bat. Haiek baietz, horrela behar zuela —alde batetik, nik zergatik komentatu behar nuen hori; bestetik, biak emakumeak ziren, jatorrak ziren, eta ulertu zuten non zegoen nire kezka—.

Elkarrizketa paperean atera zenean, Donostian kontzertu bat neukan. Managerra azaldu zen, mugikorrean elkarrizketa zuela, barrez, a ze aurpegia nuen komentatuz, esnatu-berri nintzen galdetuz, eta abar. Nirekin zegoen pertsona bati erakutsi, emakumea hura ere, eta berdin, barrez hasi zen, «begizuloak dauzkazu!».

Alde batetik, nire burua ikusteak, berez, nabaritzen dut zentzu askotan eragiten didala; beti egiten zait arraroa, eta orain arte fijatzen ez nintzen modu batean begiratzen diet nire fisikoaren detaile guztiei, inoiz baino gehiago ikusten dudalako nire burua, bideo edo argazkietan. Beti bezala, pena ematen dit, amorrua, gizonentzat existitzen ez diren epaiketa batzuk jasotzen ditugulako emakumeok, gure artean ere bai, gure balioa desiragarritasun-gaitasunean eraikita dagoela oroitzeko.

Gogoratzen naiz noiz hasi nintzen makillajea erabiltzen. Nerabezaroan begietan marra bat egiten hasi nintzen, ezpainak pintatzea gehiegizkoa geratzen zelako adin horietan. Gero ezpainak apur bat gorri jartzen hasi nintzen. Oso zuria naiz, ezpainak ere oso argiak dauzkat, eta ez zitzaidan gustatzen. Ez nituenean pintatzen, beti zegoen norbait ea gaixo nengoen galdetzen zidana. Gero, mutil batzuk hasi ziren esaten naturalak gustatzen zitzaizkiela neskak. Adibideak ematen zituztenean, neska guzti horiek makillatuta zeuden. Apuntatu nuen buruan, beraz, makillajea erabili behar zela, baina eraldaketa hori berezko aurpegiera zela sinetsarazteko.

Mutilei begiratzen nien, eta edertasuna ikusi nezakeen haien aurpegietan, eta ez ziren makillatzen. Banekien, orduan ere, edertasuna ez zela kontua, hor nonbait ziria sartu zigutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.