Paule Bilbao Ajuriagerra.
BI AHOTSETARA

Plazera(k) partekatuz

2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Bikote harremanak. Bai. Bikote harremanak musikaren munduan. Honakoan bi aukera daude: bietako batek talde batean parte hartzea edo biok musikaren munduan murgilduta egotea. Batzuetan, proiektu berean; besteetan, ordea, talde ezberdinetan. Lehenengo aukerari erreparatuz, onartu beharra daukat kasu batzuetan harremana hauskor bihurtu daitekeela eta taldeak harreman honetan eragin handia izan dezakeela; batzuetan, menpeko bihurtuz. Besteetan, aldiz, begirunez eta pasioz bizi dezakegu egitasmoa, jarraitzaile sutsu bihurtuz. Zure bikotekidea beste testuinguru batean ezagutzeko aukera izan daiteke, norberaren zaletasunei espazio bat emanez. Gainera, zure bikotekideak munduan bere aletxoa ereiten duen heinean, zuk haren fruituak dastatzeko aukera duzu, eta besteen gozamena ikusteko parada.

Nola bizi dugu gure bikotekidearekin edo senide batekin sormen proiektu bat partekatzea? Askotan, magiaren eta intimitatearen arteko nahasketa eder bat sortzen da, elkarrengandik ikasiz eta gozatuz. Finean, elkarlanean sortutako artelan baten moduan irudikatu genezake, bakoitzak bere pintzelkadak eta bere ezinegonak edo sentimenduak azaleratuz eta partekatuz. Modu berean, liskarrak ere egon badaude, eta sormenak batzuetan bere baitan dakarren kaosaren zurrumurruaren eztandak gauzak korapilatzen ditu. Horrela, alderdi pertsonala eta artistikoa edota kasu batzuetan profesionala bereiztean dago gakoa. Hala ere, hau ez da zeregin erraza, ez, askorentzat erronka bat bihurtzen da. Bestalde, oholtza gainera igotzen zareneko sentsazio energetiko eta kitzikagarri hori beste pertsona batekin partekatzean, sentsazioak ugaritu egiten dira. Honek harremanean eragin handia izan dezake, hau indartuz eta elikatuz.

Azken batean, aurreko zutabe batean aipatu nuen bezala, artea esperientziaren espektro osoaren eta bakartasun sentimenduaren adierazpena ez ezik, gizarte ekintza bat ere bada, besteekin partekatzean dimentsio berri bat hartzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.