gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Flamenkoa (I): Remedios Amaya

2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Sei urteko umea, egurrezko karkasa duen Thompson telebista zaharrari begira, Eurovision ikusten amaren altzoan. Lehiakideetako bat oinutsik ikusi du kantuan. Arreta eman dio. Biharamunean txangoa du eskolarekin. Han entzun dio inori «zapatarik gabekoa» azkena geratu zela, 0 punturekin. Koxkortzean jakin du Remedios Amaya zela kantaria, eta konturatu da halako mespretxuz eta burlaizez hartzen duela oraindik askok, betiko mantra astunarekin: 0 puntu, oinutsik...

Urte batzuetan ahaztu du pertsonaia, ahaztu afera.

Euskaldunon Egunkaria-k Esan Ozenki zigiluaren babesarekin atera zuen Munduko Musikak bilduma zoragarria, Fermin Muguruzak apailatua (hemendik eskakizuna bigarren bat kalera dezaten). 1997a da. Zortzi dira disko-bildumak, bat flamenkoari eskainia. Ume koxkorrak 20 urte ditu orain. Hasi da arakatzen bilduma, eta hara: han da Remedios Amaya berriro, Diego Carrascorekin batera Nana de colores sehaska kantu flamenko durduzagarria kantatuz oraingoan. Barrena inarrosi dio. Hasi da peskizan, eta ikasi du flamenko kantari handia dela Remedios Amaya, nahiz urtetan baztertua izan. Sevillan jaioa. Ijitoa. Garai bateko burlaizeak hobeto ulertu ditu.

Flamenkoak harrapatu du. Zerbaitek tira egiten dio oso barrenetik; ez daki zerk.

Gutxiago edo gehiago, aldika, beti entzun du flamenkoa, edo haren aldaeraren bat, Niño De Elche ex-flamenko autoizendatuak dioen bezala, ez baitago flamenko bat, ezpada flamenkoak edo flamenko ortodoxiak egotzitakoak: Remedios Amaya tartean.

Oraintsu Espainiako Telebista publikoak ondutako Caminos del Flamenco saioaren kapitulu bakoitzaren amaieran, ahots sarkorreko narratzaileak, gutxi-asko dio: «Ez nekien, baina ni flamenkoa nintzen, nire baitan zegoen».

Ez naiz ni flamenkoa ustez, baina haren puska bat badaramat barruan, egiten dit koxk, zimiko, azkura eder bat. Kuriositatez begiratu dut Wikipedian: Remedios Amayaren egun berean jaiotzeko zoria izan nuen. Askizun jaioa dela dio Karidadeko Bentak 2003an ateratako diskoko kantu batek.

Egia ala gezur, bego horretan Remedios Amayaren jaiotzaren misterioa bezala flamenkoaren magnetismoarena ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.