Jon Pagola.
BI AHOTSETARA

Irlak

2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Neguan hustu egiten da Donostiako Parte Zaharra. Auzoak azken hamarkadan hartu duen bide merkantilista eta turistifikatzailearen ondorio zuzena da: udaran kanpotarrez betea dago, eta, behin Gabonak pasatuta, kaleak lasai daude, eta sentsazio bitxi zein arraro bat sorrarazten dute. Logika badauka: turistentzat diseinatutako ekosistemak ez du zentzurik turistarik gabe. Ez dira ikusten turistengandik eskapu dabiltzan hiritarrak. Ez dabil inor dentista baten kontsulta diruditen zuriz margotutako tabernetan. Bizilagunek ez dute trago bat eta pintxo bat hartuko lau euroren truke. Eguraldi hotzak ez du laguntzen. Jendeak etxean geratzeko joera dauka, goxo-goxo, Netflixen eta Instagramen konpainian.

Betidanik izan dut gustuko gauez ateratzea. Kasu gehienetan, aspaldi hartu dute erretiroa nire adineko jendeak (41 urte ditut), baina nik berdin jarraitzen dut: errutina berarekin. Tabernazalea naiz. Zer egingo diogu, bada, beste batzuek gimnasiora joatea maite dute larunbat goizean pantaila baten aurrean korri egitera. Duela gutxi Gipuzkoako rock-and-roll talde bateko gitarra jotzaileak urregorrizko galdera egin zuen: nora doa gure rolloko jendea gauez ateratzen denean? Non entzun eta dantzatu daitezke Donostiako Parte Zaharrean The Undertones, Blondie, T. Rex, The Runaways, B-52, The Stooges, Amyl & The Sniffers, The Mystery Lights eta beste hainbat artista?

Esanguratsua da erantzuna: inon ez. Gure rolloko jendea aspertuta dago etxean edo, asko jota, inertziaz eta ia oharkabean, dirdira handirik gabe, aurkitu daitezke zenbaitetan tabernetako mahaien inguruan eta barra alboan. Edonola ere, irlak badaude, eta beti hor egon dira. Hona hiru leku gomendagarri, guztiak historikoak dira: Altxerri, Ensantxe eta Akerbeltz. Lehenengo biek kudeatzaile berriak dituzte; Imanol Basterra tabernariak, aldiz, 10 urte egingo ditu aurten Mari kaleko sotoan eta ospakizun festa antolatuko du udaberrian. Urte askotarako, Aker!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.