Gorka Larrañaga. Artista

«Ikuslearengan beste begirada bat sortu nahi nuke»

Mudatze bat, fisiko nahiz artistikoa. Mexiko utzi eta Euskal Herrira itzuli da Gorka Larrañaga artista. Irudiari berari eman nahi dio balio estetikoa, oroz gain.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Gorka Erostarbe Leunda.
Donostia
2018ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Dozena bat urte egin ditu Mexiko Hirian Gorka Larrañagak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1974). Bai artista jardunean (margolari eta marrazkilari), eta baita Casa Galeria proiektu pertsonala garatzen ere—sortzaileei babesa emanez, galerista lanetan, eta proiektu komunitarioak lantzen—. Alabaina, Euskal Herrira itzultzea erabaki du, eta lehen ere bere lanak erakutsitako Donostiako Arteztu galerian paratu du Reset erakusketa (urriaren 2ra arte). Zuri-beltzeko dozena bat lanek osatzen dute bilduma.

Mexikotik Euskal Herrira etorri, eta jada ez duzu kolorea erabiltzen lehen bezala?

Hamabi urtez Mexikon bizi izan naiz. Berez izan naiz kolore zalea, beti erabili izan dut asko kolorea, ilustraziotik eta komikigintzatik nator eta. Mexikoren eraginez, oso kolore artifizialak erabili izan ditut, baina heldu da momentu bat non saturatu egin naizen. Orain ez nuen kolorearen beharra. Kolorea alde batera uzteko gogoa nuen, baita irudien bitartez kontatu beharrekoa uzteko eta husteko ere, biak.

Edukiz, kontzeptuz husteko ahalegina dago azken obra honetan?

Bai, azken urteetan konturatzen ari naiz irudien artista naizela, irudiak egitea dela nire jarduera. Irudi horiek egiteko hau da nire bidea: argazkietatik hasi eta marrazki edo pinturaren bidez bukatzea; eta hortik irudi poetikoak edo emozio estetiko bat sortzen duten irudiak sortzea. Irudiak bere kabuz izan behar du autonomia bat gauzak manifestatzeko, eta konturatu naiz, akademiaren edo unibertsitatearen eraginez, eta baita arte garaikidearen joeren eraginez ere, eduki dudala halako konplexu bat eta gauzak justifikatzeko behar bat. Halere, gaur egun lan metodologia bat lortu dut, oso garbia, eta paradoxikoa da hori, nire lana oso eklektikoa baita, baina lan egiteko modua, aldiz, beti bera izaten da. Erabaki dut lan egiteko metodo hori erabiliz, gauzak ez kontatzea ia hitzez, eta irudiak ahalik eta garbien edo hustuenak izatea. Irudiak berak izan behar du halako aura independente bat.

Zein da metodologia hori?

Izen bezala jarri diot Collage hustua, trantsituen arteko bide bat delako. Askotan abiatzen naiz argazki batetik, bai neuk egindakotik edo bai Interneten edo aldizkari batean topatutakotik; hori hartu, fragmentatu, manipulatu ordenagailuan; gero hori berriz ere inprimatu oihal batean; ateratzen den hori berriz ere ordenagailura eraman; han berriro interbenitu, eta berriro inprimatu... Lanketaren errepikapen horretan irudiaren esentziara joaten zara. Errepikapen horretan beti galtzen da zerbait, baina beti irabazten da zerbait. Irudia garbitu egiten da horrela, hustu, hondarra kendu. Hori da nire bidea, urteen poderioz ikasi dudana, eta nire metodologia bihurtu da.

Margolaritzat duzu zeure burua oraindik ere?

Bai, baina egia da Mexikon neure burua deskubritu dudala marrazkilari gisa ere, konplexurik gabe. Ohartu naiz hobeto mugitzen naizela marretan, puntuetan... Bai, margolaria naiz: gustatzen zait margoa, gustatzen zait pinturaren potentzia; hori ez dut ukatzen, baina esango nuke orain gehiago naizela marrazkilaria.

Diskurtsoz gainkargatua sumatzen duzu artea garaikidea?

Artea etengabe ari da eraldatzen, eta argi dago: urte batzuetatik hona, eskuaren erabilerak garrantzia galdu du. Egun, artean gauzak askoz ere gehiago intelektualizatzen dira, memoriarekin, filosofiarekin eta beste adar batzuekin erlazionatzen dira, eta hortik sortutako ideiei tratamendu artistikoa ematen zaie. Garai batean eskulan ariketa bat zen gehiago, eta egun ariketa intelektual bat da. Niri beti gustatu izan zait irudiaren indarra, beti gustatu izan zait telebista, zinema, komikia. Irudia azken batean, eta ni hor mugitzen naiz. Heldutasunak hori ematen dizu: badakizula zer gustatzen zaizun eta zer egin nahi duzun. Ni konturatu naiz irudigilea naizela. Nire kasuan ez dut beharrezkotzat ikusten diskurtsoa garatzea.

Zure proposamenean badago begiradaren mantsotze baten aldarria?

Bai, uste dut, ariketa honekin, beste begirada baten beharra bilatzen ari naizela. Ikuslearengan beste begirada bat sortu nahi nuke. Begirada urduria dugu egungo gizabanakook, gainazaleko begirada darabilgu... Nire asmoa litzateke behin hori gaindituta, kuriositatea sortzea beste begirada bat erakartzeko. «Hau zergatik egin du?»; «Honek zerbait iradokitzen dit, baina ez dut garbi ikusten...», eta halakoak pentsatzen dituenari beste begirada baterako nahia eragitea.

Giza irudien erretratuak darabiltzazu abiapuntutzat.

Bai, oinarrian erretratua dago, teknika oso fotoerrealistarekin egindako hamar erretratu dira. Horrek esanahi eta konnotazio oso garbia dauka: estereotipo artistiko bat hartu, erretratua bisturiarekin txikitu, eta sortu zerbait guztiz berria dena, giza irudiaren zati bat bezala ulertzeko kode batzuk mantentzen dituena, baina sentsazio berriak sortzen dituena. Batzuetan dira oso naturalistak, beste batzuetan oso pultsionalak, sentsitiboak, eta besteetan oso paisajistikoak, baina gehienak abstraktuak eta iradokitzaileak. 1980ko hamarkadan nik zurrupatu nuen komikigintzaren eragina sumatzen dut, teknikan, Daniel Clowes etortzen zait asko gogora...

Erretratuak antzaldatu eta gizaki modernoaren isla bat ageri da, keinu urduriak, ia eskizofrenikoak...

Bai, eta ni neu talde horretakoa naiz. Ni neu telebistarekin hazitakoa naiz, eta lau gauza batera eginez egiten dut lan. Ikusten dut gaur egungo eskizofrenia horren semeetako bat naizela. Horregatik, zerbait terapeutikoa ere bada niretzat sorkuntza ariketa, baina bilatzen dut ikuslearengan ere, nik bezala arreta gabezia duen gizaki horrengan, jakin-mina sortzea, jakin-min horretan harrapatu, eta horretatik esperientzia kontenplatibo bat sortzea. Jakinik ni neu ere haietako bat naizela: asko kostatzen zait kontzentratzea, mila gauza egiten ditut aldi berean, beti irudien jarioan nabil murgilduta...

Kontenplaziorako ahalmena galdu dugu behatzaile gisa?

Bai, Monica Galban komisarioak esaten du egunero sortzen direlahainbat irudi ez dutenak begirik topatuko, jarioa hain da handia... Horrenbeste demokratizatu da irudiak sortzeko ahalmena; denok gara irudigileak. Oso zaila da begirada bat topatzea. Irudia lantzen duen artista izanik erronka itzela da begirada bat topatzea. Baina neu naiz lehen gaixoa.

Reset izenburuak erreferentzia egiten dio zure ibilbide artistikoari edo artearenari berari orokorrean?

Uste dut pertsonala dela gehiago kontua, baina... Agian orain sentitu dut unea gauzak berrasteko. Mexikotik itzultzea erabaki dut, eta nire lanean ere eragina du horrek. Kolorearen erabileraren saturazio bat daukat. Bizitza eta artea paraleloan doaz ,eta behar nuen hasiera berri bat. Baina Reset izan liteke baita irakurketa orokorrago bat ere: bigarren begirada, esperientzia kontenplatiboa artean...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.