gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Biba Vegas

2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Bakandurik nahi gaituzte; bakandu gintuzten, isolatu. Geure artean errietan jarri, ezpada elkarren zelatatzaile, eta ez elkarren zaintzaile. Maxima zaharra du botereak; eta funtzionatzen dio, inondik ere.

Aitortu du depresioaldi bat izan zuela itxialdi luzearen ostean, hasieran ondo eraman zuela, baina gero etorri zela ostiakoa. Geratu zela ia harremanik gabe, zeri heldu ondo jakin gabe. Baina etorri zitzaion barne-indar bat bizitzari eusteko, sorkuntzarako bulkada bat; umetako adiskide bat, gitarra zahartxo bat, eta Raymond Carverren liburuak eraman zituen kostaldeko herrixka txiki batera, Asturiasen. Laguntasunaren beroa, eta kantuaren abaroa, bi-biak topatu zituen.

Eta samurtasuna. Barrena eri, hautsita dagoenean, aurrera egiten laguntzen duen ukendu betiereko hori: samurtasuna. Carverren hitzak bere eginez hala abesten du El don de la ternura kantu berrian: «Ez dago azken buruko garaipenik, ezta erabateko porrotik, irmotasunez iritsiko da, eta ez dute ulertuko samurtasuna dela gure dohaina».

Samurtasunak eman dio bizi berri bat, kantu berri bat. Azalberritu da Nacho Vegas. Kantua arima hauskorrentzako ostatua da, aterpea. Eta, sarri, errealitate astun-nekoso-polarizatuetatik indar berri eta kohesionatuagoz ateratzeko artefaktua.

Eta, samurtasuna, sarriegi nork bere etxeko sukaldera bakandutako, isolatutako intentzio oneko tresna arin-usteko bat. Saiatzen dira gu bakantzen, gu isolatzen. Ez dezagun guk samartasuna ere isolatu. Atera dadila zokondotik, lau haizeetara, kantuaren bidez har ditzala auzokoen gorputz gogoak, har dezala dimentsio sozial bat.

Neu amorratu eta gotortu samarturik nintzen azkenaldi luzean, zer duda egin. Ahaztuak nituen nola kantu baten dohaina hala samurtasunaren domaina.

Bere buruari samurtasuna eta kantu eder bat emateaz bat, bien dohainen oihartzunak txertatu dizkit gogo-gorputzetan Vegasek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.