gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Argibegiak

2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Ilun giroan, argia. Lehen ere horretara emana zen; joera iluneko musiketatik urrunduta, dantzarako, elkar-hartzeko, edo rollo ona transmititzen duten musiketan arakatzeko, eta haiek geureganatzeko, pintxatzeko eta sortzeko jaidura eta abilezia bere-bereak baitira. Berdin musika elektronikoaren aldaera dantzagarrienekin, jazz eta funkyaren groove bihurrienekin, soularen kulunkarik goxoenekin, edota jatorri afro-latinoko joera desberdinekin... Musika beltza eta haren molde ugariak lotune. Baina, belarrira ez ezik, barne begietara, edo beste zarauztar batek esan bezala, bihotz begietara sartzen den argitasun bat eragiten duen musikan jarri izan du arreta Mikel Unzurrunzagak (Mikel Makala musikaren munduan) bere ibilbide jada luze oparoan, eta horiekin guztiekin disfrutatu izan du, eta disfrutarazi du.

Bestelako bide bat hautatu du oraingoan zale melomanoaren bilaketa lanerako. Euskal Herriko musiketan jarri du belarri ernea, eta altxorrez beteriko bilduma osatu eta ekarri du argitara: Katebegiak. 1972 eta 1985aren artean ernatutako talde eta musikari zenbaiten pieza argitsuak bilduz. Makalak berak eta Antton Iturbe musika kritikariak ondo azaldu bezala, 60ko eta 80ko hamarkadetan Ez Dok Amairu kolektiboak eta Euskal Rock Erradikalaren eztandak bereganatu zituzten argi foku guztiak, hurrenez hurren, eta, bi polo horien artean, erdi itzaletan geratu ziren beste proposamen estetiko eta sonoro interesgarri zenbait, rock eta folk psikodelikotik, jazz-rocketik eta progresibotik edaten zutenak, besteak beste.

Argitsua da bilduma; argia dakarte ahaire horiek, esaterako, deskubrimendu handiena egin zaidan William S. Fischer musikari estatubatuarrak egindako Pello Joxepe-ren moldaketak. Argitsua da garai ilunotarako proposamen hau egitea, euskal musika ez-hegemonikoari erreparatzea, argitsua bilduma landu modura aurkeztea dena single, fast eta light den garaiotan.

Eta zer diren musikaren zoriak eta argiak. Garai bertsuan plazaratu du Iruñeko Broken Brothers Brass Band talde bakanak Katebegia izeneko pieza argitsua ere.

Eta galdera airera. Hemendik zenbait hamarkadatara nola hartuak izango dira Makalaren eta Broken Brothers Brass Banden musikak? Ildo nagusien katebegi edo ertzetakoen argibegi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.