Jon Pagola.
BI AHOTSETARA

The Clash eta erromantizismoa

2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Orain dela hamabost egun, Fernando Navarro musika kazetariaren lehen eleberriaren aurkezpenean izan nintzen. El País egunkarian pasio handiz idazten du Navarrok, eta bistaz ezagutzen dut. Nick Cave & The Bad Seedsek Batzelonako Primavera Sound festibalean emandako kontzertu ikaragarri baten ostean, kasualitatez topatu nuen kazetarien gunean. Tipo atsegina eta hurbila iruditu zitzaidan. Estatu Batuetako rock-and-roll doinuetan dago espezializatua; nik, aldiz, Erresuma Batuetan jarri izan dut radarra. Nahiago ditut The Beatles, Bowie eta The Smiths.

Filiak eta fobiak alde batera utzita, solasaldia benetan interesgarria izan zen niretzat. Abiapuntua erreferentzia autobiografikoz josia dagoen liburu bat izan zen, Todo lo que importa sucede en las canciones izenekoa. Azkenaldi honetan buruan izan dut bueltaka, jada erdi zorabiatuta, aurkezpenean entzun nuen gogoeta bat. Ez dagoela egungo musikan The Clash bezalako talde iraultzailerik ohartarazi zuen Navarrok. Orain dena dela negozioa, Instagram, postureoa eta hedonismo hutsa gizonezko eta emakumezko pop artisten artean. Erromantizismoa egun batetik bestera desagerrarazi dela, alegia. Musika urbanoa ez da gai izan kontrakultura bat ezartzeko, eta sistemaren zurrunbiloak irentsi du.

Solasaldia bukatu eta berehala, bere liburua sinatzeko eskatu nion. Hizketan hasi ginen. Eta galdera erretoriko hau bota nion: «Benetan uste duzu ez dagoela The Clash bezalako talderik?». Vulk bizkaitarrak eta Biznaga madrildarrak jarri nituen adibide gisa, eta hark erantzun zidan, gustukoak dituen arren, London Calling albumaren egileekin ezin direla konparatu. The Clash erraldoiak izan ziren, eta Vulk nahiz Biznaga zirkuitu independentean dira soilik ezagunak. Arrazoi osoa dauka. Mundua aldatu da denbora gutxian. Ikaragarri. Nire etxera bueltatu nintzen, eta Fernandok idatzitako dedikatoria irakurri nuen: «Jonentzat, erresistentzia musikalaren bihotza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.