BI AHOTSETARA

Tabernak (eta II)

Gorka Erostarbe Leunda -

2019ko martxoak 10
Anglobalizazioa bilakatu baita kudeatzaile publiko zein pribatu handixkoen kultur ekinbideen makulu diskurtsibo azken hamarkada luze(et)an (multikulturalismo onberaz mozorrotua), eta makrojaialdien ebentismoa paradigma horren galgarik gabeko jarduera monetarioa. Baita gurean ere; edo gurean bereziki? Guggenheim fenomenoak luzeak baititu atzaparrak; Bilboz landa, Easo hiriarekin egiten ari direna, eta egin amets dutena adibide.

Sosen pilaketa aiduru, turismo logiken planteamenduek hartu baitiote gaina aspalditxoan (progresio geroz eta arinagoan) kulturak behar lituzkeen oinarri etiko, estetiko zein kritikoei.

Jendez mukuru nahi dituzte futbol zelaiak, hipodromoak, mendi maldak, hondartzak, kasko historikoak... eta bitartean, auzoak eta bertako komertzio txikiak (tabernak tartean) husten eta odolusten uzten dituzte, ia ohartzeke horietan sortzen dela kultur magma oinarrizkoena, bizi-bizirik dagoena. Bizi jarduera kohesionatu eta kritiko bati arnasa emango diona. Auzoetako lokal horietan ematen dituzte lehen urratsak musika talde askok eta askok, auzoetako areto txiki eta tabernetan topatzen dute zuzenekoetarako lehen aterpea. Gune horietan hartzen dute gorputza gero makroebento horietara eramango dituzten musikari eta taldeetako batzuek.

Alabaina, dekretu bidez hartu dute erabakia. Eta hartu dute erabakia, taberna /areto horiekin harremanetan jarri gabe —esan genuen aurrekoan ere, ez dira horrenbeste kultur jardunbidea sustatzen dutenak—. Sustatu nahi duenari laguntza ematea, babestea, zer hoberik egin dezake administrazio publikoak. Zer hoberik begi-belarriak ireki, eta Arteak Ireki bezalako plataforma batekin, gutxien-gutxienik, harremanetan jartzea?

Eskertuko lukete musikariek; eskertuko lukete tabernariek; eskertuko lukete auzokideek; eskertuko lukete kultura anglobalizazioaz eta ebentismoaz harago -edo honantzago- ulertzen dutenek.