gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Txoriak txori

2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Egunsentiarekin batera balkoira irten naiz beste behin. Txoriei beha segitzen dut, nahiz ez jakin haien izenik. Entzuten ditut, nahiz ez jakin bereizten zein den noren kantua. Ain't no sunhine al alba, temo haberme consumido... Migratu dute txoriok ere, beste mundualdiren batera. Irudikatzen ditut etxe pareko kable elektrikoan jarrita, kantari, ostertz askeago baten miran. Bill Withers, Luis Eduardo Aute, Rafael Berrio...

«Goizala albaaa, goizalba albaaa» xuxurlaz hasi dut eguna, balkoian. Argitu duenerako, txorien kantuen audio eder bat bidali dit Iñigo adiskideak Aiatik, frexko-frexko grabaturik. Enarak dituk, txolarreak? Neure galdera ezjakina. Zozoa, birigarroa eta birigarro frantsesa, haren erantzun zehatza. Ezjakinaren ezina sentitu dut aurrena; bizipoza hurrena.

Aberri Eguna da gaur; Laboaren Txoriak txori kantatzeko aldarterik ez dut; aberri himnorik kantatzeko gorputzaldirik ere ez. Haizerik apenas dabilen, eta auzoa bihurtu da nire aberri, inoiz baino nabarmenago. Marmarrari gailendu zaio, ordea, hunkidura zimiko bat, auzokideak kantuan hasi direnean. Auzoa sentitu dut, ez aberria.

Behin izan nuen Laboa elkarrizketatzeko aukera. Txoriez mintzo zen orduko hartan, beste ezertaz baino gehiago. Gogoko zuen Messiaenen Le Réveill des Oiseaux. Txoriei mintzo zitzaien Pettiren zoroaz akordatu naiz. Txoriekin hitz egiten duena zorotzat duten jendartea eraiki dugu. Eta pandemia garaian hasi gara leiho-balkoietatik beha, txoriak non ikusiko, kantuak non entzungo.

Eta eskerrak. Eskerrak baden jakintza izan eta zabaltzen dakienik. Asier Sarasua biologoak egunero proposatu du txori baten kantua sarean. Gorka Zabaleta kazetariak zazpi minutu luzeko bideo eder bat osatu du etxetik ikusi eta entzundako txorien irudi, hegaldi eta kantuekin.

Ez ditut sareko musika emanaldiak ikusi orain artean. Antsia areagotu da garai antsiozkootan, antsia iritzietan, antsia eskaparatean egon beharraren beharraz. Desagertzearen beldur.

Txorietara joan zait gogo-gogamena, entzumena; antsiolitiko natural bat balitz bezala haiekiko mira.

Beranduegi akaso.

Ain't no sunhine al alba, temo haberme consumido...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.