BI AHOTSETARA

'Artea'

2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Nire etxeko bakardadean denbora luzez egosten eduki dudan diskoa erostea nahi dut jendeak. Horretarako, ordea, sare sozialetan bisitak behar ditut; bisitak behar ditut kontzertuak emateko, dei nazaten hau dena amaitzean. Baina bat-batean mezu bat: «Ez duzu edukirik igo behar?». Zer ez badut nahi? Hau al da ordaindu behar dudan prezioa? Sortzaile gisa dudan talentu apurra sare sozialetan jendea entretenitzeko dudan gaitasunarekin lotuta al doa? Beraz, erritmo ezin frenetikoagoan ez badut ekoizten, algoritmoen zulo beltzean eroriko al naiz? Eta orduan ez al nintzateke horren artista izango?

Ongi ulertu badut, musikari ona izateko denbora gutxiago eta presio handiagoa dut orain. Nire kantuen kalitatea sakrifikatu beharra dut eduki gehiago igoz, ikusgarritasun handiagoa izateko sarean. Horrela, ordea, komunikatu eta hunkitu al daiteke norbait, ni neu ere ez banau emozionatzen egiten dudanak? Ez hori bakarrik; edukiak azkar igotzeaz gain, modu azkarrean hausnartu behar ditut gauzak, ahalik eta eduki interesgarrienak sortu eta nire jarraitzaileak estimulatzeko. Horrekin, ordea, ni ez naiz zoriontsuago, eta geroz eta gehiago oroitzen ditut, nostalgiaz, sare sozialik gabeko garaiak.

Garai haietan ez nituen horrenbeste jarraitzaile, beharbada ez nituen horrenbeste kontzertu ematen, eta ez nuen honetatik bizitzerik. Baina gogoz egoten nintzen lanetik atera eta entseatzera joateko edo asteburua iritsi eta kontzertuak emateko, edo besterik gabe, etxera iritsi eta sortzeko inorekin momentua partekatu beharrik gabe. Ez da erraza, ordea, like-ek ezarri duten diktaduratik ihes egitea. Kontsumitzaile gisa ere ohartu naiz nire denboraren zati handi bat xahutzen dudala niretzat interes berezirik ez zuten edukiak irensten. Orain tripako minez nago,eta ez dakit non lortu sendagaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.