Gorka Erostarbe Leunda.
BI AHOTSETARA

Tiny Desk (I): C. Tangana

2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Bitxia bada behintzat: ez dira bat, ez bi, gertuago daude dozenatik, erdi herabe erdi irribarre bihurriaren jabe aitortu didatenak C. Tanganaren iazko lana, El Madrileño, gustatu soilik ez, zirraragarria eta flipagarria iruditu zaiela. Adiskideak denak, estimatuak lagun zein musikazale modura. Euskaldun eta euskaltzale zintzoak. «Ez dakit, pertsonaia bera, tira, harroxkoa eta, ez zitzaidan bereziki gustatzen, baina, kontxo, a ze diskoa, eta a zer kontzeptualizazio lana!», gutxi-asko horietako bospaseik. Neuk ere antzeko sentsazioak izan nituen. Horixe baitu musikak, pertsonaien eta gure ideien, are, ideologien, eta bizitza ikusteko moduen zein konplexuen zirrikituetatik egiten duela bidea, bide sakona sarri, ia gure erraietaraino. Beste upel bateko sagardoa da, baina aipatzea merezi du: Rosaliak atera berri duen Motomami ere obratzarra da, eta aldez edo moldez, Tanganarenarekin dialektikan dago...

Gauza asko ditu azpimarragarriak Tanganaren obra hark, baina nekez pausatuko nukeen belarria diskoko kantu guztietan behar adinako patxadarekin bere etxean egindako Tiny Desk zuzeneko kontzertua ikusi izan ez banu Youtuben. Duela urtebete plazaratu zuen, urtebete oraintxe, eta diskoko lau pieza biltzen zituen: Me maten (Antonio Carmona lagun hartuta), Los tontos (Kiko Veneno), Demasiadas mujeres eta Tú me dejaste de querer (La Hungara eta Niño de Elche).

Ia dozena urte lehenago hasi zen ekoizten Tiny Desk kontzertuak NPR Music AEBetako irrati publikoko musika katea. Etxe bateko egongelan, hurbileko giroan, farfaila handirik gabe, ordu erdi inguruko saioak eskaintzea zen asmoa. Arrakasta, uste baino handiagoa: ia 1.000 saiotik gora hamahiru urteotan eta 2.000 milioitiko gora ikustaldi NPR-ren Youtube kanalean.

Formatuarekin asmatu zuten, zer duda egin; baina C. Tanganaren saio hark koxka bat gorago egiten du. Oturuntza handi baten osteko mahai-inguruaren errepresentazioa; edo ez hain errepresentazio, benetan bizitakoa baitirudi egiazki. Diskoan parte hartutako hainbat lagun, mahaiaren bueltan. Musikak baturiko bizipoz komunitario baten koadro kostunbrista flamenko eta koloretsua; musikaren oso barreneko dei baten oihartzuna dakarrena.

Nola muzin egin? Zergatik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.