Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Euskaltechre

2015eko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Bartzelona. Sonar jaialdia. Gaueko hamarrak aldera SonarHall agertokiko argiak piztu dira. Amaitu da Autechre-ren emanaldia. Bertan hil nintzatekeela sentitu dut. Nire bizitzan musika entzuten pasatutako ordu guztiak honetarako prestakizuna izan direla eta, beraz, amaierara iritsi naizela otu zait. Unibertsoko doinu guztien aldibereko inplosioa aho bete hortz entzun ondoren, urrunago joaterik ez dagoela pentsatu dut. Orain dela 20 urteko Antton gogoratu dut, pop eta rock zale amorratua, beti instrumentisten trebezia, abeslarien emozio eta hitzen zorroztasunari adi. Autechre-ren Tri Repetae diskoa entzuteak musikarekiko zuen jarrera betirako aldarazi zion gazte hura: elektronika eta soilik elektronikaren bitartez sortutako doinu haiek sentiarazten zizkioten milaka emozioei ezin eutsirik dar-dar egiten zuen rockerra.

Baina jaialdiak aurrera egin du noski, eta pixkanaka musika zirraragarri berrien artean baretu dira nire barneak eta gozatzen jarraitzeko gai izan naiz. Bartzelonatik bueltan, ordea, Lander Arretxeak Argia-n argitaratutako Orain da zure garaia artikuluak berriz ere duela 20 urteko kontu haietara eraman nau. Landerrek, besteak beste Ion Andoni del Amo-ren Party&Borroka tesiaren edukian oinarrituz, musika elektronikoaren eta Euskal Herriko zale eta gune alternatiboen arteko erlazioaren zailtasunak azaltzen dizkigu. Azken horiek harekiko erakutsitako mesfidantza eta aurreiritziek eragindako marginalizazioa bikain salatzen ditu. Euskal rockaren eta punkaren itzala luzea izan da, baita musika elektronikorako iragazgaitza ere. Europako hainbat herrialdetan ez bezala, hemen elektronikak nekez lortu du gune eta ekitaldi alternatiboen parte izatea.

Gauzak azken urteotan aldatzen ari diren arren, guztiz bat nator Landerren artikuluarekin, eta penaz pentsatzen dut 1995 inguruan gure euskal punk, rock eta hardcore talde handiak izan genituen bezala agian gure euskal autechreak ere han zirela, radar guztien azpitik soto batean ikaragarrizko musika sortuz. Inoiz jakiterik izango al dugu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.