Oier Guillan. Antzerkigilea eta idazlea

«Euskal teatroa atzeko atetik iristen da antzokietara»

Zauriak agertzeko garaia dela dio Gillanek; norbere arrakalak, kontraesanak plazaratzekoa. Bere ibilbidearen bilakaera kontatuz, antzerkigintzari buruzko gogoeta eta (auto)kritikak plazaratu ditu 'Zauri Bolodia'-n.

Gorka Erostarbe Leunda.
Errenteria
2018ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
«Aktorearekin ariko zarela uste dut». Hala erantzun du solasaldian aktorea, pertsonaia edo pertsona ariko den galdetuta. «Oso zaila da pertsona bezala jardutea pertsona bezala zaudenean ere, denok ditugulako egunerokoan maskarak. Are, iruditzen zait aktorea ere pertsonaia mota bat dela». Lotsatitzat du bere burua Oier Guillanek (Donostia, 1975), baina lotsarik ez bere kontraesanak agerian jartzeko, eta haietatik abiatuta etengabe deseraiki eta eraikitzen ari den antzerkiaren eta sorkuntzaren inguruko diskurtsoa osatzeko. Ahots propioz ari da, baina gu-ka hitz egiten du: antzerki eta kulturlagunak sartzen ditu gu horretan: Mikelazulo elkartea, Metrokoadroka konpainia, Dejabu Panpin... Poesia eta antzerkiaren inguruan dabil biraka, batetik besterantz, eta bestetik baterantz. Gorputzak gidatzen du...

Gorputzik gabeko sorkuntzarik bada?

Antzerkian ez, nabarmen. Antzerkian gorputza lanabesa baino zerbait gehiago da. Lana ulertzeko modu bat da gorputza. Akaso sinplekeria da hau esatea, baina oso teatro polita egin daiteke testutik abiatzen zarenean, bai, baina burutik gorputzera egin behar duzu bide; ariketa eta bilaketa arrazionalagoa da; egin behar duzu ahalegin bat hori gorputzera eramateko. Hori izaten da testu antzerkiaren erronka handietako bat. Guk egiten dugun teatro motan, alderantzizko bidea jorratzen dugu: gorputzetik hasi, inprobisazioetatik, aktore bakoitzak ematen duenetik, modu libre batean sortze prozesu bat eginez, eta hor gorputza sartzen da bete-betean, eta hortik joaten gara testura.

Eta gorputza erdigunean izanik, ezinbestean zauria azaltzen da...

Bai, zauriak era askotakoak izan daitezke: oso fisikoak eta oso barnekoak ere bai... [hasperen egin eta asko pentsatu ondoren]. Liburu hau idatzi bitartean, intuizioz, sumatu nuen kontatu nahi nuena bilakaera bat zela, antzerkia eta sormena bizitzeko modu bat nik ezagutu izan dudana, baina ez oso modu bukolikoan. Ez nuen gehiegi idealizatu nahi. Hortik datoz zaurien ideiak. Pertsonaiaren izenean berean dago zauria; guztiari lotura emateko interesgarria iruditu baitzitzaidan haren gorputzetik ezagutzea bilakaera hori, sinbolo edo metafora bezala. Nola joaten den eraldatzen aktorearen gorputza, eta zer sentitzen duen hortik, eta hori da transposizio bat bere ibilbidearena eta kultura ulertzeko modu batena.

Pertsonaia hori sortzeko, zauri horiei erreparatzeko, autokritika ariketa handi bat egin duzu. Asko sufritu duzu?

Egia esan, ez. Idaztea bera ez da izan sufrimendua niretzat, akaso pixka bat; pasarte batzuk zein tonu eta pisu hartzen zuten ikusita, kezka bat izan nuen, ez ote zuen kutsu ilunegia hartuko. Baina hor egon bagara hainbeste urtean, gauza onak egon badaudelako egon gara.

Zure testuei eta zure jardunari erreparatuta, nabari da gorputzaren inguruko kezka bat izan duzula, intuizioz agian. Gero, denborarekin, adibidez generoaren ikuspegiarekin etorri diren galderekin, ematen du berretsi egin direla gorputzaren zentralitatearen ingurukoak.

Bai, intuizio haiek uste dut berretsi egin direla. Hasieran, ni ez nintzen kontziente. Eskuen sustraiak argitaratu nuenean [poesia, 2009], lagun idazle batek esan zidan gorputza asko ikusten zuela liburuan, eta ez ote zen antzerkian nenbilelako. Orduan egin nion galdera lehenbiziko aldiz neure buruari; ordura artekoa intuitiboa izan zen, ez nintzen kontziente. Generoari loturiko gaietara ere oso modu intuitiboan pasatzen joan naiz, eta gauza batek bestera eraman nau. Gauzak elkarrekin gurutzatzen dira batzuetan, eta horrek eramaten zaitu gero eta kontzientzia handiagoarekin egitera gauzak, eta inkluso intentzionalitate batekin. Mr. Señora [antzerkia, 2016] eta Miss Karaoke [antzerkia, 2017] intentzionalitate argi batekin idatzi nituen; zerbait mugitu da guregan, eta horretara goaz bete-betean. Baina, adibidez, Arra. Arraroa idazterakoan [antzerkia, 2010], Eskuen sustraiak-etik oso gertu denboran, ez neukan hainbesterainoko kontzientziarik, inondik inora. Are gehiago, oso modu bazterrekoan idatzitako lan bat izan zen; ezustean, bere oihartzuntxoa izan zuen, eta zer pentsatua eman zidan, zer deskubritua neure buruan... Arra. Arraroa gehiago etorri zen teatro motibazio batetik, gehiago irakurtzen bainituen Angelica Liddell, Rodrigo Garcia... Haien idazkera oso erakargarria zitzaidan, eta gehiago izan zen estilo ariketa bat, ea zer topatzen nuen nik erraiak mugituko zizkidana.

Arra arraroa-k oihartzuntxoa izan zuela esan duzu. Zer da, zuretzat, arrakasta izatea lanean?

Zure lanaren bitartez benetako komunikazio bat osatzea hartzailearekin, publikoarekin, irakurlearekin. Beti esaten dugu sortzaileok guretzat egiten dugula lehenik; ados, behar batetik etor daiteke, ados, baina behin kalera ateratzen denean, zera nahi duzu, proiekturik arriskatuena, esperimentalena eta arraroena egiten duzunean ere, jende batengana iristea. Mugez jakitun egonik ere, ahalik eta jende gehiengana iristea.

Gizon zuria izanik, feminismoaren «isileko aliatu» izatea eta «espazioa uzten» saiatzea deliberatu du Zauri Bolodiak. Zure jardunak ezinbestekoa du oholtzaren gainean azaltzea. Kontraesanik sortzen dizu horrek?

Etengabeko gatazkan sentitzen naiz ni behintzat. Etengabe bilatzen nola konspiratu neure buruaren kontra, nola bilatu zirrikituak ni neu egoera ezerosoetan jartzeko, eta probokatzeko ez soilik publikoarengan baizik eta neure buruarengan ere kontraesanak agertzea, probatzea beste gauza batzuk... eta hor sakontzea. Hor ere zauriaren eta masajearen ideia badago. Horrek kontraesana sortzen badit, zerbaitegatik sortzen dit. Hor badago zerbait interesgarria, eta hor sartu beharra dago. Batzuetan, galdera baten bitartez da, eta batzuetan ez daukat erantzunik eta ez dut eduki beharrik ere, edo ez dagokit niri erantzutea, baina zauri horiek azaleratzea bada garai honen isla ere, eta, agian, hori baino askoz gehiago ezin dut egin.

Mugimendua. Aipatzen duzu liburuan bazterretik hasi eta tarteetan kokatu zarela.

Oraindik esploratzen ari naizen zerbait da, oraindik deskubritzen ari naizena, eta, gainera, konpartitua. Justu aurten, hain zuzen ere, lehen aldiz egin ditugu antzerki tailer batzuk, Tartean dauden gorputzak izenburuarekin. Iruditzen zait badagoela alde bat zeure burua bazterrean sentitzetik tartean egotera, eta ikuspegia aldatzen dela, mugitzen dela zerbait. Beste zerbait eraikitzeko modua da muturren artean kokatua egonik zeure burua deseraikitzea. Mugitzea da. Ezerosotasunean kokatzea jarrera kreatibo ezinbestekoa da niretzat, baita bizitzan ere. Publikoari iristen zaio oholtzaren gainean dagoena zerbait jokatzen ari den edo ez. Erraza da arrakastatxoren bat lortzen duzunean, edo funtzionatzen duen formulatxoren bat topatzen duzunean, tentazioa izatea hor geratzeko, errepikatzeko; hain gaude biziraupenari lotuak, ezen tentazioa oso handia baita.

Askotxo esatea da igual, baina binarismoaren, arlo askotako binarismoaren aurkako manifestu bat ezkutatzen du liburuak?

Asko interesatzen zait binarismoaren ideia desegituratzea, baina ez dakit aurka eta manifestu hitzak erabiliko nituzkeen, orain horiek neure egitea kosta egiten baitzait. [barrez]. Batzuetan antimanifestu hitza erabili izan dugu, jolasean betiere, eta geure buruaz barre eginez, zeren manifestuen kontrako manifestuak egin izan baitditugu. Bueno, azkenean berdin dio; gakoa da jendeari zerbait mugitzen zaion ala ez binarismoen tarteetan sartzen garenean. Non jartzen gaituen horrek, eta ez bakarrik gai handietan, baizik eta eguneroko bizitzako gauza askotan.

Profesionalismoaren eta amateurismoaren artean, non zabiltza?

Guztiaren tartean, berriro ere. Etengabe sentitzen dira tentsioak zeure burua batean edo bestean kokatzeko, eta etengabe definizio horiekin talka egiten duzu. Eta, gainera, aldarrikatuz eta defendatuz, hau da, neurri batean amateurra naiz, jarraitzen dudalako era guztietako zirkuituetan lana egiten, askotan jarraitzen dudalako gauzak musutruk egiten, hala nahi dudalako, eta nire lanaren parte bat ere badelako parte hartzea bizi naizen jende artean, neuretik ere egin ahal izatea zerbait...

Baina, era berean, sorkuntza duzu lanbide.

Bai, eta beste era bateko zirkuitutara iristen gara, eta hori ere geure lanaren parte bezala aldarrikatzen dugu. Hor badago tentsio bat, behartzen zaituzte profesional bezala definitzera, eta profesional mota jakin batera, hau da, enpresa egitura mota baten arabera funtzionatzen duen kudeaketa mota batera... bestela askotan ez zaituzte hartzen profesional gisa. Gu kultur elkarte gara, eta ondorioz, ate asko itxita ditugu arte eszenikoen arloan: ezin ditugu dirulaguntzak jaso, ez gaituzte aintzat hartzen antzoki jakin batzuetan, ez bada atzeko atetik, ekimen berezi bat dela edo sari bat dela... beti egon behar gara zirrikituak bilatzen, nahiz eta guk gaitasun osoa izan halako antzokietan aritzeko. Eta euskararen ardatza hartzen baduzu, gauza bera. Automatikoki, kasu askotan, hartzen da euskarazkoa berdin amateurra, amateurra zentzu txarrean ulertuta gainera, ze amateurrak ez du zertan zentzu txarra izan.

Amateurraren ideia oso desberdina da Ipar Euskal Herrian.

Bai, niretzat Antton Lukuren lana eragin handikoa izan da, adibidez, zeinak antzerki amateurra egiten duen, baina kalitate izugarrizkoa:egiten dute antzerkia beste leku batetik, ez produktutik, baizik eta dagoen lekuan eragin bat izango duena. Eta eragin hori inportantea da, jendarte horri galdera batzuk planteatzen dizkion heinean.

Ipar Euskal Herrian antzezlan batzuk ikusi genituen garai batean, eta eragin handia izan zuen guretzat, adibidez, Fauxto-k. Ikusi genuen egin zitekeela teatro herrikoia, esperimentala, kalitatekoa... Eta jabetu ginen zer zegoen etiketa eta klasifikazio ekonomikoen atzean. Guk lortu dugu irautea gure formula propioak bilatuz, formula inperfektuak eta iragankorrak ziur aski, baina urte askoan egon gara lanean, gu eta beste talde batzuk, eta iraun dugu tentsio horretan. Tentsio horrek definitu gaitu, eta eraman gaitu beste formula batzuk probatzera: konpainia desberdinen arteko elkartasuna, sare moduan lan egitea, zirrikituak bilatzea... Eta autokritika ere egiten dugu: etiketak ez dituzte soilik besteek sortzen.

Bazterrekoa edo underground izanik ere, sor liteke estatismorako joera...

Bazterrean eta underground-ean kokatuak garai batean, igual halabeharrez, baina antzokietara iristen hasi garen heinean, konturatu gara ez dela dena zuria edo beltza. Ez dela dena underground edo instituzionala, herrikoia edo elitista eta abar, underground-ean ere ez dela dena maitasunez egiten, eta musutruk egitearen truke ez dela dena zilegi. Eta topatzen duzu instituzioetan ere jende bat, plan estrategikorik gabe ere, edo oso modu indibidualean dagoen tokitik, benetan saiatzen dena gauzak beste modu batean egiten eta guretzat askotan zirrikitu izan dira iristeko beste leku batzuetara.

Euskarazko kultur kontsumo apala adierazten duten datuen harira, mahai inguru bat egin zen oraintsu. Jarreretako bat izan zen, hain zuzen, plan estrategiko bat, itun nazional moduko bat adostu behar dela, euskarazko sorkuntzakbermerik izan dezan, babesik, hausporik. Beste joera da legez ezin dela halakorik arautu.

Gai hori gero eta gehiago azaltzen ari da, eta sintomatikoa iruditzen zait. EHAZEn ere [Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartea] egon da horren inguruko gogoeta bat: uste dut oraindik ez dela asmatu hitz zehatzekin definitzen diskurtsoa, eta oraindik ez dela behar bezala plazaratu, baina intuizioa bide horretan doa. Neronek ez daukat oraindik oso egituratua diskurtsoa eta kokapena, baina bat egiten dut itunaren ideiarekin. Normaltasun eta berdintasun faltsu baten gainean ari gara lan egiten. Erdaraz lan egiten duen askorekin egiten dut lan, eta elkarlana ere bai, nahiz eta nik aspaldi egin nuen euskara hutsez lan egiteko hautua. Haien lana ere defendatzen dut, euskaraz lan egiten ez duten askorekin beste leku batzuetan topo egiten dudalako, dramaturgia berrien inguruko borrokan, adibidez. Baina oso nabarmen ikusten dugu euskaraz lan egiten dugun momentutik ez gaudela inolaz ere baldintza berberetan. Arte eszenikoen esparrua oso erdararen neurrira egituratua dago, besteak beste, Hego Euskal Herriko eszena dagoelako Espainiar Estatuaren eredu eta irizpideen arabera muntatua. Eta ez soilik hizkuntza aldetik, baizik eta nola kudeatzen diren antzokiak eta abar. Diru laguntzetan zer lehenesten den, zer ez... Hemengo errealitatea ez da aintzat hartzen. Euskal teatroak etengabe aritu behar da ahaleginak egiten zirrikituak topatzeko; beti bazterretik eta atzeko atetik iristen gara antzokietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.