gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Non dira txistukariak?

2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ez naiz fio sekula txistu egin ez duen jendeaz; egon bai baitago halakorik, baita dutxaren azpian ere bogako kantua hortz artean txistukatzearen plazerari muzin egin dionik. Halakorik!

Auzoko arrandegira sartu naiz gaur. Ez zegoen bezerorik, ez zegoen ilararik. Arrain saltzailea legatz pieza eder bat garbitzen eta puskatan zatitzen ari zen. Hori da hori poza, esan diot. Bai, sanjoanak eta santaixabelak badatoz, herriko festak. Horregatik izango da, erantzun dit emakumeak, eta segitu egin du Egun da santimamiƱa txistukatuz.

Txistukatzea pozaren agerpen fisikoa da, gorputzaren erreakzio alegrantziazkoa. Txistukatzeak naturarekin harreman hurbilagokoan jartzen gaitu; pertsonak beti imitatu nahi izan du txoriaren kantua, eta komunikazio tresna moduan ere erabili izan du hainbat lekutan; Kanaria uharteetako Gomeran edo Turkiako Kuskoy herrian. Txistukatzea poza da, eta elkar hartzea. Eta galtzen ari da.

Txistua naturaren eta musikaren arteko interludioa da, batetik besterako bidaia, eta pozaz nahiz elkar-hartzeaz gain, boterearen aurkako jarduera ere ispila dezake. David Leanen The Bridge on the River Kwai filmean preso direnek txistu kolektiboa egiten dute, protesta gisara, txistu ibilketaria. Henry Ford produkzio kate modernoaren sortzaileak azkar batean debekatu omen zien bere langileei txistuegitea, distrakziorako bide zelakoan. Erresuma Batuan geroz eta gehiago dira txistu egitea debekatzen duten konpainiak.

Txistua meatzarien biziraupen kantua da, artzainena, arrantzale eta postariena, mezulariena... eta kontrakoa eman dezakeen arren, baita kazetariena ere. Nire belarriekin entzuna naiz BERRIAko erredakzioan txistukatzen zutenak; emakumezkoa horietan konstanteena. Esan ohi baita emakumezkoek gutxiago txistukatzen dutela; baina nago ez dela egia, publikoan eta publikoki txistukatu izan dutela gutxiago. Gure auzoko arrain saltzailea, horra!

Edonola ere, geroz eta gutxiago txistukatzen da. Eta horrek esaten du zerbait gure gizarteaz, espazio irekiekin eta naturarekin dugun harremanaz, lan produktiboa egiten dugunean darabilgun presa-troteaz, bizipozaren galeraz... Ez, ez naiz fio inoiz txistukatu ez duen jendeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.