gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Kritika (eta III): Balkoipera jaitsiz

2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun

Konturatzerako neroni jarri bainaiz seigarren solairuko balkoi-pulpitutik abstrakzio sermoietan, jaitsi nadin Rosaeneara, nahiz eta bera aspaldian ez den ageri, ziatikak jota. Hori da kritika molde gehienetan faltan sumatzen dudana, herri eta auzoetako Rosaeneaetara jaistea. Rosa ez dago, baina gaur musika aparailuan Amy Winehouse ari da. Eta gogora etorri zait Iratxe Retolazak Sakoneta saioan kritikaz esandako hura; gutxi-asko orain ez zaiola hain interesgarria egiten norbanako batek kritikoaren posiziotik egindako jarduna, gehiago estimatzen duela taldetasunean eraikitako kritika; ulertzen dudanaren arabera, irakurle talde batean edo zineklub bateko foro batean sor litekeen (eta litekeen diot, zeren gero sarri agertzen baitira halakoetan ere hierarkiak eta botere zein lotsak) kritika sare moduko bat. Baditu zailtasunak molde horrek ere noski, formal-pragmatikoak, estilistikoak zein efizientziari dagozkionak; esaterako, egunkari edo aldizkari batez ari bagara, txandan-txandan ehundutako kritika kolektiboa osatu nahian, hiru minutuko pop pieza eraginkorra bihur liteke sinfonia amaiezin bat ere; eta, badakigu, gaur gaurko denborek ez dute ia baimentzen arnas luzeko olgeta piezarik.

Edonola ere, halako formulak saiatzearen alde, dudaren izpirik gabe. Nago, kritika marxista materialistak, kulturalistak eta ziur aski feminismotik eratortzen den komunitaristagoak zedarritzen duten espazio horretan —irudika dezagun triangelu bat— sor litezkeela dialektika eta talka interesgarrienak, eta energia berri horrek aldeetakoren bat apurtu ere bai, leihate berriak zabalduz eta estetika nahiz eduki irudimentsuko ekarpenak eginez.

Gainontzean, iruditzen zait, oraintsu gertatu den moduan, alde batetik ez bada bestetik eskapo egingo digutela, Chill Mafia fenomenoaz harago, Iruñea eta inguruetan gertatzen ari den musika eta kultur mugimenduaren tankerakoek, handik ez bada hemendik herren egingo dugula gisakoak aztertzean.

Rosaeneatik irtetean Billie Holiday; egunero kafea hartzera datorren postaria doinua txistukatuz atera da, ogia besapean duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.