BI AHOTSETARA

Errepidean

2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Udan jairik jai, kontzertuen peskizan kilometro asko egindakoa naiz. Musikaren aitzakiagatik ez balitz, ezagutuko ez nituzkeen txoko askotara iritsi naiz. Horrelakoetan, autoan musika ez da inoiz falta izaten, eta gustuko diskoez inguraturik, bidea helmuga baino atseginago bilakatzen da. Paisaiak musikaren aldartearen arabera aldatuko balira legez, bat egiten dute uhinen erritmoarekin, eta nire sentimenduak, izar-ihintza balira bezala, azalera ateratzen dira egun sargoriei freskotasun lasaigarria eskainiz. Musika airean dabilen lore sorta da horrelakoetan.

Eta loreak kolorea dira, itxaropena; lorerik gabeko mundu bat irudikatu al dezakezu? Erdibitzen gaituen edertasun tximista da musika, gure bihotzak loratuz. Horrelakoetan autoa ekaitzaren erdigunera doan euri tanta da, besteekin elkartuz udako asfalto lehorra hezetzeko prest. Lagunekin joanez gero, gainera, abesti gustukoenak hondatu daitezke elkarrekin irribarreak elkarbanatuz.

Mcenroe taldearen La distancia izan da udan autoan gehien entzun dudan diskoa. Lasaitasunezko urmaelak dira bertan abestiak, sosegurako leku seguruak. Musika min ematen digun horretatik babesteko aterpea ere badela gogorarazten digu diskoak, aldarrikatuz soilik «txikiak» axola duela, «angelu inperfektuek».

Ingurua beste begi batzuekin begiratzeko balio du horrelakoetan musikak, eta etxetik ateratzean irrikaz desiratzen zenuen helmugara iristeko bidea motzegia iruditzea lortzen du. Helmuga partekatzen duguna baita askotan, barrez egindako kilometroak, desafinatutako abestiak. Beraz, tentazioak berehala azaltzen dira: «Oraindik ordubete falta da kontzertua hasteko, eta jada hurbil gaude; zergatik ez dugu bide luzeago hau hartzen?».

Noizean behin tentazioetan erortzea ezinbestekoa da udak eskaintzen duen askatasunaz gozatu eta benetan axola duena egunero dugula eskura ohartzeko, baita datorren neguko egunik grisenetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.