BI AHOTSETARA

Autofagia

2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Bilatzailean musika hitza jartzerakoan lehenengo iradokizunean musika doan azaltzen da. Joan den ostiralean, ekainaren 21ean, Musikaren Eguna izan zen. Gurean, Baiona bezalako hiriak musikaz janzten dira. Festa horien helburua, batetik, musikari afizionatuei kalean jotzeko aukera ematea omen da, eta, bestetik, publikoak estilo ezberdinetako talde eta bakarlariez doan gozatzea.

Doan. Baiona jendetzaz bete ohi da doan denean musika, ezin jakin musikazalez. Kaleko edozein txokotan aurki daitezke kontzertuak egun horretan. Doan. Musikaren Egunean, boluntarioki eta musu truk erabakitzen omen du sortzaileak kalean jotzea. Debalde. Alabaina, beste modurik gelditzen al zaio? Egun batez doan. Eta hurrengo batez ere bai. Doan maizegi. Entzuleak ez baitu ordaindu nahi musikagatik Googlek dioenez. Batzuek argudiatuko dute musika manifestazio popular bat dela, eta nahi duen ororen eskura egon behar lukeela.

Ziur hasiera batean behintzat ados zaudela baieztapen horrekin, baina guztion eskura egotea-k eta doan-ek sinonimoak izan beharko al lukete? Oro har, gero eta normalizatuagoa dugu 10 euro ordaintzea Netflixi telesail eta filmak ikustearen truke; oraindik, ordea, kontzertu edo disko batengatik 10 euro ordaindu behar ditugula ulertzea zail egiten zaigu. Alta, norbaitek irudikatzen al du bizitza musikarik gabe? Prest egongo al ginateke musikak eskaintzen dizkigun emozioak alde batera uzteko? Gure haragi propioari hozka egiteko?

Musikariek boluntarioki aukera dezaten doan jo ala ez, entzuleok boluntarioki ordaindu behar dugu gustatzen zaigun hori. Halere, jarraitu dezakegu musika doan entzuten. Batak ez du bestea kentzen. Zenbat erositako disko ote ditudan apaletan, ezagutu ere ez nituzkeenak egingo, aurretik debalde ez banitu entzun! Musutruk entzuten den guztia ez baita maitatzen; hori ez da arazoa. Arazoa maitatzen den guztiari merezi duen balioa ez ematean datza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.