BI AHOTSETARA

Flamenkoa (eta II): sua

gorka erostarbe leunda
2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Trenean iristen nintzen Andoainera. Egun dagoen leku berean zegoen lantokia, geltokitik berehalaxe. Geltokiaren eta lantokiaren tartean, errepidearen albo-aboan, Txitxarrain baserria, eta bertoko amona sarri etxe parean eserita, edo baratzean, lanean pauso txikian. Gustatzen zitzaidan egunoroko postal hori, joanekoan. Itzulera ere trenean egiten nuen; bederatzi bat ordu beranduago, eta sarri denboratxoa egin behar etxeratuko ninduen trenaren zain: ai, baina, itxaroteak hainbesteko ernegurik sortzen ez zigun garai haiek!: itxaronaldiak ekar zezakeen asperdura, are gogaitzea, baina ekar zezaken ezusteko ederrik ere, bizi eta soinu taupada moldean.

Ijito komunitate bat bizi zen geltokiaren atzealdean; ez nituen goizez ikusten. Saguxarren gisara ateratzen ziren gauean; udaberritik aitzina pizten zuten sua, biltzen ziren haren ondoan, helduenek kantatu eta palmeoak egiten zituzten... txikienek suaren jiran jolastu, jauzi, dantza... Eta neu urrun samarretik begira hasieran, herabe, voyeur lotsati baina kuxkuxero; su eta doinu haiek limurtuta, pixkana hurbilduz joan nintzen, harik eta gau udatiar batean neskato bat hurbildu eta ozen gaztigatu zidan artean: «Payo, lasai, etorri eta kantatu...». Gainerakoak ez ziren ohartu. Neu ez nintzen gehiago hurbildu. Baina egunero ez bazen ere, sarri-sarri, etxeratuko ninduen trenaren zain, begi-belarriak erne jartzen nituen, suaren inguruan elkartzen ziren haiei begira, haien kantu, irri, aiene eta dantzei adi.

2001 ingurua izango zen; ordurako musikak bizi ninduen, idatzi ere idazten nuen musikaz. Egunkaria-ren Munduko Musikak bildumako flamenkoaren zenbakiak egina zidan atzimur: geltokiko kantu haietako batean, hain zuzen ere, Remedios Amayaren «ay tus labios pa mí, turú-turai...» entzun uste izan nuen, baita Camaronen pare bat ere.

Geltoki atzealde horretan bizi izandakoak musikaren beste dimentsio bat erakutsi zidalakoan naiz; ordura arte, umetan ez bazen, erreparatu gabekoa; disko, kontzertu, aldizkari, metaerreferentzia eta abar kontsumofiliko luze horretatik kanpokoa, lurtarrago bat, geltoki zaharretako suak ekarria-edo.

Sua piztu, aulkiak jarri, bildu eta kantatu. Hori ere izan da flamenkoa niretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.