BI AHOTSETARA

Nostalgia

2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Batzuetan iruditzen zait zenbat eta musika gehiago gustatu orduan eta gutxiago gustatzen zaidala musika. Ez da aho-korapilo bat, izatekotan barne korapilo bat da, egunen batean musikarekin gozatzeari utziko diodala uste duen beldur itogarria. Askotan zail egiten baitzait musika berria entzutean zerbait benetan hunkitzen nauena aurkitzea. Baina nire melomaniaren errua al da guztiz?

Zeren ni oraindik ere hunkitzen uzteko prest nago. Urrutira joan gabe, irribarretxo bat atera zait Pixies disko berria prestatzen ari dela irakurri dudanean. Hamahiru urte daramatzat, lehenengo egunean bezain itxaropentsu, Tool taldearen lan berria itxaroten, eta noski, izugarrizko tristura sortu dit Berri Txarrak-en agurrak, nire bizitzako soinu banda izan baita. Baina zein puntutaraino lirateke berri onak albiste hauek? Nostalgia pasatutako garaien inbidia baita, eta ni, behintzat, apur bat nazkatuta nago atzera begira egoteaz.

Badirudi, ordea, komunikabide gehienak nostalgiarekin lardaskan dabiltzala. Azkenaldian, talde berriei buruzko albisteak baino, bueltan diren talde mitikoen nobedade gehiago jasotzen ditudan sentsazioa dut. Agian ez da melomanook musika gehiegi entzutearen ondorioz zailagoa izatea gu txunditzea, baizik eta nekeza suertatzea talde berrien proposamenak ezagutzea beraiei buruz zabaltzen den informazio urriagatik. Badirudi talde mitiko horiek betiere izango direla gure artean, talde berriak mitiko bihurtzeko aukerarik gabe utziz.

Beharbada iragana idealizatzeari utzi beharko genioke. Maiz kontrakoa dirudien arren, detektibe lan sakonak eginez, oraindik ere hamaika proposamen interesgarri aurkitu baitaitezke belaunaldi berrietan ere. Egun zerbait apurtzailea asmatzea ia ezinezkoa bada ere,horrek ez du esan nahi kalitateak behera egin duenik.

Musikaren helburu nagusia komunikatzea eta hunkitzea baita, ez originala izatea. Ez dezala iraganak etorkizuna ikusezin bihurtu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.