BI AHOTSETARA

Inori axola ez zaionaz

2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Abesti batek konpondu ezin ditzakeenak gauza gutxi egongo direla iruditzen zaio, berak ez ditu ezagutzen. Bai, ordea, konpondu ditzakeen asko: triste sentitzen denean, edota urduri, lo ezinak jota; norbait faltan sumatzen duenean, edota lanpetuaren lanpetuz gainezka egin beharrean dagoenean; deprimitu egiten da. Momentu horietan pentsatzen du erotzetik salbu dagoela egunero musika entzuteko tartetxoren bat duen bitartean.

Idazteak ere lasaitzen du, baina aspaldion hitzek ihes egiten diote, pantaila zuria gero eta aratzagoa iruditzen zaio, eta hitzak zuritasun eder hori zikintzeko beldur dira. Gero eta zailagoa egiten zaio maite duen musikari buruz mintzatzea. Dena den, nork baloratzen du hori? Abesti batzuk norberarentzat duten esanahia norbaiti azaltzea denbora alferrik galtzea da. Zertarako balio du esatea amaz oroitzen denean Nick Caveren disko beltzaz akordatzen dela, eta entzuten duen bakoitzean miragarriki zoragarria iruditzen zaiola minetik horrelako disko ederra erditu izana. Musika bidez tristura lasaigarri zaio, pozgarri nolabait. Edota, batzuetan, orain hain modan dagoen nostalgiaz kutsaturik, nerabezaroko taldeak entzuten dituela partekatu nahiko luke, baina nori axola zaio hori azken nobedade efimeroak garrantzitsuagoak diren gizarte honetan? Nork jakin nahiko luke oraindik zenbat gozatzen duen Toxicity diskoarekin, edo zein freskoa iruditzen zaion Incubusen diskografia, Sick Sad Little World-eko soloa entzuten duen bitartean? Lisabö lehenengoz entzuten jarri zeneko hori agian norbaiti axolako zaio? Nola irundarren bidez Anariz ere maitemindu zen. Bere bizitza musika bidez azaldu dezake. Norbait ezagutzen duenean bere playlist-a eskatu nahiko lioke, edota bere etxeko apalategiak arakatu. Haatik, nori axola zaio hori, egun abestiak Instagrameko publikazio hutsalak apaintzeko filtro bat gehiago baino ez direnean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.