gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Barkatuko didazue

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Barkatuko didazue gaur etxe barruko zokondora sartu eta, beheko suaren faltan, mantapearen gozotan entzuten badut entzun beharrekoa. Barkatuko didazue leihotik begira jarri eta arrats ilunkeraren esne mamitan kulunkatzen banaiz, entzuten dudan hori zergatik entzuten dudan pentsatzen ez badut; barkatuko didazue, plazera sortzen didan musika horrek asmo eraldatzailerik duen, burges txikiaren gustu errefinduari erantzuten dion, masa populuaren ardikeriaren mendekoa den, edo esnob esperimentalaren bereizkeriak gidatzen duen pentsatzen ez badut. Barkatuko didazue, baina gaur ez da horretarako gogo, trenpu eta tenplerik. Gaur negua ari du; herriko kiroldegian hamar urteko haurrak entzun ditut viva espaƱa-ka aldageletan eta erreinu sakrosantuaren himnoa kantatuz, bozgoran, dutxatan. Beti ez dago zertan pentsatu, gogoetatu, gaurko mundualdiak zein musika eta zein su behar dituen, nahiz eta musika zein su berri baten beharrak agerikoak izan.

Gaur negua ari du leihoz bestaldean. Hotz da kanpoan, eta itxarongo ahal dute gogoeta burutsu ustekoek, itxarongo ahal dute suzko musika eta asmo iraultzaileek, gorputza ez baita egoten beti gudu zelaietarako. Eta ondo dakigu honezkero, gorputzak ere behar izaten dituela bere su-etenak, bere fereka eta masajeak. Barkatuko didazue, baina gaur Saioa entzuteko eguraldi, egurats eta gogohatsak egiten ditu. Leun, emeki, egin du berriro agerpena, aurreko aldietan bezala, gero desagertu egiten den bezain leun, eta emeki. Eta berragertu da tempo ertainetan bainoago geldoetan, pareko leiho horretan euri tantak erortzen diren tempo bereko doinuetan, Micah P. Hinsonen Beneath the Rose-eko karakolen erritmo pausatu sentiberan. Ahots biluzi eta dardartiz, efektuez hustuta, ate, bizimin, eta gauen xerka.

Barkatuko didazue, gaur negua ari du hor kanpoan; munstro bat sumatzen da; Duten Inkisidoreen dantza iluna inoiz baino indartsuago dator, eta barrurako giroa egiten du; nor bere oskolean biribildu eta Saioaren musika entzuteko geldo giroa dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.