gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Udako sehaska kanta

2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Dena ez baita kafetegia, Urolan behera egin dugu bixkiek eta hirurok, ia egunak argitu orduko. Beste behin. Hiru kantu darabilzkit, batez ere, txikiekin pasieran. Probak eta probak egin ondoren, garbi atera dut ondorio bat. Hiru zaizkiela bereziki gustukoak, aski desberdinak hirurak ere. Auskalo zergatik hiru horiek. Imanol Urbietaren Ran Rober Ranhit agorrezina da bata; Mikel Laboaren Hegazti errariak itxuraz batere haurrentzakoa ez dena bestea; eta sehaska kantu doinu eder bat kuttunena. Doinua ezaguna da; Stanley Donenen Seven Brides for Seven Brothers western musikaleko Lonesome Polecat kantuarena. Hitzek sortu didate beti misterioa eta jakin-mina, ordea. Ez filmeko kantuarenak, neuk ezagututako euskarazko bertsioarenak baizik. Osaba zenak abesten zuen familia juntadizoetan, eta filmeko letratik urrunduta, honako hau kantatzen zuen boz ezin ederragoz: «Entzuten neuanian, mendi tontorrian otsua jokuka, neure gogua zan etxera joatea, lehenbailehen laisterka, neure amatxoren ondora. Uuuuu uuuu uuu...». Inoiz ez dut jakin nondik ateratakoa den sehaska letra zoragarri hori.

Edonola den, Izazpipeko erreka zoko honetan kantatzean, txikiek irribarre gozoz lo hartzen dute ohikoenean. Igaro dugu udako solstizioa, su garretan erre ditugu birusak ernaturiko armiarma beltzak, eta kulunka goxoan goaz etxerantz, bihurguneez ohartzeke, baina oharturik uda bera sehaska kantu bat izatea gauza ederra dela, murmurio digitaletik aldenduta, errekaren xuxurla bozkariora arrimatzea gauza substantziala dela. Bozgorailuetako bolumena jaitsi, eta behar izanez gero pause-ri ematea. Eta jabetzea, akaso, horretan egon litekeela musikaren mamia, musikaren egia; guztiok, mainstream zein alternatiboagoek, komunitarista zein heterodoxoek, elikaturiko distrakzioaren espektakulutik urrun. Jarri sehaska kantu bat zure udan. Izan liteke lelo ez hain lelo bat.

Errekaren jario erritmora dantzatuko dut uda, eta saiatuko naiz ikertzen nondik datorren «entzuten neuanian mendi tontorrean...» xuxurla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.