Lide Hernando.
BI AHOTSETARA

Zertaz ari garen

2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean, egin zuen zeharkako galdera Raymond Carver idazleak Mel izeneko pertsonaiaren bidez izen bereko obran. Hainbat ipuinez osatutako bilduma zen hura, eta guztiek maitasuna zuten ardatz; kontzeptu hori 1980ko hamarkadan, postmodernitatearen ateetan, erdi klaseko estatubatuarren bizitzetan hartzen ari zen esanahia arakatu asmoz.

Carverrek ez zuen ipuin sorta horretan behin betiko erantzunik eman asmorik. Erradiografia bat egitea; hori zen bere asmo bakarra. Nik, guztia nire arlora ekartzeko dudan apetari eutsiz, betidanik jakin nahi izan dut zertaz ari garen, zehazki, euskal musikaz ari garenean. Baina galdera horrek, espero nuen bezala, ez dit inoiz erantzun zehatzik ekarri.

Burura datorkidan lehen erantzuna euskaraz egindako musika litzateke. Baina egia da, batetik, euskal rock erradikala bezalako adibideak hartzen baditugu, gutxik esango luketela hori euskal musika ez zenik, nahiz eta gehienek gazteleraz abestu; eta, bestetik, disko edota abesti berean hainbat hizkuntza nahastearen tendentzia hain dagoela errotuta gaur egungo gizartean, ezen %100ean euskaraz abesten duten horiek soilik hartuko bagenitu, ez baikenuke euskal musikaren panoramaren erradiografia sasi-ortodoxoa besterik egingo.

Datozkidan hurrengoak ez dira erantzunak, galdera gehiago baizik. Adibidez: euskal musikak zein soinu du? Txalaparta eta trikitia tradizio diren herri honetan, zer behar luke euskal musikak, hori ez bada, euskal musika izateko?

Edo beste bat: nork jotzen du euskal musika? Izaera konkretu bat al du, ala guztiz heterogeneoa da? Maila sozial, kultural edota linguistiko berekoak al dira euskal musikariak?

Eta azken bat: zer kontatzen du euskal musikak, zeri kantatzen dio?

Askotan pentsatzen dut norbaitek kanpotik edo gure garaitik at egin beharko lukeela erradiografia hori; soilik errealitatea ezagutzen ez duen batek, bere ezjakintasunaren leihotik, egin lezakeelako objektibotasun batera hurbil litekeen gerturatze hori.

Bitartean, ordea, Galder Izagirrek eta Fokuk Bidegurutzean telebista saioa ondu dute 2020an zehar, euskal musikaren panoramak egun zein ezaugarri dituen analizatzeko. Baliteke hori ikusiz erantzunen bat topatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.